Liburu-iruzkingilea

Orainaldia eraikitzen dugu, etorkizunaren kontura

2024ko apirilaren 14a
05:00
Entzun

Iraultzak iraultza, zientifikoa da egungoa. Alta, iraultza zientifikoa ez da izan, antza, ezagueraren iraultza. Ezjakinak garela onartu izanak irauli zuen mundua. Zientzia modernoek ezjakintasuna onartzeko espiritu irekiago batez ekin zioten jakintzari. Hots, kultura modernoa prestuago izan da bere ezjakintasuna onartzeko erlijioaren kulturak baino. Egia absolutuan ez sinesteak ordezkatu du antzinako fedea, nolabait. Halere, erlijioaren fedearen dogma ahuldu den arren, dogma berri moduko bat sortu dugu zientziaren abarora. Antzina nola, kultura modernoa jakintzaren boterean funtsatzen da. Gizakiok gauza asko ez dakigunez jakitun, ezjakintasuna onartzeaz batera, benetako aurrerapena zientziaren bidez heldu daitekeela sinetsi dugu itsu-itsurik. Zientziarekiko konfiantza eta erlijioaren fedea, hein handiko gurariak dira, eta hauek ere kidekoak. Hor nonbait.  

Munduaren bilakaera hipotesi ideal honetan oinarritzen da: gure ezjakintasuna onartu eta gure baliabideak ikerkuntzan inbertitzen baditugu, gauzek hobera eginen dute. Ideia hori aro modernoaren sorreran dago. Ekonomiaren muturreko maxima da egun. Mundua kreditu eta konfiantza delakoetan oinarritzen da. Duela bost mendetik datorren inertzia dugu, orduan konfiantza suerte bat sortu zen, kreditua-ren funtsa konfiantza izaki. Jendeak irudimenezko ondasunak diru mota batekin ordezkatzea erabaki zuen: kreditua. Alta, hauxe arazoa: gobernuak eta merkataritza enpresak —ekimen pribatuak tarteko— aise demonio lortzen dituzte kreditu handiak, epe luzera begira eta interes txikian. Hitz horren gako edota magia hauxe izaki: orainaldia eraikitzeko aukera ematen digu, etorkizunaren kontura.

Aspaldian premisa zena, egitate objektiboa da: lehen aldiz giza historian, eskaintzak gaina hartu dio eskariari. Aro berri honek badu izen bat: erosketa. Erosketen aroa da gurea. Ekonomia kapitalista modernoak ezin du ekoizteko noria gerarazi. Arazoa ez da ekoiztea, arazoa da erosleak izatea. Horra beste hitz gako bat: kontsumismoa —hau erranik, ez dut Amerika deskubritu, bistan da—. Homo sapiens hartatik Homo kontsumitzailea izatera iritsi gara. Urritasunaren sindromea bizi dugu. Kontsumismoa da horren adierazle. Kontsumismoa gaixotasun moderno bat dela onartzeko gauza al gara? Erantzun askoren artean, bat: «Ez. Jende gehienarentzat ideal kapitalista-kontsumista arrakastaren adierazlea da». Altruismo molde bat sortu da munduan, behiala egoismoa-ren antonimoa. Halakoxea al da?

Oharra: sinonimoak sinonimo, kidekorik kideko, hona beste bat: giza depredatzailea eta giza kontsumitzailea. Kidekoak.

Ordena soziala erabat aldatu da, politika alegia. Eguneroko bizimodua eta giza-psikologia aldatuz doazen neurrian aldatzen da gure idiosinkrasia. Hainbeste premisa eta baieztapen kategorikoen ostean, galdera berriz: zoriontsuak al gara? Nazionalismoaren edota egun garaitu den liberalismo kapitalistaren programa politikoak giza-zorionaren jatorriari buruzko ideietan oinarritzen dira. Komunistak, kapitalistak, nazionalistak, nork bere maxima dauka: lehenak proletarioaren diktadura, erdikoak merkatu librea, azkenak autodeterminazioa. Hirurek egiten gaituzte zoriontsu. Hipotesiak dira, noski, idealismoan funtsatuta. Itxura batez, idealismo suerte horiek garrantzi handia daukate. Itxuraz baino ez. Errealitatean ez horrenbeste.

Iraganeko gertaera politikoek —iraultzek, estatuen inboluzioek, ideologia eta aldaketa sozialek— ez dute modu berean gure izanean eragiten egun. Bizitzaren esanahia eta funtsa —zoriontasunaren gakoak— geure sistema biokimikoaren eskuetan omen daude dagoeneko. Biokimikak manipulatuta gaude. Plazera eta zoriona hitz kidekoak legez bizi ditugu, biokimika manipulatutako gizakiak gara. Galdera potoloa. Zoriona nork bere burua engainatzearen araberako kontua al da? Alegia, zoriontsuagoak gara plazera-ren —sentsazio atseginen— arabera. Sistema biokimikoen araberako izakiak bilakatuko gara, antza.

Zoriontasuna beste zerbait bada,mekanismo berri bat eraiki beharko dugu baitezpada. Has gaitezen: plazera eta zoriona kolko berean sartzerik al dago? Hori baita jendarte liberal kapitalista kontsumistan garaitu den zioa. Liberalismoak gizabanakoen sentimendu subjektiboak kontrolatzen ditu. Agintaritzak —elite boteretsuek— sentimendu subjektibo horiek bere egin ditu, horiek dira euren politikaren berme eta funtsa. Gure nahikarien iturria kontrolatzen dute, gure irriken asetzaileak izaki.

Boterea eta zoriontasuna. Iraultza zientifikoaren garaian gaude. Iragan mende erdialdean «urrezko aro laburrak» bizi omen zituen gure zibilizazioak. Egiari zor, aro horiek ez dira mende honen erdialdean aurreikusten, ezta antzekorik ere. Boterearen eta zoriontasunaren artean ez dago erlazio zentzukorik. Zein da horren adierazlea: kontsumo ausartegia, larregia. Giza-ondasunak birrintzen ari gara; ondasunak eta onurak. Aburu bat: zoriona ez dago neurtzerik. Neurri egokirik hartzeko modurik ba al dago? Iradokizun bat: bizitzan hartzen ditugun jarrerak. Gure jarrera nolakoa, argitasuna halakoa. Jarreraren nolakotasuna zertzen ditugun «ñabarduren» arabera gauzatu daiteke. Bai ote?

70.000 urteren ondoren, Sapiensak berea egin du, antza. Gure zibilizazioaren eraldatzeko posibilitatea handia omen da. Erlijioak eta ideologiak esperimentatu dituzten eboluzioak ikusita, nazio, estatu eta klaseen eboluzioen ildoan, bestelako gizaki molde bat gauzatzeko bidea zabaldu da, bide ezezagun bat urratzen hasi gara. Galdera berriz: bide arriskutsua ote? Tira, galderak dauden bitartean eta erantzunak bilatzeko nahikaririk, gizaki moduko bat sortu ahal da! Galderak ez omen dira zailak, erantzunak dira landu beharrekoak: zer egin nahi dugu gure buruaz? Zer bihurtu nahi dugu? Zein da gure nahikaria? Gizakiak pentsatzen segitzeko nahikarik al du? Edo arrazoibidean urratu duen bidea agortu al zaio?

Yuval Noah Harariren Sapiens liburuaren epilogoan badago konstatazio bat: Jainko bihurtu den animaliak gara. Alabaina, ba al dago deus (deus ex maxina) arriskugarriagorik zer nahi duen ez dakien jainko asegabe eta axolagabe bat baino? 

Galdera, hau nirea: gizakiak bere izate soilaren bidez «salba» al dezake bere burua?

Artikuluaren bertsio luzea ondoko helbide honetan dago:https://blogak.eus/begizolia/sapiens-gizadiaren-historia-labur-bat

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.