Senatuko Atzerri Gaietarako batzordeko kideak garen aldetik, orain dela egun gutxi Nazio Batuen ordezkari batzuekin eta erakunde horren aurrean akreditatutako zenbait enbaxadorerekin biltzeko aukera izan genuen, NBEren New Yorkeko egoitzara egindako bidaia labur batean. Urrian, NBEko Segurtasun Kontseiluko presidentetza hartuko du Espainiako Erresumak eta, hain zuzen ere, hori izan zen gure bisitaren arrazoia.
Zoriaren zoriz, Madrilgo akordio lotsagarrien 40. urteurrenean dator presidentetza hori. Akordio haien bidez, Espainiako Estatuak bizkarra eman zion Mendebaldeko Saharari eta Marokoren eskuetan utzi zuen Espainiako probintzia eta Erresumaren kolonia izan zena. Nazioarteko legediaren eta zuzenbidearen arabera, Espainia Saharako lurraldearen potentzia administratzailea da oraindik, baina 40 urte hauetan erabat alboratu ditu horrek dakarzkion betebehar moralak eta nazioartekoak. Horixe izan da gobernuan egon diren alderdi guztien jokabidea. Orain, Segurtasun Kontseiluko presidentetza traizioaren 40. urteurrena betetzen denean hartuko duenez, abagune berezi hori baliatuz hilabeteotan zerbait egingo zuela espero genuen. Nolabaiteko itxaropena bagenuen.
Hala ere, aitortu behar dugu gure dezepzioa ezin handiagoa izan dela. Nazio Batuen Erakundeko idazkariorde nagusi eta Gai Politikoetarako departamentuko buru Jeffrey Feltman jaunak argi eta garbi esan zigun egoera guztiz blokeatuta dagoela Nazio Batuen aurrean. Hala NBE nola Sahararako mandatari berezia eta Ban Ki-moon idazkari nagusia bera aldeen arteko negoziazioa sustatzen ahalegindu dira, baina Marokok bere autonomia planaz soilik hitz egin nahi du. Fronte Polisarioak, ordea, horretaz soilik hitz egiteari uko egiten dio eta, zorroztasun handiz, behin eta berriro gogorarazten du Minursok (Nazio Batuen Sahararako Misioak) daraman R hori erreferendumari dagokiola eta Saharako prozesua deskolonizazio prozesu bat dela. NBEren ordezkariak argi eta garbi adierazi zigunez, estatuek oraingo egoera aldarazten ez duten bitartean prozesua blokeatuta dago, eta NBEk ezer gutxi egin dezake.
Eta zer diote Estatuen ordezkariek? Espainiako Erresumak NBEn duen enbaxadoreak argi utzi zuen bere jarrera. Frantziak, berriz, ez du ezer egingo 40. urteurren honetan Sahararen gaia Kontseiluaren agendan egon dadin, Marokoren aliatua delako. Eta AEBek ere ez dute ezer egingo. Nolanahi ere, galdera nagusiari ez diote inolako erantzunik ematen edo, hobeki esan, falazia baten bidez erantzuten diote: ezin da ezer egin Frantziak betoa jarriko liokeelako ekimen orori, are giza eskubideen arloko edozein ekimeni ere. Eta Espainiako Estatuak zer egingo du Saharari dagokionez Kontseiluko presidentetza daukan bitartean? Hori da galdera nagusia. Eta erantzuna oso argia da: Espainiako Estatuak ez du ezer egingo Kontseiluko presidentetza daukan bitartean. Haren kronograman ez dago Saharari buruzko inolako ekimenik. Ez du ezertxo ere egingo. Libiaz hitz egingo dute, Siriaz, Afganistanez, emakumeek gatazken konponbidean parte hartzeari buruzko ebazpenaz... baina hitzik ere ez dute esango 40 urte hauetan Saharak Marokoren aldetik pairatu duten legez kontrako okupazioaz. Espainiak ez die inolako eragozpenik sortu nahi Marokori eta Frantziari, bere lagunak direlako. Bestetik, ez dugu uste AEBen jarreraz esaten dena zuzena denik. Saharako aferari dagokionez, jarrera aldaketa bat sumatzen da AEBetako administrazioaren aldetik, oso aldaketa txikia bada ere. Espainiako Estatuak beste jarrera bat hartuko balu, eragin handiagoa izango luke aldaketa horietan, baina badakigu zein den Margallo jaunaren ministerioak azkenaldi honetan daukan kezka bakarra: Espainiaren batasunaren aldeko adierazpen hutsalak lortzea. Ildo horretan, Morongo basearen erabilerari buruzko akordio militarrak Sahararen aferak baino pisu handiagoa du balantzan, adibide bat jartzearren.
Dena dela, bitxiena beste kontu bat da. Guk oso galdera zehatza egin genuen: hainbeste goraipatzen diren bakea eta segurtasuna hautsiko lituzkeen indarkeria egoera bat izango litzateke Segurtasun Kontseilua gai honetaz ardura dadin balioko lukeen bakarra? Horixe galdetu genien, eta ez ziguten ezetz erantzun.
Arazoaren erantzule historiko nagusia den eta Kontseiluaren presidentetza daukan Estatuak Pontzio Pilatoren antzera jokatzen badu, nola eskatu Kontseilua osatzen duten beste Estatuei Saharako arazoa konpontzeko lan egin dezatela? Zorionez, badaude basamortu horretan ozen mintzo diren beste ahots batzuk. Espainiako enbaxadoreak ezin dela ezer egin esan zuen egun berean (ez dutela ezer egin nahi esan beharko zukeen), Hegoafrikako presidente Jacob Zumak NBEra abiatu aurretik adierazi zuen badela garaia Saharako erreferendumari data jartzeko, eta Kontseiluari eskatu zion giza eskubideen urraketak eta lurralde okupatuetako baliabideen legez kontrako ustiapena azter ditzala. Izan ere, euskal herritarrok edo kataluniarrak bezalaxe, sahararrak aspaldi konturatu dira Espainiako Estatuko alderdi nagusiekin ez dagoela ezer egiterik. Haiengandik zerbait espero duenak betiereko suan kiskaltzera kondenatzen du bere burua.
Saharako herriak irtenbide bakarra du: bere zeregin heroikoarekin aurrera jarraitzea, lehenik inbaditu, hurrena kolonizatu eta azkenean okupatzaile berri baten eskuetan abandonatu zuen Estatuaren aldetik ezertxo ere espero gabe. Orain ere ezin du ezer espero haren aldetik, Segurtasun Kontseiluko presidentetza edukiko duen arren.
Mendebaleko Sahara: ezin ezer espero Espainiaren aldetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu