Joan da (edo joan zaigu, atxikimenduaren arabera) Pepe Mujica mundu honetatik, eta ahanzturaren kutxatxo horretatik ateratzea lortu dugu agintera heldu zenean, Evo Moralesekin egin bezala, komunikabideek exotizatuta saldutako presidentearen irudi hura. Mundu zabalean Youtuben Mujicak esandako esaldien greatest hit-en bideoen bisita kopurua aparra bezala igotzen den bitartean, irten dira Montevideon herritarrak haren hilkutxaren atzetik, eta Fronte Zabalaren banderen, Jose Artigas militarrarenek eta Uruguaiko banderek koloreztatu dituzte une batez zuri-beltzean geratu diren kaleak, eta aldizkako txalo eta oihuek orbelaren joan-etorriaren zarata estali dute.
Baina izan dira udazken eguzki gozotan parkeetan matea hartzen geratu direnak, Rambla pasealekura joan direnak edo etxeko balkoietatik «goool!» oihukatu dutenak ere. Peñarolek jokatzen zuen... Izango dira, era berean, igandeko Tristan Narvajako merkatuan Pepe Mujicaren irudia merkantilizatu eta kamisetak, poltsak edo pinak salduko dituztenak. Eramango dira soinean egun batzuetan, balazta sekula zapaltzen ez duen mundu honek uruguaitarren gogamena beste berri batekin lapurtu arte.
Arrapaladan heldu nintzen ni ere, orain bi urte, komunikabideek sortutako iruditeria horrekin, Uruguaira. Baina denbora tarte honetan izan dut, era batean edo bestean, bertan nolabait errotzeko aukera. Eta hainbeste maite ditugun pailazoen esapidea apur bat aldatzeko harturiko zilegitasunarekin, hori egiten saiatu naiz hemen egindako adiskideekin: entzun, pentsatu eta ekin.
Entzun ditut, nostalgiatik, nazioartean emandako irudi hori berresten duten testigantzak. Beste mintzaira bat zerabilen gizon haren kontakizunak, protolokoak eta karguaren inguruko handikeriak maite ez zituenaren pasadizoak, eta errealitateari hitza eta neurria beste inork ez bezala emandako hitzartzeak. Baina entzun izan ditut, aldi berean, nostalgiaren eta inpotentziaren antzeko nahastura batetik, Mujica asko maitatu arren, burutu gabeko promesak, gurutzatutako marra gorriak, eta nahi eta ezinak.
Eta pentsatu dut Mujicak utzi dizkigula bizpahiru etxeko lan egiteko. Batetik, sistema kapitalistaren logikan eratutako botere egiturei (parlamentarismoari, partidu politikoei, sindikatuei, herrialdeen egitura juridikoei, administrazioari, hezkuntzari...), zeinetan mugitzen baitira egiturok, xakeko dorrea bailiran, atalaiatik begira, ezkerrera edo eskuinera (edo aurrera edo atzera, nahi bada), baina taulatik atera gabe. Eta ulertzen saiatzea mekanismo horietatik boterera heltzean Mujicak sentitu ahal izan duen bakardadea, zure susmorik zorigaiztokoenak egikaritzen direla ikustea, agintaldiko lehen egunean lanera joan eta aurpegirik ez duten gizon gorbatadunak zain izatea bulegoan. Eskumutur eta orkatiletan burdinak jarri eta Xalala! dantzarazi ostean, hain maite dituzun eta bizitzan bidaide izan dituzun militantziako adiskideengana itzuli eta aitortzea baietz, unibertsitate garaian gitarraz abesturiko kantek arrazoi zutela, dena mierda bat dela, bide horretatik behintzat ezin dela, eta aurrerapausoak, gezurrak lez, hanka motza duela. Eta batek baino gehiagok esango du ezetz, ez dela hala, gauzak alda daitezkeela. Baina eraldatu? Zeinen antzeko eta zeinen desberdin…
Baina, era berean, pentsatu dut utzi digula beste etxeko lan bat, banakakoa zein kolektiboa, eta eskatu digula, hark egin gisan, hausnartzeko gure bizitzaz eta haren zentzuaz, zenbateraino garen gorrotatzen dugun horren produktu, edo zenbateraino zizelkatzen dugun geronek gure esku eta indarrez gorroto dugun hori. Eta eskatu digu, une batez, orain betirako besarkatu duen isiltasun horretan bat egiteko. Entzuteko geure buruari une batez, burua altxa eta benetan zoriontsu zerk egiten gaituen pentsatzeko. Esango digu ez dituela hark esandakoak Mr. Wonderfulen kikaretan ikusi nahi, baina baietz, jartzeko zure bizitza erdigunean; ez indibidualismotik, merkatuaren amaraunetik at pentsa dezakeen posiziotik baizik. Agian Troiako zaldiak desberdin mugi daitezke xake taula zoro honetan, iraultzerik bada.
Artikulu honen bukaerara heldu bazara, zorionak, bizirik zauden seinale da eta!