Mairuen istorioak

2011ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Gure eztabaiden errota mugitzen duen urak, batzutan, berau nahasten duen orbela ekartzen du. Beste batzuetan, kolore eta usaina damaten lore freskoak. Gure nazio proiektuaren formulazioan historiaren, memoria historikoaren eta, oro har, ondarearen garrantziaz eztabaida luzea darabilgu. Litekeena da liskar hau antzinatik etortzea, eta Sabino Arana zein Arturo Campionen tesi kontrajarrietan (ordurako) planteatuak izatea. Baina, hala izan ala ez, desadostasun honek jarrera, argumentazio eta protagonista berriekin bizirik dirau.

Etorkizuna asmatzeko iragana bazter uzteko apustua dutenak batetik, eta historiak eskubiderik ematen ez duela eta ezeren funtsa ez dela diotenak bestetik, ondare historikoaren mespretxua jo eta su ari da. Garenaren, gertatu denaren, jaso dugunaren kontzientziari eta gure gizataldea entitate historiko gisa ulertzeari balioa kentzen dion pentsakera bat indar hartzen ari da.

Pentsatzeko modu hori suizida dela iruditzen zait, erabat okerra, izan ere, biziraute —beti erlatiboa— historikoaren ikuspegi faltak gure etorkizuneko proiektua eta jarraikortasun asmoak debaluatzen baititu, alegia, bizitzekoak. Independentziazkoak. Nazio kontzientzia ez da bakarrik historiarekin elikatzen, jakina, baina ez dago nazio subjektibitaterik, ez dago subjektu errepresentaziorik, historiarik gabe.

Joseba Sarrionandia idazleak bere azken liburuan (Moroak gara behelaino artean?), interesgarria eta egokia iruditzen zaidan gogoeta saila egin du. Alor ezberdinetatik, etika, politika, filosofia edo sen onetik beretik, Walter Benjaminen edo Hanna Arendten zitekin, Sarrik giltzarri positibo eta argi batzuk iradokitzen dizkigu.

«Iragana ez dago giltzapean zarratuta». Hala da, historiarenganako mespretxu tesi horiek sustatzen dituztenentzat, Fukuyamaren tesia bete dela eta iragana gure denborako Nostradamusek okurrentzia bota zuenean bukatu zela esan genezake. Historia itxirik, oraina sortu eta garen errealitatera iristen diren egoerak ez dira ari. Ez dago klasearteko borrokarik —historiaren motor, hori da kasualitatea, Marxen arabera— eta euskal gizarte zanpatu hau presionatzen duten konkista prozesuak, bortizkeria, dominazioa, akulturazioa, etab. joandako ura dira. Hala ere, Sarrirekin bat nator iraganak oraindik ere badirauela horretan guztian.

Beste esaera batek dio: «Oraina historiaz eta bidegabekeriaz beterik dago». Hori baita kontua. Ez dugu historiara jotzen snobismoagatik, pedanteriagatik edo malenkoniagatik. Ez da pose erasan bat, ezta alienatuen edo frikien despistea ere. Kalamitate eta porroten historia hori lagun dugun orainan dago. Boterearen mikrofisikan edo gure gizartearen erraiak osatzen dituzten erakunde diziplinarioen analisian deskribatzen du Foucaultek. Historiarekiko (hitzenetik armenetara) begiradarik ezean ez dago bahitzen gaituen boterearen ulermenik.

Baina etikaren eta politikaren ikuspegi batetik ere egokia da begirada hori. Sarrik dioen bezala, menperatuentzat historia beharrezkoa da dominazioa naturala ez dela jakin dezaten, Rousseauk esaten zuen gisaz, dominazioa soziala eta historikoa dela ulertzeko. Alegia, sustraiak dituela, sorburua duela, errudunak, ardurak. Eta beste dimentsio berankorrago batean, bazter utzi ez daitezkeen ondorioak ditu.

Iragana lausoa eta anbiguoa da, geroa ez dago idatzita, baina oraina historiaz eta etorkizunez betetzea proposatzen du Benjaminek. Historia ezagutuz jakiten da bizi diren egoerak ez direla salbuespen edo ohiz kanpokoak. Ez dira ustekabekoak, zorigaitzaren emaitza; ez dira saihestezinak, zoritxarra edo lurrikara tokatu izan balitzaigu bezala, eta ez dago etsitzea baino. Nafarroa ez zen konkistatua izan 1512an ordua ailegatu zitzaiolako (bertako idazle batek iradokitzen zuen moduan), edo bere gortea zatitua egon zitekeelako, indargabe edo korrupzioak janda, baizik eta alboan espainiar inperio sortu berria zuelako, garai berean Granada, Napoli, Flandes... beretu baitzituen, eta Amerikako konkista hasi baitzuen gose genozidaz. Eta euskal erresuma menperatzeko nahia gaztelarren planetan aspaldidanik zegoen; 1054an hasita, 1076an, 1177an, 1200an, 1462an...

Honetatik dator Sarriren gogoeta, hain agerikoa eta zentzuz betea, eta gaiarekin interesa dugunok aski ondo ezagutzen duguna: «Diktadura ororen lehen pausua memoria historikoa ezabatzea da». Noski; doilorkeriaren, bidegabekeriaren eta kriminalitatearenmemoria da legezko ez den boterearen egoera guztien sakonean dagoena.

Baina baita eremu praktikoaren logika sinpleagatik ere. Benjaminek azaltzen duen bezala, garaituen porrot militarraren ondotik, bigarren bataila —estrategikoa— memoriarena da. Bataila hau itxita, bortizkeriaren eta porrotaren oroimena galduta, dominazioa itzulezina da. Inposizioa ez baita gogoratzen honezkero; subjektua bera ez baita bere buruaz oroitzen, ez du bere burua aitortzen, eta hartara, subjektu izateari uzten dio.

«Nolabaiteko progresismo batzuek, historiari kendu eta etorkizunari eman nahi diote garrantzia (...) Baina Walter Benjaminek, 'historia' konzeptuari buruzko tesian, borroken sustraia eta indarra iraganetik datozela zioen».

Kontuan hartzeko beste klabea da hau ere. Gai hauetan inplikatu denak badaki indar bateratze oro prozesua dela. Ibilbide luzeko lana. Eta, kontrara, matxinada puntualek sustrai ezkutuak dituzte, sakonak, ernamuindu eta ordua sorrarazten doazenak; edo bestela, asaldura galkor sinpleetan gelditzen dira.

Sarri ez da musez edo hausnarketa orokorrez ari. Gure lurraz ari da. «Euskaldunek eta berbereek mundu guziaren historia dute errekuperatzeko, ez Nabarrako erresumaren edo almorabideen handikerien partea».

Eta ez ditu kontu hauek mistizismotik edo ikuspegi mitiko batetik goraipatzen. «Historia hondakin pila bat da. Perla batzuk baizik ezin dira atera zabortegitik (...) oraina betetzeko eta etorkizunari zentzua emateko». Hitz batez, «Derrotatuek historiaz bete behar dute orainaldia, eta etorkizunez. Denbora bere horretan bakoitzari zentzua emateko, ez historiak jarrai dezan, baizik historiako fatalitate zaharretan eskarmentu hartzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.