Mehatxuaren erreinua

2012ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Independentziarako pisuzko arrazoien artean, besteak beste, bada bat oso kontuan hartu beharrekoa: Espainiatik datorren mehatxuzko giro jasanezina. Esango genuke eskolako jolastokiko harroputz-kuadrilla batek agintzen digula. Alabaina, kontua da hemen ez garela gaztetxoen arteko bulliyng-ari eta beste ika-mikei buruz ari, baizik eta legeak, epaileak, kazetarien bruneteak, eta tropak dituen Estatu bati buruz.

Independentziari buruzko eztabaida proposatzen denean eta itxaron-zerrenda horretan dauden beste herrialde batzuk aipatzen direnean, lehen erantzuna beti izaten da egoerak ez direla konparagarriak. Kasu bakoitza desberdina dela. Zirkunstantzia historikoek ez dutela zerikusirik. Horixe esan berri du Antonio Elorza nazionalista espainol eta historialariak, zer esateko eta Eskoziaren abiapuntua egoera berezi bat dela, adostutako batasuna baita hura eta, beraz, egoki dela Ingalaterrarekin duen estatusa berrikusi nahi izatea. Ezin dira parekatu Eskozia eta Euskal Herria edo Katalunia, horiek konkistatuak, menperatuak eta mapatik ezabatuak izan baitziren eta, garaituak izanik, ez baitute ezertarako eskubiderik. Espainiako «progreek» badute umorea. Beltza. Baina umorea, azken batean, zer bestela.

Gauzak horrela, beste prozesuekin omen ditugun desberdintasun gaindiezinen erdian, euskaldunok badugu zeri begiratu zeruertzean: katalanen eskakizunek Espainian sortzen duten erreakzio sumindua. Desberdinak gara, indarkeriak bereizten gaitu, hizkuntzaren errealitateak, mar-mar-mar, baina kontua da Espainia bera dugula gainean.

Eta erreakzio horrek izua eragiten du. Esnatu da hidra espainola; altxa da egunez egun puskatzen ari den inperioaren ahots zakarra. Kuba eta Filipinak galdu zitueneko asaldura-ahots berbera da, Marokoko gerran eta Bartzelonako Aste Tragikoko sarraskietan amorru biziz azaldu zena. Kataluniaren aurkako mehatxu garbia luzatzen duena da, hark bere asmo independentistekin jarraituz gero.

Mehatxuak hainbat tonu eta erregistrotan egiten dira. Badira garbi-garbi adierazitakoak, hil baino hilabete batzuk lehenago Peces Barba zenak esandakoaren ildotik, Bartzelona berrogeita hamar urtero bonbardatzearen beharraz Azañak egindako abisua gogoraraziz. Beste batzuek, modu zitalean, porrota, hondamendia eta miseria agintzen dizkiote erreinua/aberria uztera ausartzen den edonori.

Hor ikusi ditugu militarrak Fraga sutsuena berreskuratzen, «nire gorpuaren gainetik» aldarrikatzen zuen hura, gerraren mehatxua ez dela erretolika hutsa azpimarratzeko. Esku-hartze militarra, «demokratikoa» noski, aipatu dute Estatuko abokatuek, politikariek eta kazetari entzutetsuek: «indarra erabiltzea —Estatuaren monopolioa baita— (...) Zuzenbide Estatuaren existentziaren azken arrazoi gisa». Eskatu dute, halaber, sar dezatela kartzelan Artur Mas («gogoan izan Companysi gertatutakoa», sic, afusilatu zutela) Kataluniako herritarren eskaerei erantzuten saiatzen bada, edo S. Pere de Torrelloko alkatea, herria «lurralde katalan libre» izendatzeagatik.

Aldarrikapenik patetikoen artean, aipa ditzakegu Wert ministroarenak, ikasle katalanak espainolizatzeko deiarekin, apezpikuen konferentziarenak, Espainia makur hori zuzentasun morala delako sermoiekin, edo Guardia Zibilarenak (adierazpenetan oso nabarmena ez bada ere, bai egunkariak ixten, atxilotzen eta sarekadak egiten), oraingoan Lara editorearen literatur nazionalismoa saritu baitu, Espainiaz egin duen defentsa heroikoa dela-eta.

Hala ere, independentziarekin etorriko omen den hondamendia hondamendi (Europatik at geratzea, espainolen boikot komertziala eta gainerako iragarpen katastrofikoak), ukitu intimoa, ikuspegi gizatiarra eta existentziala Gallardon Injustizia ministroak jarri du, aitortu duenean «Kataluniarik eta Euskal Herririk gabe ez gara ezer». Bai tristea! Hunkigarria! Eta gaineratuko genioke: tankerik eta Guardia Zibilik gabe, are gutxiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.