Nai aunat ere noranaikoa

Inaki Irazabalbeitia.
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Aurten bete dira 70 urte Xabier Lizardi poeta handiak idatzi zuela euskara noranahiko ere ikusi nahi zuela, hizkuntza larreko soilik izateari utz zekiola. Poetaren asmo edo desio horiek errealitate dira hein handi batean gaur. Euskara noranahikoa da. Edozer gauzaz mintza gaitezke erraztasunez euskaraz. Ez gaitu harritzen punta-puntako zientzialaria telebistan euskaraz entzuten bere ikerketaren berri ematen, etsenplurako. Corpusaren alorrean lortu du euskarak noranahiko izatea, baina Lizardiren ametsa osorik bete gabe dago artean. Estatusaren alorrean ere euskarak aurreramendu pentsaezinak egin ditu, baina urrun dago oraindik noranahiko izatetik. Oso nekeza du euskaldunak oso-osorik euskaraz bizitzea, baita eremu euskaldunetan ere.

Gure miseriak eta gabeziak alde batera utziko ditut euskararen eguna den honetan. Euskaren estatusaren beste alderdi bati so nahi diot-eta, Estatuan legegintzaldi berria hastear dela profitatuz.

Espainiako Konstituzioaren 3. artikuluak ezartzen ditu hizkuntzen joko-arauak Estatuan. Batetik, gaztelania ofizial bihurtzen du eta gainera jakitera behartzen ditu herritarrak. Estatuko gainerako hizkuntzek aitortza badute koofizial egiten dituelako eta gainera errespetua eta babesa behar dutela aldarrikatzen da. Horrek euskara, katalana eta galegoa bigarren mailako bihurtzen ditu praktikan. Gaztelania hutsezkoa da Estatuaren izen ofiziala. Estatuaren administrazioarekin euskaraz jardutea ia ezinezkoa baita euskara ofiziala den lurraldean. Telenorten, Espainiako telebista publikoan, euskara anekdota hutsa da.

Espainiako Estatua osorik demokratikoa izango balitz eta benetan bere izaera eleanitza eta kulturanitza onartuko balitu, euskalerritarrok Madrilgo kongresurako eta senaturako aukeratutako gure ordezkariek normaltasunez euskaraz aritzeko eskubidea izango lukete, Suitza bezalako estatu eleanitz normalagoetan gertatzen den legez. Parlamentari katalanak bereziki saiatu dira kongresuan eta senatuan katalanez egiten. Ezagunak ditugu ondorioak. Kongresuan ezinezkoa da. Senatuan baldintza jakin eta konkretuetan egin daiteke, lurralde-ganbera den aitzakian azken legegintzaldi horretan egin den urrats txikia.

Euskal Herriaren independentzia da gure helburua eta hori gertatzen denean euskalerritarrok izango dugu ardura hizkuntza-politika egokiak bideratuz estatusaren ikuspegitik ere euskara noranahikoa izan dadin. Bien bitartean, Estatu honen kide garen bitartean eleaniztasunaren eta kulturaniztasunaren gaia agenda politikoan jarri behar dugula iruditzen zait. Madrilen izango ditugun ordezkariek Estatuko administrazioak euskaldunok ditugun hizkuntza-eskubideak berma ditzan jarrera aktiboa izan beharko luketela iruditzen zait. Bermatuko beharko litzaiguke Telenortek euskaraz ere emititzea, Estatuaren administrazioarekin dihardugunean euskaraz egin ahal izango dugula, nortasun-agiriak euskaraz ere egongo direla… Alegia, benetako estatu eleanitz batean normalak diren eskubideak betetzea. Bide zuzena konstituzioaren 3. artikulua aldatzea izango litzateke, batetik, gaztelania jakiteko derrigortasuna baztertuz eta, bestetik, hizkuntza guztiak ofizial eginez. Ez zait iruditzen hori posible denik, ezagututa Estatuan gure hizkuntzekiko dagoen jarrera itsua, bidenabar, bat egiten ez duena Grabiel Arestik Tomas Meaberi esan zion harekin, «buen español es quien sabe las cuatro lenguas de España». Sobra ere, Espainia espainol gaiztoz beteta dago.

Bestalde, inoiz euskara ofiziala izango balitz Estatuan, Europako Batasunean ere guztiz ofiziala izateko aukera izango luke, Irlandako galeikoak izan duen modu berean. Hala ere, errazagoa ikusten dut Europan euskara ofizial izatea EB barruko estatu independente bilakatu garelako, espainiarrek hizkuntzen aniztasunari buruz duten ikuspegia aldatzea baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.