Idazleak

Nafarroako euskal literatura: sortzaileen begirada

Castillo Suarez, Jon Alonso, Mikel Taberna, Santi Leoné, Xabi Lasa, Ernesto Prat eta Elurre Iriarte
2025eko apirilaren 29a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Nafarroako kulturaren bilakaera, azken 50 urteetan, ezagutzen duen edonork badaki zein zen euskal sormenaren egoera orduko urte horietan. Literaturari dagokionez, zehazki, presentzia oso urria zen: idazle talde txiki bat, zeinak, Nafarroa Garaiaren kasuan, Franco jeneralak inposaturiko zentsura-sistemari ahal zen neurrian iskin eginez, euskal literaturaren garra bizirik mantentzen baitzuen, klandestinitatetik gertu zeuden baldintzetan.

Azken mende erdi honetan, ordea, Nafarroako euskal literaturak aldaketa esanguratsua ezagutu du, aurreko mendeetan ezagutu gabeko goraldi bat, idazle kopuruari eta obra kopuruari dagokiena, eta bere baitan literatur genero guztiak hartzen dituena. Gaur den egunean, Nafarroako euskal idazleek literatura garaikide eta bizia sortzen dute, topiko interesatuek atxikitzen dieten kostunbrismotik eta etnografiatik urruti dagoena, eta ideologikoki anitza, idazleak bizi diren jendartea bera bezala.

Hala ere, uste dugu jendarteak aldaketa horri buruz duen pertzepzioak lehengo bera izaten segitzen duela. Horretarako arrazoiak zein diren aztertzen hasi gabe, pentsatzen dugu honako hau une egokia dela jendarteari honi guztiari buruz errepara arazteko, eta Nafarroako XXI. mendeko jendartearen kultura-gertaera honen –hots, euskal literaturaren– balioa azpimarratzeko. Euskal literatura Nafarroan jaio zen, Bernat Etxepare baxenabartarrarekilan, Pedro Agerre Azpilikueta Axular eduki zuen klasiko gorena, eta beti bizi izan da gure artean, mendez mende, Historiaren epe gehiegitan eduki dituen zailtasunak eta debekuak gorabehera.

Alabaina, neurri handi batean, eta zoritxarrez, Nafarroako euskal literatura ezezaguna eta bazterrarazia da, Nafarroako kultura identitatearen parte ez balitz bezala, berez hala denean, eta nork daki, ausaz kultura identitate horren zatirik esanguratsuena denean. Beharrezkoa da zubiak eraikitzea euskal literaturaren eta euskara ezagutzen ez duen jendartearen gehiengoaren artean, eta onartezina litzateke horretarako prezioa erresumaren hizkuntza lehenean idazteari uko egitea eskatzea.

Ez dago zalantzarik asmo horrek denon lankidetza eskatzen duela: instituzioena, literatur sormena bultzatu eta edukiak hizkuntzen artean trukatzeko programak ezarri behar dituena; komunikabideena, profesional espezializatuak eta gaiarekiko sentiberak eduki behar dituztenak, zubiak eraikitzeko gauza direnak; euskaldunena, kontzientzia hartu behar baitute literatura dela, besteak beste, mendeak zeharkatzeko eta hizkuntza iraunarazteko atea; gizarte osoarena, baita euskalduna ez denarena ere, enpatia eta errespetua erakutsi behar baitituzte. Eta, nola ez, euskal idazleena, zeinek, kate luzea nahiko genukeen lehen kate-maila bezala, parte hartzeko gonbit egiten baitizuete, Iruñean maiatzaren 8, 9 eta 10ean egingo diren topaketetan —Euskal literatura Nafarroan (1975-2025): sortzaileen begirada—, Euskaltzaindiaren babespean eta Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren laguntzarekin. Debile principium melior fortuna sequatur.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.