Paterak gutxiago, pertsonak gehiago

Ana Lizoain Rodriguez
2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Garesen, duela egun batzuk patera batean «ekintza bandalikoa» egin zuten, eta - paterak + pertsonak margotu zuten. Horrek zalaparta handia eragin du komunikabideetan. Patera Nafarroako Gobernuak antolatutako erakusketa baten zatia da. Bitartean, pertsonak izaten ari dira «ekintza bandalikoen helburu», mugetan, itsasoetan, CIE-etan edo «Harrera-Zentroetan» , horren eskandalu handia sortu gabe; baina pertsonen heriotzan eta sufrimenduan oinarritutako nekropolitika horrek ez omen du hainbesteko interesik behar. Egunero gertatzen da, eta ez du zalaparta handirik sortzen, komunikabideen isiltasun konplizea baizik.

Behean sinatzen dugunok, Mugak Zabalduz-Nafarroako kideok, Caravana Abriendo Fronteras- 2021 ekimenean parte hartu dugu, Estatu osoko 350 pertsonarekin baino gehiagorekin batera. Kanarietatik itzuli berriak gara, Kanaria Handiko eta Tenerifeko irlak bisitatu ditugu, migratzaileei laguntzeko sortu diren herritarren erakundeen eskutik, eta bertatik bertara ezagutu dugu kaiukoetan iristen diren pertsonen egoera. Egiaztatu ahal izan dugu familia osoak bananduak izaten direla, baita seme-alabengandik urrunduak ere, eta «harrera-zentroetan» sartzen dituztela, askotan, erabiltzen ez diren espetxeetan edo euria egiten duenean urak hartzen dituen kanpamentuetan;zentro horietan gutxi jaten dela, komunak falta direla eta osasun zerbitzurik ez dagoela salatu dute; abusuak ere salatu dituzte, fisikoak zein sexualak. Basoaren erdian plastikoz eraikitako kanpamentuetan egon gara, eta hor topatu ditugu bertan bizitzen hilabeteak eman dituzten pertsonak. Horietako askorekin egon gara, batzuek bederatzi hilabete baino gehiago eman dute kartzela-uharte honetan, hilobi-uharte horretan ilegalki atxikiak.

Etxera iristean errealitate honekin ere topatu gara: deportazio berehalakoa Irungo mugan bertan; Kanarietatik iritsitako pertsonak kalean bizitzen Iruñean;beste hildako bat Bidasoan; Azpeitian, irainak eta laneko jazarpenak eraginda, langile migratzaile baten suizidioa; eta, oraintxe, Ceutatik adingabeak deportatzen ari dira taldetan. Eta badakigu eskubide-urraketa horiek guztiak Migrazio-politika baten eta Atzerritarren Legearen estrategia eta dogma direla, arrazakeria instituzionalizatuaren sinboloak, jakina.

Gu arrazakeriaren aurkako eta giza eskubideen defentsaren aldeko pertsona gisa, ezin gara isilik gelditu zentzugabekeria honen aurrean, non pintaketa batek, berdin du non, gehiago eskandalizatu duen, pintaketak berak salatzen duena baino. Izan ere, pintaketak salatzen du patera ekarri bai baina bertan bidaiatzen zuten pertsonak ekarri ez dituen gobernua; harrera-politika eskasa praktikatzen duela agerian utzi duen gobernua; pateran bidaiatzen zuten pertsona horiek gure hirietara iristean kale gorrian bizitzea baimentzen duen gobernua, adin txikikoen eta gazte migratuen babesean diru-mozkinak egiten dituena, pertsona horiek 18 urterekin sistematik kanpo utziz, eta duela urte batzuk egindako jardunaldi eta hitzaldietan babes sozialerako emandako hitza bete gabe geldituz. Gainera duela gutxi jakin dugu gobernuak ez duela estatutik lege-aldaketarik tramitatuko pertsona horiek erregularizatze aldera.

Erakundeen utzikeriako eta tratu txarreko urteak metatu ditugu, eta ez gara konplize isilak izango. Europar Batasunak, Espainiako estatuakzer egiten duen eta zer ez duen egiten begiratu behar da, Kanarietan zer gertatzen ari den begiratu behar da, baina baita hemen Nafarroan zer egiten ari den ere; eta, egia esan, ezer gutxi egiten ari da, eta askotan, gaizki. Azken finean guk hauxe nahi dugu: Nafarroako Gobernuak pertsonak ekar ditzala, ez paterak, eta benetako harrera-politika serio eta eraginkorra egin dezala.

Patera bat erakusteak errealitate batez kontzientziatzeko balio pedagogikoa duela argudiatu dute. Zalantzan jar badaiteke ere, patera batean bidaiatu ez duen jendearentzat izan liteke pedagogikoa, baina zer iritzi dute beren burua bertan bidaiatzera behartuta ikusi duten gure auzokideek? Galdetu al diete? Zer erantzun dute? Ez ditugu pertsona horiek ikusi erakusketa-pateraren inaugurazioan.

Ez dugu iritzi-artikulu hau bukatu nahi Kanarietarako Karabanak guri ekarri digun alderdi positiboa aipatu gabe. Itsaso bete indar eta elkartasun ekarri dugu migratzaileei laguntzen dieten elkarteen pertsonengandik zein Kanarietako jende gehiagorengandik. Pertsona migratzaileengandik ekarri dugu beraien zintzotasuna, mugako legeak desobedituz nazioarteko agindu bidegabe baten aurrean erakusten duten erresistentzia aktiboa. Elkarrekin gehien oihukatu genuen leloetako bat hau izan zen: «haiek heriotzarekin datoz, guk bizitzarekin erantzuten dugu».

Garrasi bat, laburpen ona eta hasiera ona arrazakeriaren kontrako borrokan jarraitzeko, ez baita soilik elkartasuna, bizitza-proiektu duina eraikitzeko eskubide sozial eta politikoa edukitzea baizik.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Antonio Txibite Martinez, Covadonga Almarcegi Elosegi, Eider Larripa Belzunegi eta beste 20 lagunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.