EHNE Nafarroako zuzendaritzaren izenean

Nekazaritza eredu familiarra da landa-ingurunea salbatzeko bide bakarra

Patxiku Irisarri Elizagoien
2024ko apirilaren 26a
05:00
Entzun

Bihar, Iruñean, manifestazioa egingo da Nafarroako ekoizle txikien hainbat elkartek horretara deituta, Elikadura burujabetza orain! Desagerraraziko gaituen nekazal eredu industrialari ez! lelopean. EHNE sindikatuak 100 erakunde sindikal eta sozialek baino gehiagok babesten duten manifestazioan parte hartuko du.

EHNEk nekazaritza eredu familiar eta sozial baten alde egiten du, zuzenean eta pertsonalki beren ekoizpen-unitateetan soldatapeko langileen laguntzarekin edo gabe lan egiten duten gizon-emakumeek osatutako eredua, titularren errentagarritasuna eta egonkortasuna eta langileen baldintza duinak bermatu behar dituena. Enplegua sortzen duen eredu bat da, herriak eta haranak elkartzen dituena, lurraldea egituratzen duena, iraunkorra, elikagai osasungarriak eta kalitate onekoak ekoizten dituena, ingurumenarekiko errespetuz jokatzen duena, hura babesten duena eta gure natura-ingurunea zaintzen duena.

Hori da EHNEk gizarteari eskaintzen dion konpromisoa, zeina kontratu sozial baten bidez gauzatu behar litzateke, babesten dugun familia eredu sektore hori bermatzeko. Eredu hori ezar dadin, EHNE-Nafarroan maila guztietan garatu eta sustatu behar ditugun funtsezko bi ideia daude:

Lehena, mugak jartzea. Gainerako sektoreetan bezala, sektore honetan ere ulertu behar dugu baliabideak, ondasunak, beharrak eta sortzen den aberastasuna mugatuak direla; horregatik, modu justuagoan banatu behar dira. Badakigu araudi batek mugatu behar duela zenbat hektarea edo abelburu izan litezkeen, baita nekazari edo abeltzain bakoitzak bere ustiategian kudeatzen dituen diru-laguntzak edo laguntza administratiboak ere. Eta, batez ere, elikadura-kateko protagonista bakoitzaren balio erantsia mugatu behar dela, balio erantsi hori modu justuagoan banatzearen eta eragile bakoitzak, hots, nekazariek, abeltzainek, eraldatzaileek, banatzaileek eta kontsumitzaileek prezio duina izatearen mesedetan.

Bigarren ideia, norberaren aukera da, nagusiki, nekazaritza- eta abeltzaintza-eredua aukeratzea, merkatuek, legeek eta araudiek egindako presioaz harago; gutako bakoitzak aukeratzen dugu zer nekazaritza-eredu gauzatu nahi dugun, gure aukerak eta kontraesanak kontuan hartuta. Geure buruari eta gainerako nekazari eta abeltzainei sinetsarazi behar diegu babesten dugun eredu soziala dela eredurik onena, arlo ekonomikoan, sozialean eta ingurumenari dagokionez epe luzera jasangarria den eredu bakarra.

Nafarroa nagusiki landa-eremutzat hartu izan da orain arte, baina biztanleria-kontzentrazioa geroz eta handiagoa da hiriburuan eta haren eskualdean. Landa-eskualde bat den ala ez erabakitzeko definizio ofizialetan egin daitekeen sailkapenaz harago, gure herri askok bizi duten despopulatzea errealitate bat da. Nafarroako landa-ingurunearen alderdirik kezkagarrienetako bat landa-eremuetatik hiriguneetara alde egitea da (Iruñean eta eskualdean dago biztanleriaren %56, baita enpresen %56 ere).

Landa-ingurune horretan, gure sektoreak, zeinak eragile ekonomiko eta sozial nagusia izan behar lukeen, etengabeko krisi-egoera bat bizi du, geroz eta globalizatuagoa den merkatuaren eta Munduko merkataritza Antolakundearen (MMA) mende dagoen NPBaren ondorioz, politika horrek ez baitu diru publikoaren banaketa bidegabea eta erabilera irrazionala betikotu baino egiten.

Ondorioak berehalakoak eta argiak dira nekazaritza-aktiboen kopuruari begiratzen badiogu, zeinak behera egin baitu ustiategietan, 14.000 aktiboetatik 2.300 baino guttiagora pasatu baikara.

Nekazari eta abeltzain garen aldetik, gure lana, funtsean, kalitate oneko elikagaiak ekoiztea da, kontsumitzailearentzako ahalik eta elikadura-segurtasunik handienarekin. Baina hori baino askoz gehiago da. Ezin dugu ahaztu lurraldearen %90 baino gehiago eta uraren eta haren gisako baliabideen %80 baino gehiago kudeatzen dugula, ingurumen-gaietan gizarteak duen geroz eta eskaera handiagoari erantzuten diogula, ezinbesteko elementua garela lurraldea egituratzeko, azpiegiturak eta komunikazioak mantentzea ahalbidetzen dugula eta, zerbitzu-eskatzaile eta kontsumitzaile garen aldetik, gure jarduera ekonomikoaz gainera, errentak eta enpleguak sortzen ditugula eta herri eta haran bakoitzean landa-kultura zaintzen eta sortzen dugula.

Beraz, ulertzen dugu ezinbestekoa dela datozen urteetan apustu argi eta irmoa egitea sektorearen eta landa-ingurunearen uzte-prozesua leheneratzeko, aberastasun material eta immaterial handia galtzetik belaunaldi bakarrera baikaude.

Europako Batzordeak itun berdea aurkeztu zigun hazkunde-estrategia berri bat bezala, zeinak helburu baitu klimaren aldetik gizarte neutro, bidezko eta oparo bihurtzea, ekonomia moderno batekin, baliabideen erabileran eraginkorra eta lehiakorra dena.

EHNE-Nafarroak beharrezkotzat jotzen du estrategia hori hazkundeari lotuta zehazteari buruz gogoeta egitea. Hazkundetzat ulertzen badugu ondasunak ekoiztea eta kontsumitzea dela ekonomiaren eragilea, betiko akats bera errepikatuko dugu. Jasangarriak eta klimaren aldetik neutroak izan nahi badugu, hazkundea modu guztiz desberdinean ulertzen hasi behar dugu, ingurune-jasangarritasuna eta jasangarritasun soziala eta ekonomikoa kontuan hartuta eta pertsonen artean aberastasunaren banaketa justuagoa izanik hazkunde horren ardatz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.