Begien bistakoak dira patronalak egunotan egindako presioa eta erabaki politikoetan eragiteko duen gaitasuna. Milaka langile behartuta daude beren lanpostuetara —ez funtsezkoak— bueltatzera, kapitalaren irabaziei eusteko. Enpresa handiak, milioika euroren irabaziak dituztenak, aldi baterako erregulazioak ezartzen ari dira, eta gero denon artean ordainduko ditugu. Esana daukagu: kapitalak ez du inoiz galtzen, eta, larrialdi edo shock egoeretan (Naomi Kleinek azaldutako zentzuan), ahal duen guztia egingo du areago indartzeko.
Orain datorren krisia dagoeneko aurkeztua dute iraganeko egoera ezinago beldurgarrien pare (framming-aren teoria). Hazkunde ekonomikoaren atzeraldia 36ko gerraren inguruko garaiekin konparatu dute; iruditeria kolektiboan, gerraostearekin lotzen dira garai horiek, eta segidan izandako 40 urteko diktadurarekin. Kontakizun beldurgarria da, eta ohartarazten digu orain datorrena latza izango dela (oso). Kontakizun aproposa da gizarteak pixkanaka kontzientzia har dezan gerrikoa estutu beharko dugula berriz, eta onartu beharko dugula halabeharrez murrizketak izango direla bizi kalitatean eta langileen lan baldintzetan. Langabezia %20 handituko da: hasia da kanpoan ez geratzeko borroka.
Marko horretan, badago elementu bat oraindik ukiezina dena. Merkatuaren jokalekuan gaude oraindik, eta hazkunde ekonomiko mugagabearenean, eta ez gara gai, Lakoffek planteatutakoari jarraikiz, elefanteaz pentsatzeari uzteko. Oraindik ez gara gai esan ezin den hori esateko (kapitalismoak esklabo bihurtu eta ito egiten gaitu), eta egungo eredu ekonomikoa zalantzan jartzen ez duten formuletan pentsatzen segitzen dugu. Pronostiko txarra gehiengoarentzat.
Osasun larrialdi honek agerian utzi du ezin garela egon merkatuaren gorabeheren menpe. Sistema publiko sendo bat behar dugula, eta segurtasun eta konfiantza sozial bat modua emango diguna etxean geratzeko eta produkzioa eteteko gure osasuna eta bizia arriskuan badaude. Zein kontsumo ondasun diren beharrezkoak eta zein ez bereizteko ere balio izan du, eta baita funtsezkoak diren arloak (zaintza, elikagaiak, nekazaritza, osasungintza eta abar) eta beharrezkoak ez direnakbereizteko ere (adibidez, ehungintza; gainera, munduko sektorerik kutsagarrienetako bat da, eta mundua aspaldi ari da ohartarazten —gutxienez 1972an Meadows txostena egin zenetik egungo (gain)produkzio sistema ez dela jasangarria, ez ekologiari dagokionez, ez alderdi humanoari dagokionez).
Argi esan behar da bizitzeko eskubidea eta lanerako eskubidea deslotu egin behar direla, eta, hori posible izango bada, herritarrek bermatuta eduki behar dute duin bizi ahal izatea (bizitzeko leku bat edukita, osasun sistema bat, hezkuntzarako eskubidea bermatua), merkatuak beren ahaleginari esker bizimodua ateratzeko moduko lanposturik ematen ez badie ere. Hautsi egin behar dira sistema justifikatzen duten diskurtsoak eta lanaren etika protestantea: lan egiten ez dutenak ez dira alferrak, nagiak eta bizkarroiak. Ez: kontua da merkatuak ez duela lanik eskainiko denontzat. Eta, gainera, aztertu beharko litzateke zer lan diren horiek; izan ere, merkatua iaioa da beharrezkoak ez diren lanpostuak eta, are, gizartearentzat kaltegarriak direnak sortzen (lan kakatsuak, Graeberrek zioen moduan: oro har ekarpen baino kalte handiagoa egiten dutenak).
Krisi honek aukera paregabea eman digu gogoeta hau egiteko. Behar-beharrezkoa da egungo sistema ekonomikoak ezarritako lanaren etika inposatua haustea, eta aldarrikatu behar da diru sarrerak izateko eskubidearen ardatza ezin dela izan lanpostu bat edukitzea, eta ezin dela egon horren mende. Eta, hala ere, sistemaren makineria hasia da merkatua zuritzen eta talde kontzientzia bat sortzen: merkatua salbatu behar omen da harekin hondoratu ez gaitezen.
Oinarrizko errenta unibertsala (OEU) tresna eskuragarria da egun, eta desiragarria. Dagoeneko, Frantzisko aita santuak berak ere egiten du horren alde. Baldintzarik gabekoa izan dadila, unibertsala, eta ezar dadila guztiok existitze hutsagatik daukagun eskubide gisa. Berdin dio Bill Gatesek ere jasotzea: garrantzitsuena da denok jasotzea. Errenta handienak dituztenei zerga erreforma bat egitea eskatzen du (Bill Gatesek jasoko luke, baina, batu eta kendu, ez luke ezer irabaziko). Unibertsala eta baldintzarik gabekoa izateak soilik bermatuko du giza eskubide bilakatzea. OEUak murriztu egingo luke merkatuaren gorabeherekiko mendekotasuna; askatasun handiagoa emango luke lanpostuak aukeratzeko, eta negoziazio ahalmena handituko luke lan merkatu gero eta prekarizatuago honetan. Are, lanorduak gutxitzeko modua emango luke, eta, hala, denbora gehiago utziko luke aisialdirako, harremanetarako eta enplegu sistematik kanpo dauden beste jarduera batzuk egiteko, behar kolektiboak asetzera eta komunitatearen ongizatea bultzatzera bideratuak. Ikuspegi feministatik, emakumeei independentzia handiagoa emango lieke, baina, horrez gain, zaintza lanak aitortuko lituzke, eta haien balioa nabarmendu (ez OEUak bakarrik, noski), tradizioan emakumeek egin baitituzte lan horiek, musu truk eta modu ikusezinean.
Eta, hala eta guztiz ere, baldintzapeko betiko sistemetara jotzen dugu oraindik. Aspaldi frogatu da ezen diru sarrerak bermatzeko errentaren gure sistema, Europan erreferentziazkoa izanik ere, ez dela iristen gehien behar dutenengana. Espainiako Estatuko gobernu berri aurrerakoiak bultzatutako gutxieneko errentaren sistemak eskema zaharrei jarraitzen die: ez da ez unibertsala, ez baldintzarik gabekoa, eta familian eta haren ikuskerarik tradizionalenean ardaztuta dago. Hobeto egin dezakegu.
Euskadik baditu baliabide ekonomikoak saio bat abiatzeko eta eremu horretan abangoardista izateko. Eta ez du balio trukean osasungintza, hezkuntza eta pentsioak pribatizatzea. Euskadik baditu baliabideak. Jendearekin egin behar da lan: herritarrek gogoeta egin behar dute baldintzarik ez jartzeari buruz. Hori da gehien kostatzen dena. Izan ere, merezimenduaren ideiarekin funtzionatzen dugu oraindik: «modu produktiboan» lan egin behar dugu bizitzea merezita edukitzeko. Lazgarria da. Baina muinetaraino sartuta daukagu. Gogoeta hori behar-beharrezkoa da: bizitzeko eskubidean sinetsi behar dugu, eta aldarrikatu bizitzeko eskubidea dugula, merkatu kapitalistaren ekoizpenean lagundu edo ez. Ez baita edozein laguntza edo ekarpen: kapitalari laguntzea da. Guk, behintzat, ez daukagu inongo asmorik gure denbora eta bizitza eskaintzeko merkatuaren diru kutxak elikatzeari eta hura salbatzeari. Haren interesak eta gureak ez dira berak. Ez dira bateragarriak ere: eta zureak?
(Erredakzioan itzulia)