Azkenean, bilobek lagunduta, ausartu eta adimen artifizialarekin lardaskan hasi naiz. Txoro sasifilosofo merkea ni, galdera handia egin diot: zein dira egun Humanitatearen arazorik handienak? Azkar batean hasi zait: asko garela, gehiegi; harroen portzentajea altua dela; une oro asaldatuta bizitzeko indar neurtezinak jarri ditugula martxan… Gehiago itxoin gabe, irtenbiderik ba ote den galdetu diot. Baietz erantzun dit, sinple bezain tinko. Eta, apaltxo, zein den edo diren zehazteko eskatuta, horrela erantzun dit: Putza!
Orain gutxi, Bingen Zupiria Euskadiko Barne sailburuak, Athletic eta Rangersen arteko futbol partida zela eta, garbi esan zuen: «San Mamesen sartzeko sarrerarik gabe etorriko diren 2.000 inguru zaleen kontua naturaltasunez begiratu beharko genuke». Bingenek badaki (aitorpen hau kaltegarri gertatuko al zaio? Adimen artifizialari galdetuko) adiskide estimatua dudala, baina hori ezin diot onartu eta adimen artifizialari galdetu diot naturala ote den kilometro mordoa egitea, diru dezente xahutzea, nor bere herriko taberna zulo batean bezalatsu pantailari begira mozkortzeko, garrasi egiteko, kontuak nola doazen sufritzeko-gozatzeko… eta honela arrapostu: Putza!
Athleticen aipamenak bide eman dit galdetzeko irakurri dudan datua egiazkoa ote den: 1756. urtean, Bilboko San Nikolas elizaren inaugurazioa zela eta, dantzaldia antolatu omen zutela Nerbioi ibaian jarri zuten gabarra batean. Kabildoko apaizak ere dantzan aritu omen ziren. Eta baietz ihardetsi. Alegia, Athleticen gabarrak benetako pedigri historikoa duela. Naturala.
Naturala denez, gehienok ez duzue jakingo Frantzisko aita santua zendu dela. Pertsona eta kristau naturala, agian horregatik maitagarri gertatzen zen. Umore oneko izanik, jenio bizia ere bazuen. Argentinarra bete-betean, berritsua eta, naturala, hanka sartzeko erraztasuna zuen. Baina barkamena eskatzeko lotsarik ere ez eta ausardiaz ekin zion Elizan aldaketak eginarazteari. Hainbat kontutan motz geratu zen (dibortzioa, abortua, emakumeen apaizgoa…). Hala ere, mundu osorako ari zelarik eta arerio handiak zituelarik, ez du gutxi egin. Idatzi zituen entziklikak eta exhortazioak (Evangelii Gaudium, Gaudete et exsultate, Amoris Laetitia, Laudato Si…) fedearen alegrantziaz eta maitasunaz jarduten dira batez ere. Mingainaz gainera, beste alorretan ere dantzazalea zen, Vatikanoan tangoa dantzatu baitzuen. Bilboko gabarran atseginez arituko zatekeen, eta agian txistua jotzen ikasiko zukeen etorri izan balitz. Pailazo sudur gorria ere jantzi zuen. Meritu handiagorik! Eta nolako graziaz esaten zuen pucha, euskararen putza-tik datorrela filologoak oraindik konturatu ez diren hitza. Adimen artifizialak egiaztatu egin dit jatorria.
Naturala zer den ari nintzen. Garai batean esaten zen, esaterako, elikagai natural bakarra amaren bular-esnea zela, Naturak pertsonen elikagai izateko sortutakoa. Horixe galdetu diot adimen artifizialari. Berriro, putza bota dit eta zehaztu: aspaldi horrela zen, baina egungo amek, konturatuta edo konturatu gabe, gorputzean sartzen dituzten osagai artifizialak kontuan harturik, dagoeneko ezin baieztapen horri eutsi.
Frantzisko bezalako apaiz katolikoa izan zen Resurrección Maria Azkue lekeitiarra. Eta hark bezala neurrigabeko lana egin zuen, baina honek euskal kulturaren arlo askotan. Ia adin bertsuaz hil zen, laurogeita zazpi urtez eta era harrigarrian. Euskaltzaindian lan egin ondoren 1951ko urriaren 26ko iluntzean etxerako bidean, Nerbioiaren ondotik zihoala, gabarraren kokalekutik ez urrun, txirrist egin nonbait eta uretara erori. Ikusi zuen gizon batek salto egin eta lagundu nahi izan zion, baina euskaltzainburuak aide bidali zuen esanez: «Utzi ni bakean. Lekeitiarra naiz, badakit igeritan!». Eta bere kabuz irten zen uretatik. Handik hamabostera, ordea, azaroaren 9an hil egin zen, irentsitako uraren zikinarengatik, ez baitzioten sabel garbiketarik egin. Ondoan adiskide handia zuen, Federiko Krutwig, euskal elizaren kritikorik zorrotzenetakoa. Frantziskok ere, lurperatzean, horrelakoak nahi izan ditu ondoan: etorkinak, eskaleak, arazoak izan dituzten trans emakumeak… Naturala.
Hala ere, milaka eta milaka pertsona ordu luzeetan itxoitea, hegazkinak hartzea, hainbeste arazo sortzea hilotzaren aurretik igarotzeko, hori ere naturaltasunez hartu behar? Dudan nago gogoratu naizelako Stalin, Franco, Fidel Castro… hil zirenean ere horrelako ilara infinituak antolatu zirela haiek azken aldiz ikusteko. Esamesa zen benetan hilda zeudela konprobatzera joaten ote ziren. Adimen artifizialari galdetu diot naturala ote den. Erantzuten hasi behar zuenean, argindarra itzali egin da. Bingen beste aukerarik ez zait geratuko. Naturala.