Beti da mesedegarria bistakoa den horretatik hastea: berariaz aitortu behar da segurtasun agenteek zer-nolako lan zaila duten eta nola maiz jokaleku konplexuetan jardun behar izaten duten, tentsiopean eta, are, egoera arriskutsuetan.
Era berean, mesedegarria da hasiera-hasieratik argi azaltzea zein den lerro hauen helburua: zenbait gogoeta ekartzea, behar-beharrezkoa baita hori, azkenaldian gertatutakoak ikusita. Hain zuzen, «polizia lanean giza eskubideetan oinarritutako ikuspegia» aplikatzeari buruz hausnartzea da asmoa. Ikuspegi horren arabera, «hiru alderdi hartu behar dira kontuan politikak eta jokabideak aztertzeko orduan: giza eskubideak errespetatu, babestu eta betearazi beharra». Hala, helburua da segurtasun agenteek, «eskubide bermatzaile diren heinean, betebehartzat har dezaten bere lana, horixe zor baitiete eskubideen titularrei, hau da, zerbitzatzen dituzten pertsona eta komunitateei» (Ordenaren Zaintzan Arraza Justizia eta Berdintasuna Bultzatzearen Aldeko Aditu Independenteen Nazioarteko Mekanismoa).
Halaber, komeni da inoiz ez ahaztea ezen era baketsuan biltzeko eskubideak babestu egiten duela pertsona batzuk modu ez-biolentoan bildu ahal izatea helburu jakin baterako —nagusiki, zerbait adierazteko—, eta gogoan izan behar da Giza Eskubideen Aldeko NBEren Batzordeak eskubide indibidualtzat daukala, nahiz eta kolektiboki erabiltzen den. Manifestazio baketsuak funtsezkoak dira biltzeko askatasunari, adierazpen askatasunari eta elkartzeko askatasunari dagozkion eskubideak erabili ahal izateko.
Gure herrialdean zenbait jardun polizialen harira sortu diren eztabaiden berri izango balute bezala, Giza Eskubideen Aldeko NBEren azken saioan, era baketsuan bildu eta elkartzeko eskubidea babesteko kontalari bereziak zera aurkeztu du: «Ereduzko protokolo bat, segurtasun agenteek giza eskubideak bultzatu eta babestu ditzaten manifestazioetan». Protokolo horrek gomendio praktikoak ere biltzen ditu, eta, haien bitartez, estatuei eta haien indarrei laguntza ematen zaie giza eskubideen arloko nazioarteko betebeharrak bete ditzaten, «manifestazio baketsuak bultzatzeko orduan giza eskubideak errespetatuz, bultzatuz eta babestuz». Segurtasun agenteentzat pentsatua dago gehienbat, batez ere erabakitzeko eta agintzeko boterea duten eta arlo estrategiko, taktiko eta operatiboan dabiltzan horientzat, haiek arduratzen baitira manifestazioez.
Polizia lanean indarra nola erabili ere landu du protokoloak, eta, haren arabera, manifestazioak baketsutzat hartu behar dira aurrez, betiere ez baldin badago horren kontrako froga sendorik, eta gerora ere baketsutzat jo behar dira, parte hartzaileek «indarkeria orokortu eta larria» erabili ezean. Elkarretaratze baketsuen eta ez-baketsuen arteko muga ez dago beti garbi, baina, edonola ere, «elkarretaratzeak baketsuak direlako presuntzioak» gailendu behar du. Gainera, parte hartzaile batzuek indarkeria ekintza bakan batzuk eginagatik ezin zaizkie ekintza horiek beste batzuei egotzi, ezta antolatzaileei ere, eta are gutxiago manifestazioari berari.
Manifestazioak sakabanatzeko erabakiak salbuespena izan behar du, eta soilik beste aukerarik ez badago hartu behar da; hau da, «manifestazioak oro har baketsu izateari utzi badio edo berehalako arrisku handia badago indarkeriaz jokatzeko eta zauri larriak eragiteko». Segurtasun agenteek zuhurtzia printzipio bati jarraitu behar diote beti: aukera posible guztiak hartu behar dituzte kontuan, baita bide ez-biolento guztiak ere, manifestazioetan indarra erabiltzea prebenitu eta eragozteko. «Indarra erabiltzeko erabaki orok bat etorri behar du printzipio jakin batzuekin, legezkotasunari, beharrari, proportzionaltasunari, zuhurtziari, diskriminaziorik ezari eta kontuak emateari dagozkien printzipioekin hain justu».
Gertuko Poliziaren gaiari ere heldu diote besteak beste, eta gogorarazi segurtasun indarrek herritarrak lasaitzea izan behar dutela helburu. Horrez gain, aitortu dute zenbait egoeratan polizia bistan egoteak ez duela laguntzen helburu hori lortzeko, eta beste aukera batzuk eraginkorragoak izango liratekeela. Hain zuzen, hori argi geratu da berriki egindako zenbait manifestazio baketsutan, istiluen aurkako polizien kopurua ohi baino handiagoa izan baita, eta jendaurrean egon baitira, denen bistan; horrek urduritasuna sortu du, eta istiluak gertatzeko beldurra.
Polizia ereduaren inguruan eztabaidatzea zaila da, baina behar-beharrezkoa. Aitortu beharra dago Polizia batzuek eta besteek lan nekeza dutela, baina polizia ereduak aintzat hartu behar ditu nazioartean emandako jarraibide berriak, eta horretan oinarrituta zenbait neurri hartu: giza eskubideen inguruko prestakuntza trinkorako politikak eta praktikak abiatu; bestelako eredu batzuk ezarri Poliziaren jokabideari eta indarraren erabilerari begira; abusuzko polizia jardunak zigortu —betiere kontu emanez eta zero tolerantziako politika bat ezarriz segurtasun agenteek gehiegikeriaz jokatzen badute—; eta ikuspegi militarizatua bazter utzi ordena mantentzeko taktiketan eta materialean.
Laburbilduz, kontuan hartu behar lirateke Nazio Batuen Erakundeak protokolo horren bitartez proposatutako oinarrizko printzipioak, eredu ona baitira gizartearentzat, eta lagungarriak baitira Poliziaren lana berriz taxutzen hasteko zorroztasun osoz.
Erredakzioan itzulia.