Planetaren mugen barruko gizarte baterako proposamenak

Mikel Saralegi Otsakar, Jule Goñi Montero eta Martin Zelaia Garcia
2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Azken urteotan hainbat krisi izan ditugu. Lehenik, 2008ko krisi ekonomikoa izan zen. Ondoren, pandemia larri baten ondoriozko krisia etorri zen. Azkenik, inflazio krisi berri batean murgilduta gaude, ustez, Europan eman den gerra baten ondorioz sortutakoa. Hala ere, argi dago koiunturazko krisi hauen atzean badagoela zerbait merkatuaren eskaera-eskaintza lege soiletatik haraindi doana.

Komunitate zientifikoak dioenez, gizateria, betiereko hazkundearen dinamikan, planetaren mugen kontra talka egiten ari da. Metabolismo kapitalistan oinarritutako hazkunde honek baliabideak ahitu arte ustiatzen ditu. Kontuan izan behar dugu Lurrak duen materia kantitatea konstantea dela eta, noizbait, erauzi daitekeenaren mugekin egingo dugula topo.

Zientzialariek bederatzi muga kritiko zehaztu dituzte Lurraren zikloetan, gainditzear edota jadanik gaindituta daudenak. Azken hauek oso nabariak dira Sustrai Erakuntzak Nafarroan aztertzen dituen gatazketan: biodibertsitatearen galera, nekazaritza eta abeltzaintza industrialak eragindako nitrogeno eta fosforo zikloen gainezkatzea, eremu naturalen murrizketak, Erdiz edo Zangozako Muga meatzeen, urtegien edota AHTaren kasuetan bezala, eta erregai fosilak erretzeak eragindako klima aldaketa. Hauez gain, erauzi daitekeen mineral eta energia fosil kopuru mugatuaren arazoa dago.

Beraz, egungo krisien jatorria ekoizpen eta kontsumo sistema hegemonikoak muga hauek gainditu izana da. Hau da, krisi sanitario, militar, ekonomiko eta sozialak, krisi ekologiko eta baliabide-krisi larri hau dute atzean. Hortaz, irteera bakarra Lurreko baliabideen erabilera murriztea da. Murrizketa halabeharrez gertatuko da, edo dagoeneko gertatzen ariko litzateke.

Honen aurrean bi aukera dugu: Iparralde Globaleko bizimodua mantentzen saiatu, baina gero eta jende gutxiagorengana mugatuz, gainerakoa alde batera utziz (kapitalismo ekofaxista), edo planetaren mugetara ekitatiboki egokitzen saiatu, gizateria guztia aintzat hartuz. Azken hau Ipar Globaleko ekonomiaren desazkunde planifikatuan oinarrituko litzateke. Botere politiko zein ekonomikoek, lehen aukeraren antz handiagoa duten irtenbideak proposatzen dituzte. Egungo sistema ekonomikoa mantentzen saiatzen dira, baina eskala handiko energia berriztagarrietan oinarrituta, planetaren mugak kontuan hartu gabe.

Nafarroako energia berriztagarrien boom berria txostenean azpimarratu genuen bezalaxe, soilik energia berriztagarrietan oinarritutako erantzun honek arazo asko ditu: ekoizpena aldizkakoa da, nekez gorde daiteke eta ezlitzateke nahikoa izango oraingo energia-kontsumoa mantentzeko. Berriztagarriak eskala handian hedatuz gero, mineralen erauzketa handitu eta Hegoalde Globaleko lurraldeen kolonialismoa areagotuko litzateke, bertako natura suntsituz, metropolien kontsumoa mantentzeko.

Gauzak horrela, Sustrai Erakuntzatik sistema sozioekonomikoa aldatzeko hainbat proposamen egin izan ditugu, positiboki planifikatutako desazkunde bateranzko norabidearekin. Zentzu honetan, datozen hilabeteotan honako ideiak garatzen saiatuko gara. Hona hemen aurrerapen sintetiko bat:

1. Planetaren mugen afera eta errealitate honetara egokitzeko aldaketen beharra zabaldu behar da. Positiboki transmititu behar da gaia, aldaketak onuragarriak baitira gizarte berdinzaleagoalortzera bidean.

2. Datozen aldaketek gizartearen erresilientzia-gaitasuna probatuko dute. Ongi kohesionatutako gizartea beharko dugu. Horretarako, asoziazionismoa, boluntariotza eta elkarlaguntza sustatu beharko ditugu, indibidualismoa, norberekoikeria eta esplotazioa nagusi diren eredu kapitalistaren aurrean.

3. Ipar Globalean lehengaien eta energiaren kontsumoa era boluntario eta antolatu batean murriztu beharko dugu. Honek aldaketak ekarriko ditu bai teknika eta produktuetan, bai portaera eta ohitura sozialetan.

4. Egun, garraioa erregai fosilen menpe dago. Horregatik, produktuen eta pertsonen mugimendua gutxituko da, gizarte lokalizatuago batera joz. Honek aldaketak eragingo ditu hirigintzan, ekonomian eta gizarte-antolamenduan.

5. Produktuen erabilera partekatua sustatu behar da, kantitate txikiagoan fabrika daitezen. Produktuak erraz konpontzeko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko moduan eraikiko dira.

6. Lehen sektorea eta tokian-tokiko ekoizpena lehenetsiko dira, erregai fosilekiko mendekotasuna murriztuz. Dieta aldatuko da, animalia-jatorriko produktuen kontsumo arrazionalago baterantz. Ongarri kimikoen eta pestiziden erabilera gutxituko da.

7. Kultura eta aisialdia tokian tokikoa izatera eta energiaren eta materialen kontsumo txikiagoan oinarrituta egotera pasako dira.

8. Birlokalizaziorako joerak gobernu-egiturak aldatzea eragingo du. Estatuko eta estatuz gaindiko administrazioen aurrean, toki-administrazioak ahaldunduko dira, parte hartze herritar handiagoarekin.

9. Gizartea planetako mugen barruan mantentzeko, giza jardueren kontrola areagotu beharko da, herritarrek demokratikoki hartutako erabakien bidez. Hau modu arrazionalean ezarri ahal izateko, produktuak eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak publikoak izan beharko dira.

10. Zibilizazioak sistema kapitalistatik bestelako sistema batera pasa beharko du, lehengaien banaketa ekitatibo eta demokratikoan oinarrituko dena, Lurrak ziklo naturalen bidez birsor ditzakeen energia eta materialekin mantentzeko gai den ekonomia baten barruan. Sistema hau ez da etengabeko hazkundean oinarrituko; aitzitik, egoera egonkorreko ekonomia baterantz joko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.