Sorreratik izan da Maiatzaren Lehena lan esparruko jardunaldia baino gehiago: lubakia izan da, munduko aberastasuna ekoizten duten pertsonen eskubideen aldeko borrokarako. Gerren, autoritarismoaren eta militarismoaren aurka ahotsa altxatzeko eguna ere izan da. Gaur, inoiz baino beharrezkoagoa da espiritu borrokalari eta etiko hori.
Mundu mailako gerra garaia bizi dugu: 42 gerra aktibo eta 54 gatazka armatu zenbatu daitezke munduan. Baina Ukraina, Palestina, Itsaso Gorria edo Sahel moduko batzuk soilik agertzen dira hedabideetan, Kongoko genozidio isila, esate baterako. Eta horrekin batera, inoiz baino handiagoa da munduko gastu militarra, bizi baldintzak okertuz doazen une berean. Gerra logika hori ez da gertatzen, ordea, halabeharrez; aitzitik, kontrolerako, menderakuntzarako eta negoziorako estrategia bat da, demokrazia higatzen duena, autoritarismoa normalizatzen duena, eta ekonomiak armen boterearen menpe jartzen dituena.
2025eko mapa globalak paisaia atsekabegarria erakusten du: Errusiak Ukrainan egindako inbasioa, Gazako palestinar herriaren aurka oraindik dirauen genozidioa, Sudango, Yemengo edo Haitiko gatazkak eta Asiako nahiz Itsaso Gorriko tentsio militarrak ez dira fenomeno isolatuak, etengabeko gerraren logika sistemikoaren adierazpen askotarikoak baizik.
Hiru urte baino gehiagoko gatazka irekiaren ondoren, Ukrainako gerra militarki gelditu da, baina aurrera jarraitzen du suntsipen sozialari, pertsonen lekualdatzeei eta higadura moralari dagokienez. Milioi erdi hil eta milioi bat zauritu baino gehiago, milioika pertsona lekualdatuta, hiriak suntsituta, herrialdea zatituta. Mendebaldeko potentziek proxy gerra bihurtu dute gatazka; izan ere, armak eta funtsak bideratzen dituzte eta, aldi berean, benetako edozein negoziazio saihesten dute. Bitartean, ukrainarrek beren biziekin eta lurrarekin ordaintzen dute, eta zalantzaz betetako etorkizuna dute aurrean. Aldi berean, errusiar herriak ere jasaten ditu gero eta barne errepresio handiagoa, gerrako ekonomia eta estatua elite militar oligarkikoak harrapatu izana.
2023ko urritik hona, aurrekaririk gabeko erasoaldia egin du Israelek Gazan: 60.000 hildako baino gehiago eragin ditu, gehienak zibilak, emakumeak edo haurrak; arma kimikoekin biztanleria zibilaren aurkako erasoak egin ditu; laguntza humanitarioa iristea eragotzi du, eta, horrela, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren logika oro urratu; eta azpiegitura zibila suntsitu du (ospitaleak, eskolak, unibertsitateak eta ur nahiz energia sareak). Nazio Batuek eta giza eskubideen aldeko hainbat erakundek gerrako krimentzat eta gizateriaren aurkako krimentzat jo dituzte, baina nazioarteko komunitateak beste alde batera begiratzea erabaki du.
Donald Trump AEBetako presidentetzara itzultzeak areagotu egin du noraeza. Haren indar eta handitasun diskurtsoak bizkortu egin ditu nazioarteko konfrontazio agenda, militarizazioa eta eskubideen atzerakada. Trumpek inoizko aurrekontu militar handiena agindu du, baita armategi nuklearra hedatzea eta armagintzaren teknologia areagotzea ere. Testuinguru horretan, Europako eliteak ere ari dira sustatzen berrarmatzea eta logika militarista nagusitzea: 2024an, munduko gastu militarra 2,2 bilioi dolarretik gorakoa izan zen. Armagintzaren industriak gora egin du, eta, bitartean, zerbitzu publikoak eskasten ari dira.
Baina badaude erresistentziak ere. Mugimendu feministek, ekologistek, sindikalek eta arrazakeriaren aurkakoek salatu egiten dute gerra, eta menderakuntzako logika patriarkal, kolonial, estraktibista eta klasekotzat jotzen. Palestinako emakumeetatik hasi eta klima aldaketaren aurkako grebetaraino edo desobedientzia zibileko mugimenduetaraino, hazten ari da justiziazko bakea defendatzen duen erresistentzia global askotarikoa eta sortzailea.
Gerrak prezio bat du, eta langile klaseek ordaintzen dute. Baliabideak arlo sozialetik arlo militarrera transferitzen ari dira, gero eta nabarmenago. Alemaniak, Frantziak eta Espainiak bikoiztu egin dute defentsako gastua, eta, aldi berean, gora egin dute prekaritateak, etxegabetzeek eta pobreziak.
Euskal Herrian bertan ere ikusten dugu industria militaristaren lobbyen presioa, hala nola Zedarriak foroak egiten duena, ekoizpen militarrarekin lotutako industriaren nahiz zentro teknologikoen benetako abangoardia baita, Eusko Jaurlaritzarekin akordioak bultzatzen dituena.
Euskal Herrian kontraesan nabarmen bat ikusten dugu. Alde batetik baditugu helburu militarreko berrikuntzan diharduten unibertsitateak, armagintza enpresei ematen zaizkien diru-laguntzak, gerran dauden herrialdeetara egiten diren esportazioak... Baina, bestetik, badugu erantzun sozial sendoa ere. Izan ere, gerrak hil egiten du, eta hondamendia sortzen; baina horrez gain, pobretu egiten du, zatitzen, eta eskubideak ezabatzen.
Testuinguru horretan, Maiatzaren Lehenak jatorrizko indarra berreskuratu behar du. Ez bakarrik lan eremuko aldarrikapen gisa, baizik eta basakeriaren aurkako erresistentzia orokor gisa. Ezezko borobila oihukatu behar zaie militarismoari, potentzia erasotzaileei, gerraren industriari eta korporazio interesek boterea ebasteari.
Maiatzaren Lehenak aldarrikapen hauek guztiak defendatzeko eguna behar du izan: justiziazko bakea, langileen duintasuna, herrien burujabetza, eta inorentzat kanoi-bazka ez izateko eskubidea. Palestinatik Euskal Herriraino, Europako kaleetatik Hego Globaleko auzo pobretuetaraino, sareak ehuntzen dira, honako hau diotenak: Aski da! Bukatu dira gerrak! Ogia, osasuna, hezkuntza, kultura eta bakea!
Gaur bakea aldarrikatzea oso ekintza iraultzailea da. Eta aldarrikapen hori Maiatzaren Lehenean egitean, ohore egiten zaie langileen memoriari, borroka feministei, internazionalismoari eta bizitzari berari.