Nekane San Miguel.

Paraleloak

2025eko maiatzaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Umetan, lerro paraleloak zer ziren esplikatzen zigutenean, parez pare eta zuzen marrazteaz gain, zuzen jarraitzen bazuten, infinituan elkartuko zirela esaten zigun irakasleak. Beraz, inoiz ez, ondorioztatzen genuen. Gerora jakin genuen paraleloak epaiketak ere badirela.

Talde eta foro juridikoetan aspaldikoa da epaiketa paraleloek sortarazten dituzten eztabaida eta kezka, prozesu judizialetara iritsi eta Españan Auzitegi Konstituzionalak gaiaren inguruan ebazpen ugari emateraino. Horietako bat 136/1999 zenbakiarekin emititutako sententzia. Ebazpen hau H.B.ren mahai nazionaleko abokatuek aurkeztu zuten babes-demandari emandako erantzuna izan zen. Demandaren oinarrien artean, galdera: Urte haietan ikusi eta entzun genituen iritzi eta epaiketa paraleloek ez ote zuten epai zigortzailea ematera baldintzatu auzitegia. Sententziaren argudio-gogoeten artean, honako hauek: 1.- Epaiketa paraleloen praktikek justizia administrazioari prestigio galera ekartzen diote, errespetu-falta nabarmena erakutsiz; 2.- Epaileen inpartzialtasuna konprometitzeko epaiketa paraleloen asmoa ageria den neurrian, prozesu zuzenerako pertsona orok dugun eskubidea urratutzat eman daiteke, asmo horren eragina gauzatu ez arren. Hala ere, H.B.ren mahaikideen kasuan ez zuen uste izan Auzitegi Konstituzionalak epaiketa paraleloek epaileen inpartzialtasun-betebeharra urratu zutenik. Españan ez da maiz onartzen eragin hori, Europako Giza-Eskubideen Auzitegiak, aldiz, sarritan urraketa egon izanaren deklarazioa egiten duen bitartean, Europako Zuzentarauen edukiek behin baino gehiagotan alerta eman duten moduan.

Hedabideen, politikoen eta hainbat talde eta gizarte-eragileren jokaera hauen bidez, salaketa unetik egiten da errudun salatua. Alde guztietatik agertzen dira zuzenbide penalean adituak, tertulia eta iritzi-foroetan zilegitasunik gabe lortutako datu batzuk aurkeztuz (sarriegi datu horiek epaitegietara iritsi baino lehen izaten dituzte eskuartean). Inolako arau jakin edo irizpide objektiborik gabe ustea emanez, aurkezten duten kasu horren kontrola zeinena den argi utzi nahi izaten dute. Epaile profesionalek baino askoz ere lehenago bukatzen dute epai lana. Berehala. Lehia bizian aritzen dira zeinek lortu eta plazaratu froga, primizia izateak baitu balio nagusia. Diskrezioak eta sekretuak babestu beharko lituzketen eskubideak ez dira ezer sasi-epaile horientzat; euren burua biktimatzat aurkezten dutenen sentipen erreaktiboek gidatutako bideetatik abiarazten dituzte ikusleak eta entzuleak; salatua iraintzea eta mehatxatzea ere estrategia hautatua emozioen erabilera helburu ideologiko zehatzetara bideratzen duten bitartean.

Informatzekoa ere eskubide bat da, eman eta jasoko den informazio hori egiazkoa bada, berria eta iritzia argi eta garbi banatuko duena eta jendearen oinarrizko eskubideak errespetatuz emango badu. Ez omen da erraza informazio eskubidearen eta errespetu horren arteko muga zehaztea zenbaiten ustez, batez ere boterea sentitzea eta eskuartean izatea lehenesten dituztenen jokoetan. Epaile profesionalek emango duten ebazpena paraleloan aritzen direnek agintzen duten iritzira moldatzea bada nahi eta espero dena, ez diezadala inork esan epaiketa paraleloek ez dutela eraginik epaile profesionalen inpartzialtasun eta independentzian. Irain eta deskalifikazioak jasan baino lehen, batek baino gehiagok moldatu du bere ebazpena, eta ez dira gutxi tentazioan eroriak. Lehen nioen moduan, sasi-epaileek hasieratik zigortu badute norbait, ez okurritu gero absolbitzea!

Sasi-epaiketa horietan errudun dela aitortu eta gero epaitegiak absolbitutako hori betirako zigortua geratzen da jendaurrean: ez dute auzitegiek kartzelara bidaliko, baina bere ohorea zapuztu dute paraleloan aritzen direnek, eta susmopean bizi izango da bizitza osoan, bere jardun guztietan izango dituen ondorioak kudeatu nahian, eta sarritan, ezinean. 

Prusiako Errege Federiko Handiari nekazari apal baten errotak bere jauregi ederraren bista itsusitzen zionaren ustean, paretik kentzeko asmoarekin erosi nahi zion errota eta lursaila. Behin eta berriz ezezkoa jasotzen zuela gizontxoarengandik ikusita, Errege gogaitu eta errotaz desjabetu egingo zuela mehatxua egin. Nekazariak epaitegira jo zuen, eta bai eta lortu berari arrazoi ematea epaile jaun haiek, aurreikuspen guztien kontra. Erregek epaileen ebazpena eskuan zuela, «Es gibt noch richter in Berlin» esan omen zuen (politegia egia izateko), eta azken urteetan sarritan entzun dut juristen aldetik esaera hori: «Oraindik epaileak geratzen dira halako hirian» epaiketa paraleloen iritzi eta irainei jaramonik egin gabe, ebazpen ausarta eman dutela aldarrikatuz. 

Ez da ausarta izatearena kontua, oinarrizko eskubideen errespetuan legea zuzen aplikatzearena baino. Zuzenbide Penal modernoak giza-eskubideak (errugabetasun presuntzio-eskubidea batez ere) bermatu izango zuen ideiarekin justizia populista sumarioak ezabatzea nahi bazuen ere, gaur egun indarberrituta jasaten dugu komunikazio digitalaren hauspopean populismo zigortzailearen eragin bortitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.