Irailaren 18an eta 19an 1512ko Nafarroaren Konkistan oinarritutako historialarien lehen biltzarra egin genuen Vianan. Navarro Villosladaren sortetxean bildu ziren datu, argumentu, taldetxo, ikusmin, akordio, okupatutako nazioaren kontzientzia, memoria borondate eta bestelako umoreak artikulu batean laburbiltzea ezinezkoa zaigu.
Biltzar honetan, nola ez, Albako Dukearen inbasioaz hitz egin zen, Iruñeko populazioa bikoizten zuen armada ekarri baitzuen. Erresistentziak jasan zuen hemezortzi urteko gerra gogorarazi genuen, inbaditutako populazioaren nahia zein zen erakusten zuen isildutako datua. Matxinada, errebolta eta gerrillak hizpide izan genituen. Amaiur, Noain, Hondarribia, Garazi eta setiatutako herriez, 100 urteko okupazio militarraz, espoliazioaz, lapurretez, bortxaketez eta lur arerioan soldaduen beste antzinako ohiturez.
Errealitate burujabe hura ahotara ekarri zen, lurraldeka (gaur probintziak) zatikatua izan zen euskal estatu askea. Erregina baten, Margaritaren, gortea eta Heptameron obra aipatu zen baita ere, bere garaian munduan miresmena izan baitzen. Eta milurtekoak dituen kultura baten eta egun bizirik den hizkuntza baten berri ere bai, Nafarroa herri izan zuena eta bere antolakuntza politikoa izan zuena.
Eztabaidan Erromako elizaren erretorika zalantzan jarri zen, bidegabekeria hura santutu zuelako. Biolentzia hura bidezkotzat eta kristautzat eman zuten teologo batzuen arrazonamenduak eman ziren ezagutzera; eta baita faltsifikatutako aita santuaren buldak eta historiara abilezia makiavelikoaren eredu pasa den errege baten kako-makoak ere. Zentzu honetan, nafar erregetza ez-legitimotzat ematen zuen tesi harrigarri hura aipatu zen, Eneko Aritza, nonbait, errege godoengandik ez zetorrelako; eta beste hamaika honelako historia haur-lezio.
Cesar Borgiaz ere aritu ziren biltzarkideak, eta defendatzeko kausa eta harrera lur Nafarroa hartu zuten beste bidaiariez ere bai.
Estatuaren arrazoiaz hitz egin zen -iraingarria eta espainola noski- eta atzerriko geografiaren kontu eguzkia hartu nahi zuen inperio baten hastapenez, Nafarroan jantzi baitzituen lehen botak. Hauts haietatik, gaurko lohiak; garbi agertu zen ez ginela errota mugitzen ez duen joandako uraz ari, baizik eta garaian sortu eta gaurdaino ailegatu den egoera bidegabeko batez.
Unibertsitate eta ikastetxeetan gure historiako gertaerak isilean gordetzen direla gogoratu genuen; eta isilean gordetzen ez direnean, ongi moldatutako bertsioekin disimulatzen dira, adibidez, anexioa aurkeztuz, hitzarmena -armada beraren esku Ameriketako 100 milioi pertsonaren akabatzea bezalako «hitzarmena» kasu-. Eta hitzarmenaren teoria baldar hori mende hauetan hemengo elite batzuek nola defendatu zuten planteatu zen, komeni zitzaien pribilegioei eusteko.
Erre, desagertu, desitxuratu diren dokumentu askoren faltan, euskal independentzia hari beste zantzu batzuen bitartez erreparatu zitzaion. Hori da, esaterako, defentsarako eraiki ziren gazteluen adibidea; lurraldea mugatzen duten eraikinen sarea, ondare arkitektoniko eta sinbolikoa, presentzia politikoaren eta burujabetzaren adierazpena, inbaditzaileak gogotik suntsitua izan baitzen erresistentzia edo fantasia aztarna oro ezabatzeko.
Numismatikak ere bere tokia izan zuen, barscunes eta nafar txanponen bilduma handi batekin; horiek, mendez mende, ekonomia, ogasun propioa, antolakuntza sozietarioa deskribatzen dute, eta Europako estatu ezberdin baten erregeen aurpegiak eta sinboloak aurkezten dituzte.
1512-2012 Nafarroa Bizirik taldeak, gizarte mugimendua den aldetik, adierazi zuen gai horiek ez direla esklusiban historialari eta unibertsitateenak, memoria eskubide bat baita eta bere burua hartan aitortzen duen gizatalde baten beharra, aldi berean. Laburbilduz, zertaz hitz egin izan zen.
Nafarroaren konkistaz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu