Garazi Goia.

Oraingoan ez dago ezustekorik

2017ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Fake News» aspalditik existitzen den fenomenoa den arren, Estatu Batuetako hauteskundeetan indartu zen kontzeptua berriro ere. Erresuma Batuko prentsa sentsazionalistaren eta populistaren esparruan, ohituta gaude kontzeptu horretara, nahiz eta ez dugun izen hori erabiltzen haiei buruz hitz egiterakoan. Brexit bezalako gertakari esanguratsu baten testuinguruan, kontzeptuaren oinarria dagoen dikotomia problematikoa oraindik gehiago nabarmendu zen. Eta, noski, komunikatzeko modu tradizionalagoak sare sozialekin elkartzen direnean, oraindik konplikatuagoa bihurtzen da faltsua edo faltsua ez dena bereiztea, egiazko informazioa iritzi indibidualekin nahasten delako. Ondorioz, inoiz baino informazio gehiago eskura izan arren, desinformazioak eragindako ustekabeko emaitzen errealitatean bizitzea tokatzen zaigu.

Aurreko astean, analista batzuekin bilera bat izan nuen «Fake News»-ek brexit-aren inguruko albisteak kaleratzean izan zuen eragina ulertzeko eta jendeak erabili zituen komunikabideen inguruko informazioa jasotzeko. Londresko burbuilatik perspektiba ezberdinez begiratzen diegu datuei. Hain zuzen, hamalau urtez Londresen bizi den atzerritar baten begietatik egiten dut hausnarketa hau. Badirudi bi errealitate ezberdinez —Londreskoa eta beste eskualde guztietakoa— ari garela eta badaukagu askotan nagusitasun inkontziente batekin begirada harroa erakusteko joera. Baina, azken urtebetean jazotakoak erreferentzia guztiak kolokan jarri eta inoiz imajinatu ez genituen galderak sortu dizkigu. Beldur pixka bat ere sentitzen dugu, okerrena pasatu zela uste bagenuen, ondorengo urteetan datorkigunari begira mesfidati gaude:zer gertatuko zaigu, hauteskundeen ostean alderdi kontserbadoreak indar gehiago hartzen duenean?

Lau aste barru joango dira berriro Erresuma Batuko herritarrak hautetsontzietara. Bigarren brexit baten eitea duen hauteskundeak dira zalantzarik gabe. Europar Elkartean gelditzeko bozkatu zutenen arteansamintasuna nabari da oraindik ere, batez ere Londresko burbuila honetan. Eta, aldi berean, brexit erabakia onartzeko ukapenean egonagatik ere, inongo botererik ez daukatela ohartzea oraindik ere gogorragoa egiten zaie, izan ere, ez daukate-eta beste aukerarik. Theresa May lehen ministroak erretorika kontsistente eta sendoa dauka; hori da behintzat itxura batean sortzen duen pertzepzioa. Bestalde, Jeremy Corbyn inoiz baino ahulago dago, bere alderdikideen artean gatazkekin eta denen bermea lortzeko arazoekin. Bide batez aipatzekoa da Corbyn bera ere inoiz ez zela Europar Batasunean gelditzearen defendatzaile sutsua izan eta orduko argudio eta iritzi haiek guztiei buelta ematea aski zaila da orain.

Testuinguru horretan, hauteskundeak deitzeko arrazoirik nagusiena, zalantzarik gabe, oportunismoa izan zen. Ordenarik gabeko ezkerra erabatahulduta eta alderdikideen artean desberdintasun konponezinekin dago; eta horrez gain sinesgarritasun zalantzakorreko lidergo bat erakutsiz. Duela gutxi egindako inkesta batzuen arabera, laboristen alderdian barruan bertan, %45ek bakarrik sinesten dute Corbyn lehen ministro eredugarri bat izango litzatekeela. Horrez gain, azken astean egindako bailara mailako hauteskundeetako emaitzak tamalgarriak izan ziren laboristentzat. Eta, noski, hor genituen berriro ere «Fake News»-ak indarra ematen, desinformazioa kuestionatzen ez duten milioika jendearengana modu eraginkor batean iritsiz.

Erresuma Batuko biztanleriari baimena eskatzeko aukera ezin hobea zen Mayrentzat: Cameronen dimisioaren ostean, herriak ez zuela May aukeratu leporatu izan diote-eta askok. Beraz, alde pertsonalago batean, herriaren aukera izan dela berresteko une aproposa izango da. Garaile ateratzea kasik ziurtatuta dagoenean, oraindik ere indar gehiago hartu araziko dio.

Bestalde, brexit-era itzuliz, Erresuma Batuko gobernua negoziazio historiko batzuk hastear dago, datorren hamarkadako etorkizuna definituko duena. Mayrentzat jendearen babesa eta elkartasuna lortzea beharrezkoak dira; eta hori da hauteskundeetan bilatzen duena. Objektiboki begiratuz, Europar Batasunarekin negoziatzeko tory-ek adina konfiantza ez du beste inork adierazten. Oraingoa bezalako egoera kritiko batean, jendeak ez dauka arriskurik hartzeko gogorik. Hauteskundeak aitzakia perfektua dira lidergoa eta boterea konfirmatzeko.

Lehen aipatu dudan bezala, Londresen askotan badugu uhartetasun jarrera hartzeko joera, beste leku guztietan gertatzen ari denari entzungor egin eta «gu» eta «beste guztiak» mugaketa garbia eginez. Hala ere, interesez jarraitzen dut, Nicola Sturgeonek Eskozian erabiliko duen taktika, bigarren erreferendum bat bultzatzeko aukera ezin hobea eman dio-eta Mayk, nahi gabe. Horrek dimentsio interesgarri bat sortu du, nahiz eta goiburu nagusien itzalean, gehiegi nabarmendu gabe dabilen.

Hala eta guztiz ere, ez da ezustekorik espero hauteskunde hauetan (bai, badakit, hori ere aurretik esanak garela, baina oraingoan oposizio indargabetasunak ez dauka lau asteetan berpizteko aukerarik). Nire aldetik, inoiz baino «atzerritarrago» sentitu arazten nauten perspektibatik itxaroten ditut hauteskundeak. Ez da benetan horrela sentitzen naizelako, baina badirudi beste hainbaten desira horrela sentitu araztea dela. Garai interesgarriak ditugu aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.