Pasaiako portuak asko ematen digu

Haritz Salaberria
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Buruhauste asko ematen dizkigu, kudeaketa negargarriaren ondorioz. Lezoarrak nazka-nazka eginda gaude, jende gehiegi baitago gure gainetik eta gure kaltean erabakiak hartu nahian.

Portuko espazioaren eta ahalmenaren erdia alferrik galduta dago. Portu Agintaritzaren antolaketa-planek diotenaren arabera, Pasaiako Portuak urtean 13,2 tona merkantzia mugitzeko ahalmena dauka. Haatik, portuaren historia guztian trafiko gehien 2003an egon zen, eta orduan 5,9 tona merkantzia bakarrik mugitu ziren. Gainera, kutsadura jasanezina da Lezo txatartegi bihurtu dutelako. Bestetik, zentral termikoa Gipuzkoako aktibitaterik kutsagarrienetakoa da, eta oso gertu dago etxebizitzetatik. Bost axola zaizkie lezoarrak Gipuzkoako Diputazioari, Portu Agintaritzari edo Eusko Jaurlaritzari.

Portuak lezoarron ongizatea bermatu behar du

Ongizateak hiru hanka ditu (ekonomia, ingurumena eta gizartea), eta egungo portu jarduerak hiruak kaltetzen ditu errotik. Herritar guztioi bezala lezoarroi ere zilegi zaigu arduradun politikoei ongizatea eta bizi-kalitatea bermatu dezaten exijitzea, hori baita beraien erantzukizuna. Gaur egun, hori ez da betetzen.

Portua portu denetik lana ekarri du Lezora, eta hala izaten jarraitzea nahi dugu. Lan hori, gainera, kalitatekoa izan behar da. Baina, jakina, hori kudeaketa onarekin bakarrik lortzen da.

Portuan egindakoak dituen eraginen artean, bada bat ahaztu nahiko ez nukeena: identitateari eragiten diona. Gure herri-kulturan itsasoari eta portuari erreferentzia egiten dioten adibide asko daude. Belaunaldi askorentzako herriko txoko berezia izan da portua. Baina gaur egun ez da hala, duela 40 urte herritik porturako sarbidea itxi egin zutelako. Orduan ere, kanpotarrek hala erabakita. Badugu sustrai horiek berreskuratzeko garaia.

Lezoarrok ezin ditugu portu aktibitate iraunkorrak eman diezazkiguken aukerak galdu: portuaren berrantolaketa berritzailea eta eredugarria izatea, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren iraunkortasuna bermatuz. Portua erreferentzia-gune bihurtuko litzateke gure mugetatik kanpora ere. Gipuzkoarrontzat eta lezoarrontzat aukera onena nahi dugu.

Interes pribatuei erantzunez planifikatu nahi dute portua

Portuan zer egin espekulatzen ari dira udalekin ezer konsentsuatu gabe. Hau eta hura egingo dutela diote, baina ongi dakite beren fantasia ekonomiko horiek lege-hutsune asko dituztela. Bestetik, orain arte kaleratu dituzten planak ez daude onartuak. Aitzitik, behin betiko erabakiak direlako ustea zabaldu nahi dute iritzi publikoan, euren planen kontra daudenengan etsipena eta pasibitatea eragiteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Pasaiako Portu Agintaritzak birgaitzearen mozorroa jarri nahi diote beren benetako asmoari. Hasieran portua errehabilitatzeko kanpo portua egitea beharrezkoa zela zioten, baina agerian geratu da benetako asmoa justu alderantzizkoa dela: interes ekonomiko pribatuak medio kanpo portua egin nahi dute, eta horretarako behar duten dirua barneko portutik atera nahi dute. Funtsean, etxebizitzen salmentatik.

5.000 etxebizitzatik gora egin nahi dituzte. Legeak dioena baino babestutako etxebizitza gutxiago egitea proposatzen da, gainera. Ez da hori lezoarrok Hirigintza Planean erabakitakoa, ez eta Eusko Jaurlaritzaren azterketa batzuek dioena ere. Azken horien arabera, Lezok datozen urteetan gehienez 700 etxebizitza behar ditu.

Kanpo portua eraikita, barruan kirol portua jarri nahi dute eskualdeari erreferentzialtasuna emateko, baina zer izango dugu guk inguruko kirol portuek izango ez dutena? Bestalde, barruko portura enpresa jarduera garbiak, parke teknologikoak eta museoak ekartzeaz hitz egin dute. Jakina, Lezok eta eskualdeak beso zabal hartuko ditu horrelako egitasmo guztiak, baina horretarako ez dago portua lekuz mugitu beharrik. Gainera, 180 ha-ko plataforma erraldoia egin nahi dute Gaintxurizketan kanpo portuarekin lotura egiteko eta logistikarako.

Enplegua eta aberastasuna lortzeko portuaren kudeaketa hobezinean pentsatzeko ardura dutenak, lurrarekin nola espekulatu pentsatzen ari dira, portu aktibitatea nola hobetu ahaztuta, eta gutxi batzuen interes pribatuak gipuzkoarron eta lezoarron interes orokorraren gainetik jarriaz.

Lezoko Udala lanean

Portua herritarrok nahi duguna izan behar da, inguruan bizi garenon ongizatea eta etorkizuna baldintzatzen duelako.

Portuaren etorkizuna ez dago idatzia, guk idatzi zain dago, eta garaiz gabiltza horretarako. Horregatik, lezoarron udalak gai honen inguruan eztabaida pizteko espazioa eraikiko du. Martxoaren 12an hasita portuaren etorkizunaren inguruan hausnarketa egingo dugu lezoarrok, gure nahiak adostu eta gure ongizatearen defentsan lan egiten jarraitzeko.

Datozen asteotan aterako diren ondorioak aintzat hartzea eskatzen dugu. Horregatik, Lezoko Udalak portuaren inguruan zeresana duten beste erakundeekin elkarlanean aritzeko borondatea du.

Lezoarrak eta inguruko herritarrak hasi dira mugitzen. Lezoko Udala ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.