Martxoaren 8a Iruñerrian: borroka eta kriminalizazioa

Izaskun Juarez
2022ko martxoaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Pasa berri den urtarrilean, iazko Martxoaren 8an atxilotutako emakume bati 15 hilabeteko espetxe zigorra eskatzen diotela jakin dugu, autoritatearen aurkako atentatua egotzita. Herritar askorentzat ulergaitza den zerbait, are gehiago egun horretan Parlamentuaren aurrean egin zen ekimen baketsua eta Poliziaren aldetik emandako erantzun bortitzaren irudiak ikusi ondoren. Jakinda, gainera, emakumeak poliziaren interbentzio bortitzarengatik eta horren ondorioz izandako lesioengatik jarritako salaketa bertan behera utzi dutela.

Polizien testigantzei sinesgarritasun leiala emanez eta erasoa pairatu zuen emakumearen, mugimendu feministaren eta herritar askoren hitzari balioa kenduz jokatu dute beste behin ere. Iruñerriko Mugimendu Feminista osatzen dugun kideontzat ere ulergaitza da, eta behin baino gehiagotan adierazi dugun moduan, edozein eraso, errepresio, kriminalizazioren aurrean gure hautua autodefentsa feminista izanen da: argi daukagu gure ahizpek babesten gaituztela eta ez Poliziak.

Gaurkoan, iazko Martxoaren 8a ekarri nahi dugu gogora. Ez nafar polizia eta justiziaren bidegabekeria salatzeko bakarrik, pasa den urtean kaleak hartzera eraman gintuzten arrazoiengatik ere bai.

Indarrez kalera atera ginen nazkatuta gaudela esateko. Sistema heteropatriarkal-kapitalista-arrazista honek interes ekonomikoak bizitzen gainetik jartzen dituela eta zaintza sistema publiko eta unibertsal baten beharra premiazkoa eta ezinbestekoa dela aldarrikatzeko.

Sistema eta honen bizirautea bermatzen dutenen erabakia modu estruktural eta 11 modu ezberdinez emakumeok* zapaltzea dela salatzeko. Aldarrikapen horiekin feministok batu, antolatu eta elkarrekin sistema arrakalatzera atera ginen kalera.

Aurten, pasa den urtean egindakoa berresten dugu. Ez da ezer aldatu. Maria Txibitek eta bere gobernuak ez dute gure aldarrikapenez ezer jakin nahi, guztiz kontrakoa, kriminalizatu eta delitu bilakatu nahi dituzte. Haiek eskaintzen dituzten ogi apur eta diskurtsoak ez dira nahikoak, guk benetako aldaketak nahi ditugu eta hauek izaten ez diren bitartean, sistema arrakalatzeko ezinbestekoa den antolakuntzan eta borroka feministan jarraituko dugu.

Martxoaren 8a gertu dugu berriro, saretzen eta antolatzen jarraitzen dugu. Berriz ere kaleetan izango gara feminismoa edukiz hustu eta zuritu nahi dituzten mezuak morez tindatzen. Eta zu, batuko zara borrokara? Gora borroka feminista.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.