Amaia Nausia Pimoulier.

O-11, guraize efektua eta baztertuen artean baztertuenak

2022ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Otsailaren 11Neska eta Emakumeen Eguna Zientzian da, STEM lanbideak (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika) sustatzeko. Dirudienez, gu baino belaunaldi gazteagoetan ikasketa horietan emakumeen ehunekoa murriztu egin da. Gizartearen modernizazioak zifra horren handitzea ekarriko zuela zirudien arren, genero-rolak ez dira hala-nola aldatzen, eta horregatik kanpaina bereziak egin behar dira emakumezkoak horrelako eremuetara erakartzeko. Eta oso egokia ikusten dut, nola ez.

Baina, Giza Zientzien eremuko ikertzailea izanda, Historia arlokoa, zehazki, galdera bat dut: Otsailaren 11k ere aitortzen gaitu ala Emakume Ikertzaileen Eguna behar dugu? Zientzia klasikoetakoek beti gutxietsi gaituzte, ez al gara orduan Letretako eremuko emakumeak baztertuen artean baztertuenak?

Berez, eremu akademikoan emakume gutxi egotea ez da bakarrik Zientzia klasikoen eremuaren kontua. Ahaztu gabe Historia, hobekien ezagutzen dudan eremua izateagatik, baina baita beste Giza Zientzien eremuetan ere, ikerketen ikuspegiak oso androzentrikoa izaten jarraitzen duela. Bestalde, nahiz eta egia den Giza Zientzien ikasketetan, lehen mailetan batez ere, emakumezkoen presentzia bermatuta dagoela, karrera akademikoan edo ikerketa ibilbidean gora egin ahala, gure presentziaren ehunekoa izugarri jaisten da. Honi guraize efektua deritzo.

Estatu espainolean egindako ibilbide akademikoaren inguruko ikerketa baten arabera, gizonen eta emakumeen proportzioa aldatzen doa eskalafoi akademikoaren mailaren arabera. Hau da, Espainiako Unibertsitate Ministerioak emandako unibertsitate-sistemaren datuen arabera (2019-2020 edizioa), guraize-efektuak gure pertzepzioa distortsionatzen du erabat. Izan ere, Giza Zientzietan berdintasun arazorik ez dugula pentsa dezakegu ibilbide akademikoaren lehen pausoetan emakume asko daudelako, baina horietatik zenbat iristen dira goi mailako ikerketa ibilbidea egitera?

Esan beharko genuke, beraz, Zientziako eta Giza Zientziako emakumeok sakoneko gaitz berak partekatzen ditugula.

Beraz, zergatik ez dugu Humanitateetako emakumeok Otsailaren 11 eguna gure sentitzen? Hemen bi arrazoi aurkitzen ditut. Lehena, Zientzia klasikoetatik Humanitateekiko egon izan den mespretxu klasikoa. Eztabaida hau ez da oraingoa, Giza Zientzien eremuan egiten diren ikerketak zientziatzat har daitezke? Izan ere, hein handi batean antagonikoak diren bi ikuskera daude hemen. Alde batetik, zientziaren kontzeptu ideologikoago bat dago, jakintzen hierarkizazio interesatu baten ondorio dena.

Hori litzateke iruditegi kolektiboan arrakasta gehien izan duen ikuspegia, gurea ezin dela izendatu zientzia bezala. Bestalde, zientziaren kontzepzio zabalago batek metodologia zientifiko batean oinarrituta dagoen guztia zientziatzat har dezakegula esanen liguke.

Giza Zientziekiko begirada adeitsu horrek nekea sortzen dit. Ez al da izango, hain zuzen ere, Giza Zientziak eta Arteak mespretxatuak izan direla emakumeok bertan dugun presentzia handiagoa izan delako? Berdin gertatu izan da mendeetan zehar zaintzarekin: emakumeen esku egon denez, ez du prestigiorik inoiz izan. Eta iruditzen zait, gainera, mundu kapitalista eta produktibista honetan Humanitateekin zerikusia duten eremuek ez dutela prestigio sozialik ez dutelako ezer materialik produzitzen. Emakume historiagile, filosofo, filologo, soziologo eta abar luze batek ez dugu ekarpen interesgarririk egiten sistema produktibistaren ikuspegitik, eta hortik ere mespretxua.

Zientzian emakumeen egunarekin gertatzen zait hizkuntza inklusiboa erabiltzen ez denean bezala, integratuta nagoen ala ez asmatzen ibili behar dudala. Beraz, zalantzaren aurrean eta inork zuzenean deitzen ez banau, baztertuta sentitzen naiz, gaztelerazko maskulino generikoarekin gertatzen zaidan bezala.

Orain, baina, zalantza batekin geratzen naiz, 2023ko Otsailaren 11rako utz dezakeguna: zein izan beharko litzateke helburua? Zientziaren kontzeptu inklusiboago baten alde borrokatu, edo Emakume Ikertzaileen Eguna asmatu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.