Txema Ramirez de la Psicina
Kazetaria eta ikertzailea

Pentsatzea hobe!

2025eko ekainaren 8a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Hitzak agortzen direnean, zer geratzen zaigu? Isiltasuna. Hutsa. Ezereza. Inpotentzia. Nola adierazi Gazakoak barren-barrenean pizten digun samina? Gizakiak ba al du etorkizunik? Nola irentsi injustiziaren gordinak eztarrian, urdailean, bihotzean, ariman sortzen digun harrizko korapilo lehorra? Nola harildu mataza? Ongia eta gaizkia bereizten al dira inon? Nola sendatu eragindako mina?

Palestinak NBEn duen ordezkariak, Riad Mansurrek, joan den astean negarrari ekin zion, Segurtasun Kontseiluko diplomazialarien aurrean: «Nola jasan dezake norbaitek izugarrikeria hau? Sugarrak eta gosea haur palestinarrak irensten ari dira. Euren amek barkamena eskatzen diete; jasanezina da!». Emozioei eutsi ezinik, Mansur zotinka hasi zen, eskuineko eskuaz atrila jotzen zuen bitartean. Erreakziorik ez. Enpatia zantzurik ere ez aretoan. Diplomazialariren batek aharrausi ere egin zuen.

Nazioarteko foroetan —burtsetan bezala— malkoaren kotizazioa aldakorra da oso. Ez da berdin kotizatzen palestinar baten malko mikrolitroa eta kuwaitar batena. Izan ere, NBEtik ez oso urruti, Washingtongo Kapitolioan, Giza Eskubideen Batzordean, duela 35 urte, Nayirah Al-Sabah 15 urteko neska kuwaitarraren agerraldi historikoa izan zen. 1990eko urrian izan zen. Etxe Zurian George H. W. Bush zegoen. Saddam Hussein Irakeko presidentea zen. Orduan, oraindik, ofizialki AEBak ez zeuden gerran Irakekin. Hurrengo urtean, 1991ko otsailean, Washingtonek gerra deklaratu zion. Saddam Husseinek Kuwait inbaditua zuen ordurako (1990eko abuztuaren 2az geroztik). Inbasio hura zela medio, kalapita handia piztu zen nazioartean, baina AEBetako gizarte zibilaren oroimenean gertu zegoen Vietnamgo gerrak utzitako arrasto latza. Eta Bush presidenteak oso ongi zekien hori. Eta beldur zen.

Testuinguru berezi horretan, Nayirah —bere segurtasuna bermatzeko horrela aurkeztu zuten Kapitolioaren batzordean— agertu zen. Hauxe izan zen haren profila mundu guztiaren aurrean: Kuwait Cityko ama ospitalean boluntario gisara lanean ziharduen erizaina. Nerabeak oso azalpen hunkigarria egin zuen. Adoretsua, harik eta negarrez hasi arte. Zehaztasun osoz deskribatu zuen Saddam Husseinen soldaduek egindako izugarrikeria: «Ospitalean sartu eta haur goiztiarren atalean zeuden hamarnaka ume inkubagailuetatik atera, lurrean utzi, eta hiltzen utzi zituzten. Ikaragarria izan zen».

Inpaktu handiko agerraldia. Sentimenduak gori-gori. Mundu osoko telebista eta komunikabide hegemonikoetan puntako albistea. Aste batzuk geroago, AEBak —42 estaturen koalizio aliatuaren buru bezala— gerran sartu ziren Iraken aurka. Interbentzio aliatua oso laburra izan bazen ere (hilabete bat baino gutxiago), emaitza latza izan zen: 100.000tik gora hildako soldadu eta zibilen artean; gehien-gehienak irakiarrak. Erregaien kontrola zegoen gatazkaren muinean. Hedabide hegemonikoetako agendan, gai hori periferikoa zen. 

Komunikabide gehien-gehienek sinesgarritasun osoa eman zioten Nayirahren agerraldiari, baita Amnesty Internationalek ere. Txinparta hura erabakigarria izan zen. Errealitatea, baina, oso bestelakoa zen. Nayirah Al-Sabah ez zen erizaina. Ez zen inoiz Kuwait Cityko ospitalean egon. Bera enbaxadorearen alaba zen. Saud Nasser Al-Sabah Kuwaiteko Gobernuak AEBetan zeukan enbaxadorearen alaba hain zuzen ere. Haren agerraldia fake bat izan zen. Goitik behera. 

Emozioen azoka

ABC telebista kateko John Martin kazetariak gerora demostratu zuenez, Nayirahren adierazpena, aldez aurretik Hill & Knowlton consulting-ak prestatutako performance bat izan zen. Kazetari estatubatuarra Kuwaiteko ospitale guztietara joan zen Nayirahren arrastoen bila. Alferrik. Inork ezin izan zuen aipatu ere egin soldadu irakiarrek inkubagailuetatik haurtxoak erauzi eta hil zituzten une bat. Inkubagailuen pasadizoa guztiz asmatua izan zen. Baina funtsezkoa izan zen gerraren joan-etorrian.

Emozioak inoiz baino gehiago ageri dira orain ere komunikabideen agendan. Malkoak beharrezkoak dira. Emozioak adierazteko. Barrena askatzeko. Malkoak ezin dira ahuleziaren adierazpen bezala hartu. Baina malkoak —Nayirahrenak, kasurako— manipulazio gordinaren ondorioa ere izan daitezke. Aktore baten lan profesionala. Malkoen atzean inpostura bat dagoenean, manipulazioa hain agerikoa denean, eta gainera geuk ere amuari heldu diogula konturatzean, orduan, gelditzen zaigun ergel aurpegiera patetikoa da.

Faltsukeriak ezin gaitu bihozgabe edo eszeptiko amoral bihurtu. Primo Levik, Auschwitzeko kontzentrazio esparrutik bizirik irtetea lortu zuen idazle antifaxista italiarrak, negarraren beharraz idatzi zuen. haren ustez, gure negarrek ez dute justiziarik egiten, ezta hildakoak berpizten ere, baina negarrik ez egiteak —oroitzapenik ez izateak— bigarren heriotza bat dakar.

Bistan da errealitateari ezin diogula etengabe bizkarra eman. Errealitatea konprenitzea gero eta zailagoa da. Gertaera bakoitzak hamaika ertz ditu. Baina gutxienik ezagutzen saiatzeak ezinbesteko ariketa bat izan beharko luke. Primo Levi, Hannah Arendt bezala, judu jatorrikoa zen. Hark bezala, gaizkia barrenetik ezagutu zuen. Honela mintzo zen ulergaitzak diruditen fenomenoen inguruan: «se comprendere è impossibile, conoscere è necessario»; hau da,«ulertzea ezinezkoa bada ere, ezagutzea ezinbestekoa da».

Gurea, ordea, etengabeko ihesean doan gizartea da. Den-denak errealitate gordina alde batera uztera gonbidatzen gaitu. Gertaerek duten berehalakotasuna itzela da. Bizi dugun estankotasuna, kezkagarria (nor bere kontura dabil). Mugikorrera datozen irudien isuria, zorabiagarria. Albiste txarren jarioa, jasanezina. Zilegi bekigu esatea: «Banoa, merezi dut eta; izan dadila izan beharrekoa. Igual, ez pentsatzea hobe!». Ulergarria, ezta?

Etengabe ihesaren premian bizi den jendeak kezkatzen nau. Amoralismo akritikoak izugarrikeriak estal baititzake. Hannah Arendtek esaten zuen bezala (Peter Venmans-en arabera), «ez pentsatzea ez da, aldian behin, onar dezakegun eskubide bat, baizik eta okerrena ahalbidetu duen aukera itzela». Hark, eta denok, holokaustoa zuen/genuen eta dugu gogoan. Orain, Gaza.

Ez pentsatzea ez da eskubide bat, aukera bat baizik. Zalantzarik ez: pentsatzea hobe!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.