Greko klasikoen gaitzik zorigaiztokoenetako bat ahanztura zen. Leteo ibaiarekin kontatzen zituzten horri buruzko istorioak: ibai horren ura edanez gero, istantean ezabatzen ziren oroitzapenak eta ikasitako guztia. Elezaharretako batek zioenez, ur horren lurrinak arnastuta, harri bihurtzen ziren arimak. Gurean ez dago Leteorik, baina bai Izako Zendeako Lete herrixka isila; horregatik, beharbada, ez dugu jakin gaitza identifikatzen, eta, batzuetan, hautsak estalitako harritza lehorra dirudi gure memoriak.
Orreagako gudua da gure historiako gertakaririk ezagunenetako bat. Milioika pertsonak aztertu dute, eta Europako ikasleen ezagutzaren zati da haren narrazioa. Gertakari haren inguruan, gure kontinenteko kulturaren eta irudimenaren pizgarri izan diren istorioak sortu dira. Duela urte pare bat, holandar bat etorri zen dokumental historiko bat filmatzera, lanari ekiteko gogo beroz, guduaren bertsiorik ospetsuena gezur hutsa zela jakin ondoren. Ez ziren musulmanak izan Karlomagno garaitu zutenak, Chanson de Roland delakoak dioen bezala —zioen, aurkikuntzak hunkituta—, baskoiak baizik, Pirinioetako herri basati, isolatu eta primitibo hartako kideak. Hirurehun artzain bildu ziren —sic—, eta garai hartako armadarik boteretsuena garaitu zuten, kondairazko balentria sinestezina eginez.
Harrigarria da oraindik ere guduaren halako bertsio xelebreak onartzea eta guk, gertakariaren herri protagonistak, narrazio propio bat ez edukitzea. Oraindik ere Roldan heroiaren abenturak txalotzea (gure hiriburu historikoa suntsitu zuena bera, garai hartako Mola jenerala bailitzan), hari monumentu bat eskaintzea guduaren lekuan bertan eta baita batzuek haren izena euren semeei jartzea ere. Leteo ibaiaren urak sekulakoak egiten ditu Leteko lurraldean eta inguruetan.
Kontzientzia txar horrekin, Nabarraldek beste dokumental bat —DVD— egin du, ikuspegi propio batetik, kanpotarren mito horiek ikertu eta deusezten dituena. Ez ziren artzainak izan; ez zeuden isolatuta; ez ziren hirurehun, ez eta garai hartako beste europarrak baino primitiboagoak ere. Hain zuzen ere, kulturaren eta merkataritzaren bidean zegoen Iruñea. Eta Karlomagnok hiriaren harresiak suntsitu zituen, eta arpilatu egin zuen, bertakoekin arazoak zituelako. Lurraldea menperatzen ez zuelako. Baskoiek, ongi antolatuta eta armatuta, Sun Tzuk Gerraren artea lanean irakatsi bezala, gudua egiteko lekurik egokienean itxaron zioten. Eta jipoitu egin zuten, frankoen galera ikaragarri hura historian jasota geratzeraino. Haien jeneralak hil zituzten, enperadorea ozta-ozta atera zen bizirik, eta lapurtutakoa berreskuratu zuten, arpilatutako hiriaren ondasunak alegia —ez dezagun ahaztu zeintzuk ziren lapurrak—.
Baina ez hori bakarrik. Kontua ez zen Karlomagnori emandako jipoian geratu; haren seme Pipinok ere arazoak izan zituen Iruñean eta Orreagan. Beste hainbeste gertatu zen, geroago, Ludovico Pio hurrengo oinordekoarekin, leku berean garaitua izan baitzen hura ere. Gudu eta eraso haiek erakusten dutenez, baskoiak, itxura guztien arabera 300 menditar baino gehiago zirenak, euren lurraldean ederki mugitzen ziren, ez zuten menperatzailerik nahi, eta behin eta berriro irabazten zieten orduan inperiorik indartsuena zuten frankoei. Gertakari horien ondoren, baskoiek erreinu independente bat sortu zuten, gerora Nafarroa izango zena, eta mende luzeetan iraungo zuena.
Leteo ibaiaren urak pozoitu izan ez bagintu, jakingo genukeen gertakari historiko haren ondorioz historian subjektu bat agertu zela, hau da, inoren tutoretzarik gabeko herria eta, labur esanda, munduan gure presentzia eta independentzia edukitzea lortu genuela. Gertakari hark oroitzea merezi du, baina beharbada gure ahanztura administratzen dutenek nahiago dute gu memoriarik gabeko harri bihurtzea, ibaiertzeko arima hilak izan gaitezen.
Orreaga 778-824
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu