Non da nire haurtxoa?

Irungo Harrera Sarea
2020ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Non da nire haurtxoa? Joseph sei hilabete zituela hil da. Libiako kostaren parean Mediterraneoak irentsi du, bidaia egiten ari zen txalupa hondoratu denean, haren amak «Non da nire haurtxoa?» oihukatzen zuen bitartean. Irungo Harrera Sareak beste Joseph eta beste amei harrera egingo zien, baina haiek ez ditugu ezagutuko.

Joseph eta haren ama, Afrikatik, Asiatik, Latinoamerikatik, Iparralde aberatsak pobretu dituen herrialdetatik migratzera beharturik izan diren pertsona guztiak bezala, bidaia beldurgarri bat egitera behartuak izan dira. Modu seguru eta duin batean egin zezaketen bidaia.

Baina ez. EBk eta berau osatzen duten herrialdeek aspaldian ezezkoa erabaki zuten, eta geroz eta neurri anker eta krudelagoak hartzen dituzte pertsona hauek bidaiatu ez dezaten. Senegalek dolu eguna deitu zuen azken asteetan itsasoan hildako ia 500 herritarrengatik. Ginea Konakry, Mali, Boli Kosta, Nigeria, ia Afrika osoko herrialdeek bat egin zezaketen doluarekin. Emakume eta gizon askok etorkizun duin bat bilatzeko bizia arriskuan jarri edota bizia bera salbatzeko beste aukerarik ez duten bitartean, Giza Eskubideak aldarrikatzeaz zoriontzen diren estatu europarrek heriotza horiek ez ekiditea edota eragitea erabakitzen dute. Hiltzaileak izatetik geroz eta hurbilago, euren aparatu guztia, militarra, teknologikoa, politikoa eta legala abian jartzen dute, behar den guztia, itsasertz honetara iritsi daitezen ekiditeko. Salbamendu lana egiten duten GKEei lan egitea debekatzeraino, batere inprobisatua ez den Mediterraneo itsasoko hilobi horretan.

Ez gaitzazue nahastu, ez ezazue mafiez eta trafikoaz hitz egin. Hauek zuen neurrien ondorioak dira. EBk agertoki eta egoera krudela prestatzen du, itsasoak egiten du gainerako lana. Eta ez da arrastorik geratzen. Pertsona hauen familiek ez dute sekula jakingo hil edota inora iritsi diren.

Afrikak, pobretutako gainerako herrialdeek bezala, ez ditu EBk jasanarazten dizkion arrazakeria, xenofobia, heriotza eta esplotazioa merezi. Europar biztanleriak ez ditu gobernari hauek merezi. Ala bai?

Non da nire haurra?, oihukatzen zuen berak. Non daude Europa eraiki zeneko justizia eta gizatasuna, guk. Ez daude migrazio politika arrazistetan, inondik inora ere militarizatutako mugetan. Une honetan Greziako pertsona errefuxiatuen kanpalekuetan kixkaltzen ari dira, Mediterraneo itsasoan itotzen ari dira. Baina desagertzen eta erailtzen dituzten heinean, Irungo Harrera Sarea bezalako giza mugimenduok pertsona guztien zirkulazio askatasunaren alde borrokan jarraituko dugu, migratzeko bide seguruen alde, harrera duin baten alde. Eta agian, geure gizarte europarrei kentzen saiatzen ari zaizkigun gizatasuna itzultzeko aukera izango dugu. Gizatasuna berreskuratzen lagunduko diguten beste Joseph, emakume zein gizonei harrera egiten jarraituko dugulako.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK IDATZI DUTE: Anaitze Agirre Larretak, Oihana Galardik eta Itziar Gomez Sarasolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.