Pedigridun hizkuntzak

Ana Telletxea<br /><br />Filologoa eta ikertzailea
2011ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Egunkari bateko elkarrizketa bat irakurtzen ari nintzela, maizegi aditzen den zerbait jaso nuen berriz ere: «Ez dugu ulertzen euskara bezalako hizkuntza zahar batek honelako egoera bat jasan behar izatea», zioen ikasle-truke bidaiaz Nafarroara etorritako irakasle flandriar batek.

Euskara bertakoa izaki eta maizter egin dute, apopilo deserosoa; honela, estatusa duena, maila duena, gaztelania dugu etxean. Zonifikazioak, izendegiaren erabateko alienazioa, errotulazioaren lege zigortzailea, diru-laguntzen murrizketa bidegabea, mitoen puxika haizatuak...

Hizkuntz Eskubideen Deklarazio Unibertsalak (Bartzelona, 1996) hauxe biltzen du: «Ez herrien nolakotasunek —ekonomia, gizartea, erlijioa, kultura, demografia eta abar— ez eta hizkuntzen ezaugarriek ere ez dute inongo diskriminaziorik justifikatzen, beraz, hizkuntz komunitate guztiak eskubide beren subjektu dira». Deklarazioak, gainera, hizkuntz eskubideen berdintasuna aldarrikatzen du, egoki ez diren bereizketa hauek egin gabe: hizkuntza ofiziala / ez ofiziala; hizkuntza gutxitua / gehiengoaren hizkuntza...

Garbi da gutxieneko arau horiek Euskal Herrian ez direla betetzen. Gaztelaniaren nagusigoak euskararen egoera okerrera eraman du duela mendeak hasi zen jazarpenarekin. Arrazoi aski dugu gure berezko esparrua galdegiteko.

Eta egiazki gaztelania hobea, naturalagoa eta erabilgarriagoa dela defendatzen dutenek haren inposizioa errotik atzendu dute (askok nahita, noski). Gaztelaniaren defentsa halabeharrez egokitu zaigun estatuak egiten du; hezkuntza-sistemak, komunikabideek, Elizaren hierarkiako zati handi batek, intelektualek eta armadak, besteak beste. Hizkuntza komunaren aldeko manifestu famatu hark ere ongi aski ezkutatzen zuen inposatutako eta ongi egonkortutako pribilegioen defentsa gordina. Horra, burujabe ez garen neurrian botere faktiko horiek denek egunero gogoraraziko digute gure gutxiagotasuna.

Munduko mehatxatutako hizkuntza gehienak subiranotasunik gabeko herriak dira, eta hizkuntza hauen garapena galarazten duten eta hizkuntz aldaketa-bilakaera azkartzen duten oinarrizko faktoreak dira batetik, autogobernuaren falta, eta bestetik, bere egitura politiko-administratiboa eta hizkuntza inposatzen duten estatuen politika. «Espainiaren lorpen inperialak erori badira, zioten idazleek, garaipen bat lortu da behinik behin: munduari gaztelaniaz hitz egiten erakutsi zaio». Kamen (2006).

Inbasio, kolonizazio eta okupazioek, bai eta bestelako menpekotasun modu batzuek ere, atzerriko hizkuntza bat zuzenean inposatzea dakarte maiz; baita hizkuntzen baloreen gaineko oharmenaren distortsioa eta hiztunen hizkuntz-leialtasunari eragiten dioten joera hierarkizatzaileak ere. Eta hori gure komunitatean garbi antzeman daiteke.

Baina lot gatzaizkion hasierako esaldiari. Lotsagarria da, bai, euskararenganako jokaera ofiziala, baina ez bere antzinatasunarengatik —flandriarrak aipatzen zuen ezaugarria ekarriz—, besteak bezala eta bezainbeste, hizkuntza delako baizik. Bada halako joera bat hizkuntzaren zernahiko defentsa egiten denean plusak gehitzekoa funtsezko arrazoiari. Askotan mistizismoetan galtzen gara eta ondorioz, galarazten gaituzte. Hizkuntza bat «zaharra» edo «berria» den esatea ez da zuzena —zentzu linguistiko hertsian—, baldin eta ez bagara lurralde jakin batean hizkuntzak duen antzinatasunaz ari. Eta segitzeko, hizkuntza baten ezaugarriek ez dute harekiko zilegi litzatekeen errespetu maila zehazten.

Hizkuntzaren bestelako alderdiak —antzinatasuna, lehenagoko hedadurak, ahaidetasunak, bizi-baldintzak...—, edozein kasutan, balioak dira, baina gure hizkuntzaren eskubideak errespeta daitezen eskatzeko ez dugu inolako pedigririk aurkeztu beharrik. Hizkuntz eskubideak hizkuntza guztientzat berdinak beharko lirateke —nolanahikoak direla—, guk ez dugu besteek baino justifikazio handiagoa eta pisuzkoagoa eman beharrik euskarak errespetua, zaintza eta miresmena jaso ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.