Online euskal unibertsitatea: ikerketa, herriaren ardatz

Iñaki Alegria, Koldo Diaz Bizkarguenaga, Xabier Landabidea
2017ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Asmo zaharra da euskal unibertsitatea; Interneten egonkortzearekin berritu eta zehaztu beharrekoa. Herri bat gara, baina ez dugu zazpi lurraldeentzako goi-mailako hezkuntza egiturarik; herri bat izan nahi dugu, baina muga administratiboak eta distantzia geografikoak direla eta, zenbait euskal herritarrek ezin dute bere herrian ez eta bere hizkuntzan ikasi.

Internetek, ordea, beste herri batzuek —Kataluniako Universitat Oberta de Catalunya, kasu— probestu duten aukera eskaintzen du: ikasketa ez-presentziala edo erdi-presentziala (blended learning...) burutzea, alegia. Bi estatu eta hiru administrazioetan banatuta dagoen gurea bezalako herri batentzat aukera bikaina da, orokorrean, herri-egiturak sortzeko eta, zehazki, Euskal Unibertsitatearen bidean sakontzeko.

Iazko UEUko lehen udako ikastaroan gai hori landu zen: Euskal Herrian dauden unibertsitateen lana zein egiten duten ekarpena aitortuz eta hauek duten espazioa errespetatuz, hutsune bat betetzeko asmoz eta Interneten aukera baliatuz, online euskal unibertsitatearen gaia jorratu zen bertan. Lan horri jarraipena emanez, eta unibertsitateen arteko adostasunak bilatuz, UEUren bidez hainbat graduondoko eskainiko dira etorkizunean.

Herri ikuspegiaren eta elkarlanaren filosofiari jarraituz, aurten ikerketari helduko diogu ekainaren 22an Bilbon: Internet eta digitalizazioaren inguruko gaiak landuko dituen ikerketa-institutu baten beharraz arituko gara aurten, ingurune digitalaren aukerak landu dituzten hainbat unibertsitate, elkarte eta administraziorekin batera. Horretarako, gainera, Oxford Internet Institute-eko irakaslea den Victoria Nashen parte-hartzea izango dugu: gai hauen inguruko ikerketen eta zentro hauen garrantzia eta ekarpena ondo ezagutzen duen eta gaia bera kokatuko digun pertsona.

Ikerketa da aurrera egiten laguntzen gaituena: ezjakintasunaren aurrean, galdera egokiagoak planteatzen; herri gisa, garatzen. Eta Euskal Herrian ez gara hutsetik abiatzen: Ikerketak eta Doktorego-Tesiak egin dira ingurune digitala hainbat alorretan. IkerGazte kongresuan jakintza eremu anitzetatik egindako hauetariko lan batzuen berri izateko aukera izan genuen. Unibertsitateak ere ondo jabetu dira online tresnen garrantziaz edukien berri emateko, hainbat elkarte Interneteko jardueren inguruko datuak bilatzen hasi dira eta administrazioek ingurune digitalaren inguruko kezka erakutsi dute han-hemenka paratutako hainbat ekimenetan.

Norantza berean goaz, baina bakoitza bere kabuz era isolatuan eta norabide argirik gabe; hamaika agente pauso bera emateko esfortzu handia egiten ari diren unea bizi dugu. Elkarrekin bidea atseginagoa izateaz gain, errazagoa izango delakoan gaude eta urrunagora helduko garelakoan gaude: bakarrik ezinezkoa dena, elkarrekin errazagoa baita. Ondorioz, herri gisa ditugun baliabide eta indarrak partekatuz, aditu-aritu-administrazio ezberdinak elkarlanean jarriz, herritarren kezkak hobeto ezagutu eta hauei erantzun egokiagoa emango diogulakoan gaude.

Nor izatea eta nork egitearen egoa baino, zer eta nola egitea garrantzitsuagoa den momentu honetan asko dugu jokoan: hezkuntza, herria, oraina eta etorkizuna. Horretarako, beste herrietatik ikasiz, unibertsitate eta ezagutza-arlo ezberdinetako ikerlariek beren ideiak partekatu, eztabaidatu eta garatu ahalko dituzten institutua sortzea mugarri garrantzitsua litzateke, herri honetan ingurune digitalarekin egin den lanaren haria lotuko lukeena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.