Polizia erasoak jaietan

2017ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Mugimendu feministak zentzabidea eman digu, emakumeen aurkako indarkeriarekin amaitze aldera, eraso matxistak nola azalarazi eta haiei erantzuteko bidea erakutsi duelako. Gertatzen ari diren bestelako eraso batzuei ere ezarri ahalko genieke eredu hori; hain zuzen, polizia erakundeetako gizonak protagonista dituzten erasoei.

Festetan, zuzenean ikusi ditugu edo arrazakeriaren eta errepresioaren kontra aritzen direnek kontatu dizkigute polizia funtzionarioen ustezko zenbait jokabide. Adibidez, kale saltzaileen atxiloketa arbitrarioak, kaleko jantzitako poliziek eginak, eta Gasteizko jaietan atxiloketa horiek grabatu zituztenen mugikorren konfiskazioa. Esaterako, uniformez jantzitako poliziek, beren burua identifikatu gabe eta inolako salaketaren berri eman gabe, kotxetik jaitsi eta borrarekin gazte mozkortuei jipoiak eman dizkiete, ustez patruilatzen ari zirenean iraindu egin dituztelako, eta inguruko leihoetatik kasualitatez gertakarien lekuko izan diren bizilagunek kontuak eskatu dizkietenean polizia autoan ihes egin dute, baita ere Gasteizen.

Gertakari horiek ez dira salatzen, beldurraren ondorioz edo salaketa egin ahal izateko dauden bideei buruzko ezjakintasunarengatik. Eraso bereziki larriak dira, biktimentzako inolako bermerik ez duten indarkeria erasoak direlako eta, hain justu, gure segurtasuna, gure eskubideak eta gu edozein erasotatik babesteko ardura dutenek eginak direlako.

Askatasuna indarkeriatik bereizten duen marra gorriak badu izena, eta izen hori onespena da. Onespenik ez dagoenean, edozein ekintza eraso bihurtzen da, eta kultura matxista, klasista eta arrazista ongi arduratu da «festetan dena da zilegi» ideia zabaltzeaz; emakumeei erasotzea zilegi da, jaia posible egiteko kontraturik gabe eta honenbestean lan egiten dutenak esplotatzea zilegi da, polizia gehiegikeriekin ordena mantentzea zilegi da, eta zentzugabekerien abar luze bat, mundu guztiak gure herri eta hiriko jaiak modu aske eta parekoan gozatu ahal izateko baldintzak lortzetik zein urrun gauden eta zenbat egiteko dugun adierazten digutenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.