Gero eta sarriagotan ikusten ditut nerabeak sufritzen. Irakasle naizenetik Bigarren Hezkuntzan, azken urteotan gero eta kasu bortitzagoen aurrean ikusi dut neure burua, eta hortxe batez ere hasten zaigu irakasleoi korapiloa. Nola lagundu nerabeari? Ikastetxean ordu asko baitaude. Bizitza asko dago.
Urteotan haiekin lanean jardutean, dagokizun gaia erakusteaz gain mundu asko dagoela erakusten dizu eguneroko jardunak. Nerabeak edo adoleszenteak sarri galdurik ikusten ditugu, noraezean, nora joan ez dakitela, harrapaturik, irtenbiderik ez balego bezala.
Eta bai, zulotik ateratzen da, argia ikusten da, baina hainbat nerabek ez dakite hori, eta beldurrez, izututa, galduta bizi duten aldaketa handian, sarri norabiderik gabeko zurrunbilo batean ikusten ditugu.
Errazena, noski, sasoiko gauza dela pentsatzea da, eta onena ezer ere ez egitea dela, ez esku hartzea, denboraren igarotzeak berak konponduko balu bezala datorren egunean, goizeko zortziak eta erdian, berriro aurkituko duzun errealitatea.
Baina ez da Einstein izan beharrik jakiteko hortxe diraukeela arazoak esku hartze arduratsua ez bada sarean gertatzen, edo behintzat norbaitek laguntzen ez badio nerabe horri: aditzera emanez konfiantza duzula harengan, lagunduz behar duen horrexetan, edo zuzenean ezin bada zeharka akademikoki mundu aberatsa erakutsiz, eta nerabeari komunikatuz ez dela hain zaila, atetxo bat irekitzen diozula bertan gogotsu ibil dadin, eta bide berean bizitzarako konpetentziak eta autoestimua gara ditzan.
Prebentzioa, laguntza, zerbait egitea edo hori baino gehixeago egitea eskatzen digu ikasleak, aurrean dugun pertsonak, eta asmatzeak lanak badakarzkigu, merezi duelako, beren garapena balioesten dugulako murgildurik gabiltza buru-belarri ikusten ez diren lanotan, geure onena eskainiz eta, ikasgaiei ez ezik, uste diren baino arazo gehiagori ere aurre eginez gure gizartean. Ezen azken finean, guk, irakasleok, une horrexetan sufri genezakeenaren parean, nerabeak nozitzen ari direna gehientsuenetan askoz gehiago baita.
Eta konponbiderako giltza, bidean, zulotik ateratzen dela komunikatzea da, eta jakina, irtetea, eta berriro ez apurtzeko bidea erakuts geniezaieke, eta egiten dugu, begirunez, maitasunez, arnasa hartzearen balioa erakutsiz, beren ongizatean lagunduz, ezen hezkuntzak etorkizuna baitu, eta gu geuk, irakasleok, dugun lanik zoragarrienetakoan konprometituz, ikasleen onena, altxorra atera baitezakegu. Hala biz!