Mendebaldean gehien praktikatzen dugun kirola ez da futbola. Gainontzeko kulturak, batez ere kultura indigenak, mespretxatzea da, munduaren zabalean zein historiaren sakonean. Egunerokotasunean ere, azalen eta itxuren collagean bizi gara, eta nahikoa dugu edonori eta edozeri segundo batez erreparatzea, «balio du, niretzat nahi dut» ala «a! zer kaka, doala pikutara» epaitzeko. Gu gainean mantentzen garelarik beti, jakina. Ba... Niaren gaixotasun hau zientzietara hedatua da aspaldi.
Antropologoen hanka-sartze klasikoa da: planetaren muturrean aurkituriko edozein nekazari edo langileri bere ikuskerei eta errituei buruz galdetu, erantzunak gizarte horren jakinduriatzat dokumentatzeko. Eta gero mendebaldar hiritarrok, ezagumendu inozo horiek gure jakintza eta jakitun gorenekin alderaturik, demagun, Greziako filosofoekin edo Zientziako azken teoriekin alderaturik, zera ondorioztatzen dugu: «A, zein sineskorrak eta atzeratuak diren...».
Bidegabekeria hau Philippe Descola eta beste antropologo batzuen eskutik datorren bira ontologikoarekin orekatzen ari da, baina oraindik absolututzat jotzen dugu gure balizko nagusia: mundua hor dago, den bezalakoa da, eta ikuskera desberdinak hor dagoen horri hurbiltzeko bide desberdinak dira. Horrekin lasai geratzen gara. Errespetagarriak dira kultura guztiak, ai zein erlatibista eta begirunetsuak garen! Ba... barkatu. Mundua hor dagoela pentsatzen duten kulturak gutxienekoak dira planeta honetan, eta horrela izan da historian zehar ere.
'Mundua sorginek ikusirik'jar genezakeen izenburu, baina ez da leiala. Ikustearen eta epaitzearen kultura modernoa delako gurea; besteena gehiago da honakoa: benetako mundua eta natura sentitzea eta onartzea, eta hori bizipenen, iniziazioen eta errituen bidez gogora ekarri, natura ezkutu hori —benetakoa dena— berpizteko eta eguneratzeko.
«Erre zenituzten sorginen oinordeak gara gu» dantzatzen dute euskal gazteek, Jon Garmendia Txuriya-ren hitzetan, Xabi Solanok musikaturik. Berdin dio Alemanian Euskal Herrian baino sorgin gehiago erre baziren, zenbaki absolutuetan zein neurri erlatiboan. Euskal kulturak bere egin du sorginen oroitza eta aldarrikapena, oso berezkotzat eta geuretzat onetsi arte; euskal senaren barneko bulkada berezitzat joz.
Horregatik egiten dugu dei hau, gure iraganeko jakinduria emakumeak begirada mendebaldar auto-zentratuarekin ez epaitzeko. Saia gaitezen ulertzen, landu dezagun sentitzea,jakinduria mota hau.
Chura xaman edo aztiak, Tiahuanacoko zaindariak, Henri Gougaudi zera kontatu zion (Las siete plumas del águila autobiografian jasoko zuenbezala) Andeetako jai bati buruz, ispilu txikiak jantzietan josirik eramaten direnekoa: «Aizu, umeak distirekin jolasten dira, gazteek maite-jolasetan erabiliko dituzte, baina jaiaren filosofia elkar islatzen dugula da, sakontasun berdina garela gorputz desberdinetan; eta barneko hori gorpuztea da xamanen bidea». Bai. Erraza zaigu Barandiaranek eta bestek jasotako «mendiak mugitzen dira», «lamina bat ikusi dut» edo «Marik gabaz ortua landatu digu» esaldiak sineskeriaez-zientifikotzat jotzea, baina hori da mundua ez dugulako sentitzen antzinakoen eran, sorginen eran.
Irudi mitikoak azal gisa hartu, eta kokatu hauteman daitekeen dena edozein izakik barnean duen energia komunaren agerpen desberdin gisa. Une honetan bertan adigai eran, era kontzeptualean saiatzen ari zara, irakurle. Baina pentsa gure baitako energia eta adimen horretarako bidean nahikotxo sakondu duzula, eta orduan, agerpen energetikoak eta irudi mitikoak sentitzeko gai zarela, eta zure mundu-ikuskeran ondo kokatzen dituzula. Horra sorginen mundua sentitzeko modua.
Pentsa genezake zaila dela, ezinezkoa dela sorginen eta antzinako jakinduria emakumeen mundu-ikuskera berpiztea. Baina ez. Zenbat eta barrurago, gizatasuna eta natura komunagoa da, berdinagoa guztiongan. Horregatik dira hain pareko, ia-ia kopiak bezalakoak, Orixek Barne-muinetan liburuan egindako deskribapenak, Meister Eckhartek sermoietan eta Granum sinapis delakoan egindakoak, eta Lao-tzuren Tao te King delakoarenak. Lehena XX. mendekoa, bigarrena XII.ekoa eta azkena K.a. VI.ekoa izan arren, eta elkarren arteko berririk eduki ez arren.
Natura sakon horren bidean dago sorgintasuna, eta bide anitz daude eskura. Baina seriotasunez praktikatuz gero, egon badago mundua sorginek bezala sentitzerik. Hor daude geure gogoa ezagutzeko bidaiak, belarrak, dantzak, iniziazioak, meditazioak...
Barneko indarrak eta adurra ulertu, berpiztu, eta erabilgarri egingo ditu geure garaietako sorginak. Saiatu barne-barnera heltzen, baita-baitara, sakon-sakonera; gogoa urtzen abilezia lortzen duzunean, mundua aldatuko zaizu, eta bere estalkiaren azpian dagoen natura irakurtzen eta sentitzen duzula etorriko zaizu, ezustean. Bai, Mari ukigarri egingo zaizu, eta galtzagorriak, eta laminak, eta... mendiak mugitzen direla konturatuko zara.
Mundua sorginek sentiturik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu