Euskara beste hizkuntza batzuk baino zaharragoa al da? Ni la mitad te creas izenburuko liburuaren kariaz emandako elkarrizketaren batean, Urtzi Reguerok ezetz erantzuten du, eta euskarari buruzko sineskeriak agerian utzi beharra aldarrikatu du. Ezin omen da esan euskara beste hizkuntzak baino zaharragoa denik.
Interesekoa da, nik uste, desmitifikazioaren gaia, Euskal Herrian esanahi partikularra hartzen duela uste baitut. Eta, esango nuke, zientzia eta zientzia-dibulgazioa egiterakoan, hobe genukeela desmitifikazio borondatea alde batera uztea, borondate honek kalitatean eragin txarra izan ohi duelako.
Hizkuntza bat, nondik begiratzen den, bi gauza da: hitz multzo sistematiko bat (objektua), eta, era berean, hitz multzo horri loturiko komunitatea (subjektua). Horregatik, «oh là là, mon amour», «bon jour mes amis» esan edota entzuten dugunean, frantsesa deritzon hizkerarekin batera, frantsesak deritzen jendartea antzematen dugu. Eta hizkuntzen adinaren gaia ateratzen denean, kontuz ibili behar genuke. Izan ere, komunitateari buruzko galdera izan daitekeenari sistemari buruzko erantzun tekniko bat ematea erabakitzen badugu, inpertinentzia sortzeko arriskua baitugu; eta, tamalez, baita galdetzailea ergeltzat jotzekoa ere, baldin eta helburua desmitifikazioa bada.
Galdetzaileari tontakeriatan dabilela inplizituki leporatzea, bitxia bada ere, eboluzionismoaren ideiari estuki lotua dago. Zergatik? Bada, hitz multzoen azterketa filologikoan, sarritan, Darwinen eboluzio biologikoaren antzeko ikuspegi bat hartzen delako. Hots, espezie guztiak izaki unizelular komun batetik datozen bezala, hizkuntza guztiak jatorrizko protohizkuntza bakar baten eboluzioaren emaitza direla proposatzen da. Hori horrela —horretarako borondatea izanez gero—, Reguerok egin bezala, hitz multzoek adinik ez dutela argudia liteke, eta ez dagoela ez hizkuntza zaharrik ez berririk, azken batean guztiek protohizkuntza bakar hori dutelako jaiotegun.
Baina, hemen dator arazoa: nahiz eta ikuspegi horrek interesa izan, arrisku bat ere badu. Darwinen esplikazioa nagusitu arte, Bibliak ematen zuen azalpen kreazionista sinesten zen. Beraz, analogiaz, eboluzionismoaren izenean ematen diren erantzunak ontzat ez emateak jendea azientifikotzat eta magufotzat jotzeko atea irekitzen digu: alde batetik eboluzioarekin dagoen zientzia, eta, bestetik, kreazionistak, terraplanistak eta bestelako fanatiko integristak.
Izan ere, hizkuntza bat, komunitate bat —batez ere komunitate bat— ere bada, maiz bere buruaz oso kontziente dena, gainera; eta alde horretatik begiratzen zaionean, hizkuntzaren adinak pertinentzia hartzen du. «Noiz hasi zitzaion hizkuntza hau erabiltzen duen jendartea bere buruari euskaldun esaten?». Jendarte batek bere buruari izena ematea subjektu politiko baten ekintza fundazionaltzat har liteke, lasai asko. Eta zientziaren ikuspegitik, jakingarria da oso. Irulegiko Eskua egin zuenak euskaldun hitza erabiltzen zuen? Erromatar garaiko hilarrietako Zezenko, Andere, Umezahar izeneko lagunen jendarteak zein izen ematen ote zion bere buruari? Zenbait ikerlariren ustez euskaldun hitza Erromatar inperioa erori ostekoa da. Auskalo. Baina, nolanahi ere, ikerlerro erabat legitimoa.
Hara bitxikeria bat: VIII. mendean Marzuq ibn Uskara izeneko gizon bat aipatzen omen da, Huesca aldean, arabieraz idatzitako dokumenturen batean. Dirudiena ote da? Honek baietz esango dizu; besteak ezetz. Joan Perez Lazarragak aipatzen du lehenengoz Euskal Herria. Harekin hasi al zen dena?
Azaldutakoagatik dirudi borondate itsusia, hain zuzen, Regueroren izenburuan adierazitakoak. Desmitifikazioaren izenean, legitimoa den jakin-min bati erantzun inpertinente bat ematen bazaio, auzia desbirtuatu egiten delako, eta eraikitzen delako zientzialariak vs magufoak bereizten dituen agertoki toxiko bat. Albert Einsteini noiz jaio zen galdetzen ziotenean —txori txiki batek esan dit— noiz jaio zen erantzuten omen zuen, aizu. Erantzun zezakeen, zuzentasun teknikoari hutsik egin gabe, denbora erlatiboa dela, edo mc² edo espazioa eta denbora bat bera direla. Baina «esan didatenez, 1879ko martxoaren 14an jaio nintzen» erantzuten omen zuen. Eta gure inteligentzia Einsteinenetik urrun samar egon arren, guztiok uler dezakegu zentzuzko aukera egiten zuela.
Euskararen adinaz galdetu dizunari hizkuntzen eboluzioaren teoria esplikatuz erantzuteari dotorezia apur bat falta zaio. Aldiz, galdera sinpleari erantzun pertinentea ematen ahalegintzea tratu ona emateko modu bat da. Eta unibertsitateko irakaslearen estatusetik ari baldin bagara, deontologia profesionalaren parte ere bai, nik uste.