Azkenaldian, gure lanarekiko sentiberatasun eta interes handiagoa erakutsi izan da, martxoan Badajozen (Espainia) gertaturiko erailketaren ondorioz, baina aipatzekoa da era guztietako erasoak egunero gertatzen direla, eta horiek jasateko arriskua dugula gure lanpostuan egoten garen bakoitzean.
Lehenik eta behin, esan behar dugu arazo horrek ez diola adingabeak babesteko sistemari bakarrik eragiten, baizik eta esku hartze sozialaren eremu osoari eragiten diola. Sektore honetan artatzen ditugu bazterketa sozialaren egoeran dauden helduak, genero indarkeriaren biktima diren emakumeak (fisikoa, psikologikoa edo sexuala), Bizitzeko Gutxieneko Diru sarrera eta Errenta Bermatua jasotzen duten pertsonak, gaixotasun mentalen bat eta/edo desgaitasunen bat duten pertsonak, mota guztietako adikzioak dituzten pertsonak, neurri judizialak betetzen dituzten pertsonak eta zaurgarritasun egoeran dagoen beste edozein kolektibo, eta, jakina, talde babesgabe eta kalteberena dena: adingabeak. Ez dezagun ahaztu inor ez dagoela zaurgarritasun horretaz salbu, edozein pertsona egon baitaiteke egoera horietakoren batean bere bizitzako uneren batean.
Sistemak pertsona horiek eta haiek artatzen dituzten langileak babesteko betebeharra du, baina erabat kolapsatuta eta zaharkituta dago; beraz, ezinezkoa da sistemak erabiltzaileen premiei erantzun egokiak ematea, eta are gutxiago langileen premiei. Sektore honetako langileok aurre egin behar diegu enpresa pribatuek eta erakunde publikoek gure lan profesionalaren garapenaren parte direla ziurtzat jotzen duten lan arriskuei. Esku hartze sozialeko langileon ustez, enpresen pertzepzio horrekin ez da gure osotasun fisikoa, psikologikoa eta, are larriagoa dena, gure profesionaltasuna eta lan egiten dugun kolektiboekiko dedikazioa kontuan hartzen, ezta baloratzen ere.
Nafarroako Gobernuak merezi dugun errekonozimendua eman beharko liguke gertakari kuantitatibo eta kualitatiboekin, hala nola Ekintza eta Esku hartze Sozialeko zein Gizain fundazioaren hitzarmenak behingoz desblokeatuz, eta sektoreko profesionalekin batera lan egin beharko luke gure lan baldintzak behin betiko duintzeko eta zerbitzuak publifikatzeko. Publifikazio horrek, eta, beraz, kontrol instituzionalak, kolektibo guztiei arreta emateko baliabide guztietan lan ildo bera gauzatzen lagunduko luke, eta, horren ondorioz, askoz ere kalitate handiagoko esku hartzea eginen litzateke.
Garrantzitsua da, halaber, bai gure lanbidea duintzeko, bai gure gizarteko kolektibo ahulenei arreta egokia emateko, erabiltzaileen egungo profilak berrikustea eta egokitzea ezarritako baldintza agirietan, baliabideen lan espazioak, arreta ratioak eta baliabide eta zentro berriak sortzea bezalako alderdietan, arreta ematen diegun erabiltzaileen une bakoitzeko profiletara eta haien beharretara egokituta. Horretarako, beharrezkoa da Eskubide Sozialen Departamentuak etengabeko jarraipena egitea adostutakoa betetzen dela ziurtatzeko, eta beharrezkoa da erakunde publikoek benetako borondatea izatea aurrekontu partidak handitzeko, beste eremu profesional batzuetan egin den bezala, hala behar denean eta beharrezkoa denean.
Profesionalen prestakuntzari dagokionez, nahitaezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoan Gizarte Hezkuntzako gradu presentziala ezartzea. Izan ere, deigarria da langileei etengabeko prestakuntza espezializatua eskatzea eta, aldi berean, Nafarroako Gobernuak asmorik ez izatea Gizarte Hezkuntzako profesionalak trebatuko dituen unibertsitate gradu akademiko espezifiko bat ezartzeko. Aldarrikapen hau oso aspaldikoa da.
Epe luzera, esku hartze sozialeko langileok eskatzen dugu sektorearen kudeaketa eredua birformulatzen aktiboki parte hartzea; izan ere, langileok gara horri buruzko informazio gehien dugunak eta kualifikazio handiena dugunak. Alde horretatik, akatsa da sektore osoaren arduraduna den administrazioak gu kontuan ez hartzea eta ez baliatzea gure esperientzia konponbideak bilatzeko.
Azkenik, gizarteari eskatu nahi nioke ez ditzala kriminalizatu artatzen ditugun erabiltzaileak —haien egoera pertsonala nahiko zaila da jada—, eta administrazio publikoei eskatu nahi nieke beren gain har dezatela azpikontratatzen dituzten zerbitzuen kudeaketan eta jarraipenean duten erantzukizuna.