Obamaren bisita Belfastera

Mairtin O Muilleoir.
2013ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ohore aparta izan dut obamatarrei ongietorria egin ahal izan baitiet, irlandarron agurrerako modu tradiziozkoan: «Aloha». Tira, entzun du are eta tradiziozkoagorik ere: «Céad Míle Fáilte» (Ehun mila bider, ongi etorri!). Tonu horrek adierazten du zenbateraino den, batetik, ospakizun bozkariozkoa Belfasten gozatzen ari garen bake giroa, eta, bestetik, gogoetarako abagune Obama presidentearentzat, hiri eraldatu batez jarduteko, gerrabide zena hizpide bihurtua izaki.

Gaur egun, hiri eraldatu bat ikusi du Obamak, hogei urteko bakebidetik etorritako emaitza, eta irlandar-amerikarren erabakimen tematiaren, Clintonen agintaldian Etxe Zuriak hartutako arriskuen eta George Mitchell senatariaren aizkorakada diplomatikoen ondorio; hark elkartu zituen bi arerio ageriko, 1998an, Ostiral Santuko akordioa sinarazita. Niretzat, mugarri pertsonal eta politikoa izan zen. Belfasteko Udal Kontseiluan izan nuen lehen bileran, 1987an, kanpora atera ninduen Poliziak, hamar minutu barru; garai hartan, balen kontrako txalekoa jantzita joaten nintzen egunero lanera, eta galarazia zidaten orain nagoen bilera aretoan egotea ere.

Gaur egun, Ameriketako Estatu Batuetako hirietan beretan barik, Belfasten dute bizilekua amerikarren gainek eta bikainek. Hemen dago NYSE New Yorkeko burtsa, bai eta Citi, AllState, Bloomberg, Cybersource eta Liberty Mutual ere.

Baina bakea ez da bere kasa etortzen. Bake dibidendu bat banatzea dakar berekin; gehienbat eta nabarmen, lanpostuen bidez. Horrek ez du esan nahi Amerikaz beste lekutzea lanpostuak, baizik eta Europan oinarri bat ezartzea ongi prestatutako langile talentudunak nahi dituzten Estatu Batuetako konpainiak hedatzeko. Eta, jakina, Estatu Batuak irekitzea Irlandako enpresariei. Hain zuzen ere, Estatu Batuetako konpainiek 120.000 enplegatu dituzte Irlandan barrena; baina, hain jakinekoa ez bada ere, Irlandako konpainiek 100.000 pertsona inguru dituzte enplegatuak Estatu Batuetan; esaterako, lanpostu horietatik sei, nik neuk argitaratzen dudan Irish Echo egunkari irlandar-amerikarraren bidez.

Baina Belfastentzat, ekonomiaz harago doa Amerikarekiko lotura. Odol, kultura eta komunitate loturek batzen gaituzte irlandar-amerikarrekin eta eskoziar-irlandarrekin, haien arbasoek —herrialde honetako jazarpenetik eta gosetetik ihesi— «malkoen katilua» gurutzatu baitzuten babesbila.

Edozein tradiziotako amerikar guztiak ari dira itzultzen. Inoiz baino jendetza handiagoak datoz aurten bisitan Irlandara, The Gathering ospakizunen urte honetan, eta, inoiz baino gehiago, Belfast dute beren ibilbideko helmuga, Titanic Belfast turismo bulego eskergara jo eta Tronuen Joko ezaguneko kokalekuen inguruko itzuliaz gozatzeko asmoz.

Eta, gaur, Obama presidenteak —itzuli den beste irlandar-amerikar batek— berretsi egin du Amerikaren konpromisoa, Belfasteko bakegileokin batean jardutekoa baldin eta aurrerantz segitzen badugu. Gaur entzule izan dituen gazte horiexek bermatuko dute guk eutsi egiten diogula tratuaren gure parteari.

Irlandan esan ohi dugunez, elkarren babesean bizi gara guztiok (ar scáth a chéile a mhairimid). Esaera zahar hori baliagarri gerta dakioke Obama presidenteari, Belfastetik G8koen goi bilerara joan baita, mundu zabalean hil edo biziko ondorioak dituzten auziez eztabaidatzera.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.