Presoen sufrimendua: inork konpontzen ez duen gaia

2022ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Elkarrizketa sakon eta mamitsua egin dio Argia aldizkariak Nekane Txapartegi preso ohiari. Funtsezko gaiak planteatzen dira elkarrizketa horretan, eta Txapartegik Euskal Herrian gertatzen ari denari buruz egiten duen irakurketa kritikoak denok interpelatu behar gaituela uste dut. Nik neuk ere hausnarketa batzuk egin nahi ditut lagungarri izango ditugulakoan herri libre eta baketsua lortzeko eta, batez ere, preso eta iheslarien egoera konpontzeko.

Lehenik eta behin, eta hausnarketekin hasi aurretik, nire elkartasuna helarazi nahi diot Nekaneri, asko-asko sufritu duen pertsona bat baita, guardia zibilen tortura ikaragarriak besteak beste, eta horiek, inolako politikatan sartu gabe eta giza eskubideen ikuspegitik, salbuespenik gabe denok gaitzetsi behar ditugun izugarrikeriak baitira. Hau argi eta garbi esanda, inork zalantzarik izan ez dezan, nire gogoetekin hasteko, hau adierazi nahi dut: lehenik eta behin, eta ezker abertzaleak ematen duen mezu triunfalistaren kontra, geure errealitatearen gordintasuna zurikeriatan ibili gabe planteatzen digu Txapartegik, eta haren esaldi batzuk transkribatuko ditut, ezin hobeto adierazten baitute esan nahi duena: «Urteak joan, urteak etorri, kaleak desaktibatuta sentitzen ditut», «Korapilatuta gaude presoen gaiarekin, baina non dago nazio eraikuntza?», «Kontatu nahi ez dena kontatzea da memoria»...

Gure herrian une hauetan dagoen izugarrizko hutsunea azaltzen du Nekane Txapartegik elkarrizketa honetan. Presoen gaiak konpondu gabe jarraitzen duela argi esaten digu eta, puntu batzuetan guztiz ados ez nagoen arren, herri gisa gauden tokian benetan jartzen gaituela uste dut.

Bigarrenik, preso eta iheslarien arazoa konpondu behar dela argi esan nahi dut. Badakit oso zaila dela, baina bada garaia, herria eta komunitatea garen aldetik, gai mingarri honi betiko irtenbidea bilatzeko. Nekane Txapartegik esaten duenaren kontra, arazo hau konpondu gabe ezin dela nazio eraikuntza aurrera eraman uste dut nik, eta hori da, neure ustez, herri bezala une honetan dugun geldialdiaren arrazoia.

Bai, badakit gaia oso trabatuta dagoela, agian inork ere ez du askatzeko giltza, ezta nik ere, baina ideia bat bururatzen zait, besteak beste: Espainiako Gobernuan PSOErekin dagoen Podemos alderdikoekin hitz egitea, gaiari duen lehentasuna eman diezaioten. Espainia libre eta demokratikoa eta herri eta giza eskubideekiko errespetuan oinarrituta defenditzen dute Unidas-Podemosekoek, eta, horregatik, presoen gaia konpontzeko ahaleginak egin behar lituzkete, baita PSOEkoen kontra joan behar badute ere.

Hirugarrenik, eta bukatzeko, errelatoaren gaia ere planteatu nahi dut, elkarrizketan agertzen delako. Bai, bat nator Nekane Txapartegirekin erabat: ez dut euskal gatazkarekiko erreferentzia inolaz ere Patria izatea nahi. Bi aldeen sufrimenduak (hilketak, atxiloketak, torturak, ETAren eta guardia zibilen indarkeria...) eta Euskal Herrian dauden sentsibilitate guztiak kontuan hartuko dituen errelato integratzaile bat nahi dut, preso eta biktimen korapilo mingarria behin betikoz aska dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.