Oztopoen gainetik, kamerak Eunatetik at!

Ander Goiatxe
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Kontrol soziala, errepresioa, intimidazioa... Anitzak dira bideobigilantzia kamerek dituzten helburuak; gure bizitza eta jarduna kontrolatzen dituzte, langileriaren subordinazioa sendotzeko asmoarekin. Askatasun pertsonal eta kolektiboen aurkako eraso zuzena da, hortaz, kameren ezarpena, dominazio politikorako arma isila.

Horren adibidea da Iruñeko Txantreako Eunate institutua. Izan ere, Ikasturte hasieran kamerak jarri zituen Hezkuntza Departamenduak ikastetxeko zuzendaritzaren babesarekin. Horrela, bertako ikasle eta langileei egun batetik bestera inposatu zizkieten kamerak, iritzirik eskatu gabe.

Ikasle Mugimenduak hasieratik eman du erantzuna. Anitzak izan dira egindako mobilizazioak, bai eta institutuko zuzendaritzari egindako eskaerak ere. Horrek, ordea, muzin egin die behin eta berriz ikasleen eskaerei, elkarrizketa bera ere ukatuz eta kamerak mantentzeko hautua eginez. Gainera, gatazka aurrera joan ahala Eunateko ikasleek eraso ugari jasan behar izan dituzte: biltzeko eskubidearen urraketak, jarraipenak, presioa, foruzaingoari dei egitea...

Martxoaren 21ean Iruñerriko Autodefentsa Sareak deituriko baterajotze nazionala izan zen ikasleek eginiko azken ekinbidea. Euskal Herriko hainbat txokotako kideen elkartasunaren babesean eta bertaratzeko jarri zizkieten debeku eta trabak gaindituz burutu zena. Izan ere, Iruñerriko ikastetxeetako zuzendaritzek, euren artean hala adostuta, ikasleei greba egitea debekatu zieten institutu guztietan, Eunateren salbuespenarekin. Modu horretan, Eunateko ikasleak isolatu nahi izan zituzten, elkartasunari mugak jarriz. Hala ere, kamerak kentzea eskatzen dugunok ahultzeko maniobra horrek ezin izan zuen baterajotzea burutzea ekidin, eta 600 ikasle inguruk hartu zituzten kaleak Eunatetik kamerak kentzeko aldarrikapenarekin bat eginez.

Gertakari hori ez da ez ikusiarena egiteko modukoa. Iruñerriko ikastetxeetako zuzendariek organo horietan influentzia zuzena duten agente politikoak tarteko ikasleen greba deialdiak debekatu izana ikasleen eskubideen kontrako eraso zuzena da. Baina kasu honetan, gainera, greba eskubidea horren defendatzaile bezala saltzen direnek urratu dute eskubidea. Kamerak kentzeko aldarrikapenaren aurrean, euren estatus sozial eta politikoa mantentzea lehenetsi duten momentutik, langileriaren askapenerako borrokari bizkarra eman diotelako.

Modu berean, kontrol sozialerako eta eskubideen urraketetarako neurri hauekin, hauteskundeen ondorengo gobernu erreakzionario eta faxista posible batentzat ezin hobeak diren aurrekariak jarri dituzte.

Arazoaren muinera bueltatuz, Eunate ikastetxean dagoen egoeraren irtenbideak kamerak kentzea eskatzen du halabeharrez. Horixe da dagoena: kamerak kentzea ala mantentzea, askatasun politikoen defentsa ala kontrol soziala.

Ikasle Abertzaleak-ek, ikasleen sindikatu funtzioa betetzen duen antolakunde nazional modura, bere egiten du Euskal Herriko heziguneetan langileriak bizi dituen eraso, debeku eta eskubide urraketei aurre egiteko konpromisoa. Baita honen bizi baldintzak hobetzeko konpromisoa ere. Horregatik, heziguneetan kamerarik ez egoteko posizio irmoa dugu, ikasleria eta langileriaren askatasun eta interesen defentsan.

Arazoa konpontzera begira, ezinbestekoa ikusten dugu, lehenengo pauso modura, Eunateko zuzendaritzak eta Hezkuntza Departamentuak onartu ez duten elkarrizketa mahaia osatzea.

Azkenik, dei egiten diogu Iruñerriko eta Euskal Herriako ikasle eta langileriari Eunatetik kamerak kentzeko ekinarekin bat egitera. Bereziki institutuko ikasle, ikasle ohi, guraso eta langileei.

Kamerak Eunatetik at!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.