Ugari gara Euskal Herrian lanean dihardugun irakasle emakumeak*. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gabiltzanok tentsio eta hainbat neraberen kontrolik eza ditugu bizigai, baina, gainera, emakumea* izanez gero, sexismoa gehitu behar diogu egoera horri.
Kalean emakumeok* gizonek jasan behar izaten ez dituzten eraso matxistak nozitu ohi ditugu. Bada, hori ere gertatzen da ikastetxeetan bertan. Gainera, eskoletan, gizonek ere erasoak jasaten dituzten aitzakian, ikusezin geratzen da irakasle emakumeekiko* indarkeria. Indarkeria sexista pairatzeko arriskua emakume orok du. Terry Threadgoldek unibertsitateko irakasleak aztertutakoaren (1995) arabera, gaztetasunak eta emakume izateak ikasleen tratu txarrak jasateko faktore arriskutsuak dira. Gauzak horrela, arrisku egoeran bizi garen hainbat irakasle emakume* gaztek ikasleen eraso bortitz onartezinak pairatu behar izateraino.
Ikasleei dagokienez, zuzena da adin txikikoei babesa ematea, baina tentuz ibili behar da; batzuk babesten ari garen heinean beste batzuk alde batera uzten ari bagara, honela ez goaz inora.
Hemen benetan ondo ez doana sistema bera da, batzuen indarkeria asumitua baitu matxismoak sortua dela onartu gabe. Hori aldatu ezean, nekez izango dugu hobekuntzarik. Hala eta guztiz ere, irakasleok gutxieneko babesa jaso ahal izaterainoko baliabideak ezarri daitezke, eta emakumeenganako* indarkeria tabu izateari utzi.
Guretzat prestatuak dauden ikastaroak, esaterako, esertzeko posturei buruzkoak edo «Bideko lan arriskuen prebentzioa» dira. Ez dugu inongo ikastarorik ikasleek kotxeko gurpilak zulatuz gero zer egin edo ikasleek jokabide sexistak izanez gero nola aurre egin jakiteko.
Andaluzian, EAEn ez bezala, dagoeneko B2 Consultores Marketing Estrategico enpresak Andaluziako Institutuko Irakasleen Elkartearentzat (APIA) egina duen azterlana aipatzea ezinbestekoa da. Bertan jasotako datu esanguratsuetako bat da Andaluzian irakasle diren emakumeen* %84k hitzezkoa edo fisikoa den erasoren bat pairatua duela. Hortik haratago, irakasle emakumeekiko* indarkeriak beldurra, segurtasunik eza, kulpa izatearen sentimendua, estresa... dakarkigu.
Euskal Herrian egoera gatazkatsuak egunerokotasunean izan ditugu eta ditugu bizigai. Teorikoki saltzen diren elkarbizitza planak zein beste hainbat proiektuk gehienetan itxura egiteko besterik ez dute balio.
Amaitzeko, emakumeok* irakaskuntzan nerabeekin pairatzen ditugun eraso sexistak hor daudela argi eta garbi helarazi nahi dugu, eta utzi dadila «gizonek ere pairatzen dute berdin-berdin», «nerabeak dira»... zein beste hainbat aipamen egiteaz egoera tapatuz eta normaltzat joz. Ezin al da normaltzat jotzen den egoera jasangaitz hori deseraiki eta beste errealitate bat eraiki? Ez dugu inongo babesik, eta egoera okerrera doa. Noiz arte?
ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE: KARMELE ALDABALDETREKU ITURBE, MIKEL GARAYAR GARMENDIA, AINHOA CALVO MANEIRO, AITZIBER SANTA CRUZ UGALDE, ELI LABURU LABAKA, MIKEL MENDIZABAL IZTUETA, EDURNE ELIZALDE LUJANBIO, NORA ALEJOS AZKONA, MAITE LARRAZ IRIBAS, ANA ISABEL LAGUARDIA GARMENDIA, MARI CARMEN GIRAL RAMO, MARIJO TELLETXEA TOLOSA, ARANTZAZU FERNANDEZ, ANDONE MARI?N BALERDI, REGINA ADARRAGA BUENO, KARMEN ZABALETAZABALETA, NORA ILLARRETA ELIZEGI, JON MERCERO ETXABE ETA AITZIBER ARANBURU SUKIA.
Noiz arte?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu