Kuba 1990 txapelketarako euskal pilota selekzioaren ordezkaritzako kideak

Merezi zuen eta merezi du

Kiko Caballero, Martxel Toledo eta Jesusmari Unanue
2025eko maiatzaren 31
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hogeita hamabost urte luze pasa dira Kuban jokatu zen Munduko Euskal Pilota Txapelketan euskal selekzio gisa Habanako desfilean parte hartu eta lagunarteko partidu batzuk jokatzeko aukera eta ohorea izan genuenetik. Oraindik ere oso harro sentitzen gara euskal selekzioaren aldeko aldarrikapen hark gerora balio izan duelako ofizialtasunaren aldeko iritzia zabaltzeko eta euskal gizartean mezua txertatzeko. Eta, bide batez, egungo egoeran aurkitzeko.

Hogeita hamabost urte pasa behar izan dira aldarrikapen harekin hasitako borrokaren fruituak ikusi ahal izateko. Azkenean, zorionez, urte hauetan guztietan egindako borrokaren bidez, batik bat euskal pilotari batzuen inplikazio zuzenarekin eta, zergatik ez esan, azken momentuan, politikari batzuen esku-hartzearekin eta Nazioarteko Euskal Pilota Federazioko presidentearen jarrera irekiarekin, gerturatu gara helmuga ingurura.

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak iazko abenduaren 28an Iruñean egindako batzarrean EEPF Euskadiko Euskal Pilota Federazioa bazkide gisa onartu zuenean esan genuen modura, pozik eta harro sentitzen gara euskal pilota selekzioak, lehen aldiz, Gernikan ekainaren 1etik 6ra jokatuko den Munduko Kopa txapelketan parte hartuko duelako. Nola ez gara ba pozik egongo euskal pilotariak ikurrinarekin eta bere selekzioa ordezkatuz lehiatzen ikusteko aukera izango dugunean. Bazen garaia!

1990. urtean Kuban euskal selekzio gisa parte hartu genuenok, Donostian elkartu gara lortutako hori ospatzeko eta Gernikan arituko den euskal pilota selekzioari gure babesa eta animoak emateko. Eta, bide batez, benetako Euskal Herriko euskal pilota selekzioa, alegia, zazpiak bat ordezkatzen duena, faltan botatzen dugula gogorarazteko.

Zentzu horretan, garbi daukagu aipatu erronka hori lortu artean, oraindik, aldarrikatzen jarraitzeko motiboak soberan daudela, zeren, egindako urratsa handia izan arren —eta batzuk horrekin konforme gelditu—, gure ustetan oraindik garrantzitsuena falta delako, alegia, benetako Euskal Herriko euskal pilota selekzioa lortzea, zazpi herrialdeak kontuan hartuko dituena.

Horregatik uste dugu merezi duela aldarrikatzen jarraitzea eta ukazio eta probokazio guztien gainetik aurrera egitea, besteak beste, Lapurdiko, Nafarroa Behereko, Nafarroa Garaiko eta Zuberoako euskal pilotarien eskubidea ere badelako, alegia, euskal herritarrak direlako. Eta hori aldarrikatzen jarraitzea zintzo jokatzea baino ez dela deritzogu. Beraz, aurrera! Merezi izan zuen eta merezi du eta!

Gora euskal pilota selekzioa! 

Artikulua honako hauek ere sinatzen dute: Peio Urtasun, Xabier Martinez, Pako Kalonje, Txetxu Iriarte, Jokin Etxabe, Iñaki Zubeldia, Luis Zeberio, Tomas Lacalle, Xabier Garagorri, Aldape Astorkia, Joxan Jauregi, Joxemari Alonso, Jose Antonio Segurola, Javier Mariezkurrena, Joxi Mugika eta Jose Luis Zaldua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.