Maiatzari so?

2011ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Aspaldi, irakurle maitea, Hego Euskal Herriko jendea maiatzari so bizi dela dirudi. Izan ere, jada udazkenean nabarmena zen joera areagotu da urtarrilean. Zergatik? Maiatzean hauteskundeak izanen direlakotz, eta horrek, antza, gauza oro baldintzatzen du, bai krisialdi sozioekonomikoa bai euskararen nondik norakoa ere.

Tartean, edozein hauteskundetan bezala, inkestak argitaratzen dituzte, eta guztiek diote PP alderdiak aise irabaziko duela espainiar estatuan, eskuratuko duen garaipenaren arrazoia PSOE alderdiaren hondamendia izanen delarik. Hau da, PP igoko bada ere, PSOEko boto-emaile anitz etxean geratuko ei dira, ohiko deiei muzin eginez.

Inkesten arabera aipatu berri dudan aldaketa itzela gertatuko da, eta hauteskundearen aurretik geratzen zaizkigun ehun egunetan jokoan dagoena aldaketa horren neurria da: ea PSOEk dena edo ia dena galduko duen, alegia.

Espainiar estatua, haatik, ez da homogeneoa. Horrela, eremurik handienean inkesta horien emaitza beteko bada ere, PP goiti eta PSOE beheiti, bertze hainbat tokitan zailagoa da asmatzea. Aurreko katalan hauteskundean, baina, badugu lorratz, pista bat: ezkertiarren porrota. Eta gauzak gehiago korapilatzen dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian.

Ni Iruñeaz eta Nafarroa Garaiaz arituko naiz, hori baita gehien ezagutzen dudana, eta harriturik nago, txunditurik, adierazten ari diren astakeriez...

Alde batetik, UPN eta PP banandu ziren. Horrek erran nahi du UPN jaitsiko dela, milaka lagun PPrekin ari direlakotz. Baina hemen, horren ondorioz bai PSOE bai NaBaitik zabaltzen ari dena da lehenak izaten ahal direla, UPN bigarren edo hirugarren bihurtuz. Ergelkeria handiagorik...

Batetik, PSOE espainiar estatu osoan jaitsiko da. Eta PSOEk biziki igo beharko luke UPNri lehen tokia kentzekotz!

Bertzetik, NaBai dexente murriztu da hondar urteotan, gero eta tikiagoa da, eta bakarrik ezker abertzalearen sarrerak berrindartuko luke, bera sartzean EAJ eta bertze aterako ez balira, jakina... Eta, zalantza izpirik ez izan, EAJ eta bertze aterako lirateke. Laburbilduz, NaBaik ez du izanen lehen lortu zuena, gutiago baizik.

Nor igoko? PP nabarmen, eta IU pixka bat.

Edonola ere, «barregarriena» Iruñean dugu. Udala honela dago osaturik: UPNk 13, NaBaik 8, PSOEk 4, Ezker Abertzaleak 2. Bada, NaBai eta PSOEk uste dute igoko direla, UPN jaitsiko dela... Errealitatea, haatik, burugogorra da.

Alde batetik, maiatzean ez dira lau talde izanen udaletxean, sei baizik. Hau da, IU eta PP sartuko dira. Eta horiek, adibidez, lau zinegotzi lortuko balituzte, nork galduko lituzke lau horiek? Kontuan hartu behar dugu aurreko hauteskundean PSOE nahiz Ezker Abertzalearen emaitzak historian txarrenak izan zirela. Hots, ai NaBai...

Badakizu, irakurle laztana, argitaratu ez den inkesta serio bat egin dela? Niri txoritxo batek luzatu dizkit datu hauek urtarrilean bertan, hain zuzen ere hauteskunderako ehun egun falta direnean: UPNk 11, NaBaik 5, PSOEk 3, PPk 3, Ezker Abertzaleak 3, IUk 2. Hots, historian lehen aldiz, UPN-PPk gehiengo absolutua (14). Eta bertze inkesta bat da airean, Ezker Abertzalea gabe: UPNk 11/12, NaBaik 6/7,PSOEk 3/4, PPk 3/4, IUk 1/3.

Une batez irudikatu zer-nolako egoera ukanen duen euskarak honelako zerbait gertatuz gero: UPNk 12, NaBaik 6, PSOEk 4, PPk 4, IUk 1...

Hori gerta daiteke? Bai, azalpena erraza da, eta jarraian eskainiko dut.

Iruñeaz bi hitz. Euskal hiriburuak pairatzen duen gizarte aldaketa artifiziala handi-handia da, eta abiadura bizian gertatzen ari zaio. Kanpotar kopurua biderkatzen ari da, bai txiro bai aberats, bertakoen jaiotze-tasa tikia baino tikiagoa delarik, eta hemengoen artean ere kultur metamorfosia bizkorra da, «British» eredua goiti, D eredua beheiti. Iruñea hamarkada batzuk barru ingelesa lehenetsiko duen kolonia neoliberal diruduna izanen dela aspaldi erabaki zuten, eta etorkizun hori urratsez urrats eraikitzen ari dira, arrakasta azpimagarriaz.

Nafarroa Garaiaz bertze bi hitz. Gure mundua goitik aldatu dute eta balizko euskal, ezkertiar politikaria profesionalak ez dira ohartu. Edota Tijuana in Blue taldeak zioenez, «al menos a leer les podían enseñar». Izan ere, demografikoki, soziokulturalki, PP eta PSOE dira botoetan igo daitezkeen bakarrak, eta PSOE hain larri dabilenez, UPNk neurri handi batean eutsi eta PP indarrez agertzea dugu egia.

Datu batzuk gertatzen ari denaz jabetzekotz, izen administratiboei loturik, nagusiki gipuzkoarra den irakurleak hobeki uler dezan. 1975-2010 arteko biztanleriaren bilakaera: Altsasuk 7.500-7.600, baina Corellak 6.000-8.000, Cintruenigok 4.700-7.700 eta Peraltak 4.100-6.000.

1975-2010ean Etxarrik 2.300-2.400, Olatzagutiak 2.000-1.700, Leitzak 3.000-2.900 eta Lesakak 2.800, baina San Adrianek 4.200-6.300, Azagrak 3.000-3.800, Funesek 1.800-2.400 eta Murchantek 2.600-3.700.

Sakanak 20.000 biztanle inguru zituen eta ditu; Tuterak 23.000 zuen, egun 35.000! Baztan osoan bizi direnak egun Corella edo Cintruenigon sartzen ahal dira!

Era berean, lehen Tafalla, Lizarra eta Zangoza hiru hiri historiko garrantzitsu ziren. Bada, 1975ean 27.000 biztanle zituzten, eta 2010ean 30.000: Ez dituzte garatu. Tutera inguruak, berriz, 62.000 biztanle zituen, eta egun 83.000!

Hitz batez, 1981eko erroldan 507.000 biztanle ziren eta 2010ekoan 637.000, baina hazkundea ez da toki guztietan gertatu. Berriz, eremu euskaldunetan edota euskara «berreskuratzen» ari ziren alderdietan ez dago populazio hazkunderik, hiriburuko eskualdean finkatu kanpotarrak salbu, horiek ere euskal mundutik kanpo, eta, beraz, ondorio ezin garbiagoz, demografikoki aipatzen ahal dugun igoera, ehun mila lagun baino gehiago, mundu erdaldunenetan jazo da, hots, hazkundearen %95 gauzatu da nagusiki UPN-PP eta PSOE (ez PSN) bozkatzen ahal dutenen artean.

Horregatik, apika, ez da harrigarria ezkutuan dabilen bertze inkesta bat. Egun, bertoko legebiltzarrean, UPNk 22 du, NaBaik 12, PSOEk 12, CDNk 2, IUk 2. Inkestaren arabera, berriz, UPNk 20/24 luke, NaBaik 8/10, PSOEk 8/10, PPk 5/7, IUk 3/5. Hau da, hemen ere, Iruñean bezala, UPN-PPk gehiengo absolutua (25) lehen aldiz...

Hortaz, maiatzari so ibili beharrean, datorrenaren zain egon ordez, politikeriak aparte, hobe genuke euskaldunok euskaldun gisa biziko bagina, adibidez Nafarroa Garaian euskal irakaskuntza eta gure BERRIA maitagarria bultzatuz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.