Niger: Mendebaldearen hipokrisiak ez du mugarik

2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Nigerren, Afrikako beste herrialde batzuetan bezala, Mendebaldearen aurkako eta, bereziki, Frantziaren aurkako sentimendu olatu bat sortu da. Horko azken estatu-kolpea, eta Mali, Burkina Faso eta Gineako altxamendu militarrak eta beste herrialde batzuetako protesta masiboak horren adierazgarri dira. Zer gertatzen ari da?

60ko hamarkadan askatasun haize batek jotzen zuen Afrikan. Bazirudien kontinenteak emantzipatu egin nahi zuela, eta halaxe gertatu zen laburki. Patrice Lumumba, Amilcar Cabral, Kwame Nkrumah edo 80ko hamarkadan Thomas Sankara bezalako izenak entzuten ziren. Horiekin guztiekin batera Afrika berri horrek ibilbide berri bat hasi nahi zuen, Mendebaldearen partetik jasaten zuen esplotazio eta umiliaziorik gabe. Hala ere, emantzipazio-prozesu horiek guztiak Mendebaldeko potentzien esku-hartzearekin amaitu ziren. Ezin zen onartu Afrika independente eta bere patuaren jabe bat, Europako potentzien babesik gabe. Buruzagi afrikar gehienak Europako eta AEBetako armadek eta zerbitzu sekretuek hil zituzten.

Gauzak bere bidera itzuli ziren. Mendebaldeko agintari txotxongiloek zuzendutako independentzia formala baimendu zen. Hori bai, kontrol ekonomiko zorrotzaren menpean. Gaur egun, adibidez, Afrikako hamalau herrialdek, eta horien artean Nigerrek, CFA frankoa dute txanpon gisa. Beraien erreserba ekonomiko erdia baino gehiago Frantziako Altxorrean egotea behartzen du, eta horren ondorioz, Frantziako Estatuak bere debaluazioak erabakitzen ditu. Finantza-kolonia hutsak besterik ez dira. Era berean, Afrikako baliabide natural gehienen ustiapena Europako herrialdeen, AEBen edo Mendebaldeko enpresa transnazionalen esku dago. Niger munduko laugarren uranio ekoizlea da. Ustiapena Somaïr sozietateak (Société des Mines de l 'Aïr) kudeatzen du. Beraren jabetza %85 frantsesa da eta %15 nigerkoa. Frantziako bonbillen heren bat Nigerren uranioak argitzen dituela kalkulatzen da. Hala ere, Afrikako herrialde horretan, pertsonen %80k ez dute elektrizitaterik.

Zer gertatu da sentimendu afrikanista eta Mendebaldearen aurkako hori berriro sortzeko? Ez dago analista politiko sutsua izan beharrik hainbeste umiliaziok eta mespretxuk gorrotoa eta erresistentzia sortzen dituztela ohartzeko. Zoritxarrez, leku batzuetan jihadismoaren itxura desesperatua hartu du, batzuetan Mendebaldetik sortua eta elikatua. Etsipenezko erantzuna da, baina ez da batere positiboa herrialde horientzat, beren populazioa, kasu askotan gehiengo musulmanarekin, zapalkuntza berri baten mende jartzen baitu. Hala ere, ulergarria da edozein irteera bilatzea Mendebaldearen menpean egotearen aurrean. Dena den, ez da erantzun bakarra izan. Hainbat herrialdetan beste erresistentzia modu askatzaileagoak sortzen ari dira. Gauza askotan definitzeke daude oraindik, baina prozesu zilegizkoak dira, eta litekeena da kontinente gaizki tratatu horren askapenerako bidea zabaltzea.

Mendebaldearen erantzuna berehalakoa izan da. Nola altxa daitezke beltz zikin horiek gure agintearen aurka! Gobernu frantsesetik, yankitik eta beste europar batzuetatik hori adierazten ari direla ematen du. Egoera alderantzizkoa balitz, zein izango litzateke gure jarrera? Irudika dezagun une batez funtsezko gobernu aldaketa bat Frantzian. Nigerren Gobernua kritiko agertu eta esku hartzeko eskubidea, baita militarki ere, aldarrikatuko zuela boterea Nigerren Gobernu txotxongilo bati itzultzeko. Imajinatzea ere zail egiten zaigu eta onartezina irudituko zitzaigun. Zergatik ez da gauza bera egungo egoerarekin? Afrikarrak errespetua merezi duten pertsonak dira. Jakina, Mendebaldeko politikek argi eta garbi erakusten dute ez dugula uste «beltz basati» horiek giza eskubideak merezi dituztenik.

Espero dut Afrikak borroka- eta emantzipazio-bide horretatik jarraitzea. Ezinbestekoa du askapen bideak aurkitzea, eta hori soilik Mendebaldeak gidatzen duen sistema kapitalista honen aurka borrokan izango da. Pairatzen dugun sistema honek gutxi batzuk aberastu eta gizadiaren gehiengoa pobretu eta sufriarazten du.

Animo anai-arreba afrikarrak! Beste mundu bat posible da, eta ezinbestekoa da. Metropolietatik,mundu horretan sinesten dugunok beti izango gaituzue zeuen ondoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.