'Mea culpa', Joxe Austin

2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Larunbatean, hilak 29, Joxe Austin Arrietak BERRIAn argitaratu zuen Labartzari agur izeneko artikuluan Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak izenpeturiko Hitzarmena aipatuz zera azpimarratu zuen: «[…] beti ere, XXI. mendeko euskal gizartearen izaera kultur anitza errespetatuko duen herritar eleanitzez osaturiko Euskal Herria sortzeko helburuarekin».

Esan beharra daukat, euskara teknikari moduan ehunka itzulpenen egilea izanik, gazteleraz adostu zen hitzarmen honen itzulpena egitea eskatu zidatela eta honela jasota dagoela gazteleraz hitzartutako testuan:«[…] con el objetivo de conseguir una Euskal Herria euskaldun compuesta por personas multilingües que respete la pluriculturalidad de la sociedad vasca del siglo XXI».

Gauzak horrela, euskarazko bertsioan «Euskal Herri euskalduna» jarri beharrean «Euskal Herria» jarri bada, ardura bakarra nirea da, itzultzailearena, adostutakoan «una Euskal Herria euskaldun» jartzen baitu. Ez zaio, beraz, afera honi bestelako ezkutuko arrazoirik bilatu behar. Egia da hitzartutako testua gazteleraz landu dela, baina ez da izan, berriz ere, Ezker Abertzaleko ordezkariek euskaraz lantzeko gaitasunik ez zutelako, beste batzuek oraindik euskaraz ez dakitelako baizik.

Zergatik izan dut horrelako hutsunea? Besterik gabe, barkamena eskatu nahi diot euskalgintza osoari eta, nola ez, Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasuna eta Alternatibari.

Baina, bestalde, azkenaldian Ezker Abertzaleak euskararen inguruan darabilen hizkuntza politika etengabe susmopean jarriz egiten diren zenbait irakurketa kritikoz bi hitz esan nahi nituzke, ez baitzait inola ere bidezkoa iruditzen Euskal Herriko indar politiko guztiok euskararen inguruan izan dugun eta egun daukagun hizkuntza politika eta praktika linguistikoa zaku berean sartu daitekeenik. Guztiok akatsak ditugu, J.M. Odriozolak dioen moduan, baina denak ez gara berdinak eta, batez ere, denok ez dugu hizkuntza politika eta zer esanik ez hizkuntza praktika berbera.

Ezker Abertzalea da, 1992-1996 urteetan eginiko hizkuntza politikaren eztabaidaren ondoren, azkenhamabost urteotan hizkuntzaz aldatu duen indar politiko bakarra, ia gaztelera hutsez funtzionatzetik nagusiki euskaraz funtzionatzera pasa baita. Beste inork esan al lezake horrelakorik? Ezker Abertzalearen Hizkuntza Politika Berriak (1996) argi eta garbi utzi zuen ez dela Euskal Herria euskalduntzeko gai izango aurretik bere burua euskalduntzeko gai ez den indar politikoa, eta horrexegatik ekin zion euskararen aldeko hizkuntza ordezkapenari.

Duela 30 urte, 80. hamarkadan, liberatuak eta militantzia euskalduntzeko saioak —Mahai Nazional kideen barnetegi bereziak barne— urtetan bideratu ziren. Urte haietan, euskalduntzea izan zen hizkuntza politikaren motorra, baina duela hamabost bat urte Hizkuntza Politika Berria onartu zenetik, erabilera bihurtu da Hizkuntza Politikaren motorra. Beste inork egin al du halakorik? Egiturek euskaraz funtzionatzen dutelako behar dira militante euskaldunak. Jauzi handia izan zen, zenbaitentzat izan zuen ondorio pertsonalik ere, barne ardurak ezezik ardura instituzionaletarako ordezkari nagusi guztiek ere euskaldunak izan eta euskaraz aritu behar baitzuten. Askok ardurak utzi behar izan zituzten. Joxe Austin Arrietak berak ondo ezagutzen du hori, bera baitzen garai hartan Euskara Batzordeko arduraduna.. Erabaki horrek ondorio nabarmena izan zuen, bai barrura zein kanpora begira. Urteotan, Ezker Abertzalearen barne bizitzaren atal nagusia euskaldundu dugu eta horretan segitzen dugu lana osatu arte. Arlo instituzionalean ere, urteotan bultzada ederra eman dio Ezker Abertzaleak euskalduntze prozesuari. Hor daude, besteak beste, 80. hamarkada amaieratik aurrera bultzatu ditugun Euskararen Udal Ordenantzak edota UEMAren dinamika.Ilegalizatu arte eta kanporatuak izan arte, Ezker Abertzaleko ordezkariak izan dira euskal instituzioetan euskararen aldeko politika eta erabilera bultzatu duten eragile nagusiak eta seguruak. Galde diezaietela bestela euskara teknikari zein itzultzaileei zer gertatu den Ezker Abertzalea euskal instituzioetatik kanporatu dutenetik: euskararen erabilerak eta euskararen aldeko dinamikak behera egin du ia toki guztietan.

Baina gauza bera esan genezake Euskara Teknikarien ugaltzeaz, Euskara Batzordeen sorreraz, euskal hedabideen garapenaz, ikastola eta hezkuntza euskalduna bultzatzeaz, helduen euskalduntzea indartzeaz, euskalgintzaren eta euskal kulturaren aldeko diru laguntzak eta azpiegiturak handitzeaz… Ez gara Ezker Abertzalekoak izan bide hori bultzatu dugun bakarrak, baina instituzioetatik bota gaituztenetik, ez dira handitu edota ugaritu, behera egin ez dutenean. Ezker Abertzalea izan da urteotan, toki guztietan, etengabe eta salbuespenik gabe, euskararen aldeko dinamika bultzatu duen bakarra, baita gureak ez ziren Hizkuntza Eskakizunen Plana edota EBPN, adibidez. Beste indar politiko gutxik egin dezake horrelako balantzerik. Zer esanik ez ,1959-1980 urteak kontuan hartuko bagenitu. Nork bultzatu zuen nagusiki euskara eta euskal kultura frankismo garaian, Ezker Abertzalea izan ez bazen?

Bi hitzetan esanda, azken 60 urteotan euskalgintza eta euskal kulturgintzaren alorrean eman den aurrerapena, garapena eta eginiko lana ez dago ulertzerik eta azaltzerik Ezker Abertzaleak organikoki zein bertako militanteek euskaltzale modura euskalgintzan egin duten lan emana kontuan hartu gabe. Inork defenda al dezake seriotan euskal berpizkundea instituzioek eta bertan urteotan nagusi izan diren indar politikoek garatutako hizkuntza eta kultura politikari esker izan dela, EAEn, Nafarroan edota Ipar Euskal Herrian? Tamalez, asko da oraindik egiteko dagoena eta eskasa da instituzioen laguntza. Lan militanteari eutsi beharko diogu etorkizunean ere.

Euskararen eta euskal kulturaren normalkuntzaren aurkako frenoa edo oztopoa, beraz, akatsak akats, ez da Ezker Abertzalea izan eta ez da izango. Euskal Herria, euskalduna eta burujabea izan dadin, Ezker Abertzalea eragile aktiboa eta eraginkorra izango da etorkizunean. Otsailaren 12an, EHEk Donostian antolatutako manifestazioan frenoa eta oztopoa non dagoen eta nortzuk diren ikusteko parada izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.