PSOE-EAJ hitzarmena: hiritar bertsioa

Oscar Rodriguez Vaz Euskal legebiltzarkidea eta Euskal Sozialistak legebiltzarkide taldeko idazkari nagusia
2010eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Badakit hau ez dela modu egokia iritzi-artikulu bati hasiera emateko komunikabide serio baten, baina azkenaldian gizarteari eta, bereziki, politikoei erreklamatzen zaigun gauza bat denez berritzea, orrialde hauetan berritzeko lizentzia izatea eskertzen dut.

Harira ez datozen arrazoiak direla eta, hilabete oso bat egon naiz deskonektatuta. Lanerako itzuliak bi gertaerekin bat egin du: alde batetik, 2011. urtean Estatuaren aurrekontu orokorrak izatea ahalbidetuko duen PSOE eta EAJren arteko hitzarmena eta, bestetik, EAJ Espainiako Gobernuak hurrengo hilabeteetan aurkeztuko dituen ekonomi izaerako erreforma eta legeen alde agertzea. Eta hau guztia Euskadiri zuzendutako eskumenen sorta on baten truke, Gernikako Estatutuaren amaitzea suposatuko lukeena, hain zuzen ere.

Gainontzeko euskal gizarteari gertatzen zaion bezala, ondo deritzot erakundeei egonkortasuna ekarriko dizkieten hitzarmenak egotea. Ildo horretatik ere, ondo iruditzen zait Espainian aurrekontuak egotea eta Eusko Jaurlaritzari ekonomi egoera zail bati aurre egiteko tresna eraginkor bat emango dioten transferentzia berriak izatea.

Dena dela, duela aste pare bat Eusko Legebiltzarrera bueltatu nintzenean kazetari batek esan zidan lehendabiziko gauza «EAJ PSEren gainetik pasatu d[el]a» izan zen. Keinuen bitartez erakutsi nion nire harridura. Segundo batzuen ostean, kazetariarekin sekulako hitz aspertu bat egin nuen. Eta kontu hauek kazetariari esan nizkionez, komunikabide honen irakurle zaretenoi ere kontatuko dizkizuet. Jarraian dagoena, esan nion, gutxi gorabehera:

«Legealdiak luzeak dira, eta harrotzeko uneren bat edozeinek izan dezake, baina urte batek 365 egun ditu, eta 2013ko maiatzera arteegun asko falta dira. 2013. urtera iritsi aurretik foru hauteskundeak daude -erabakigarriak direnak ekonomia eta fiskalitateari buruzko etorkizuneko erabakiak hartzeko-, eta EAJk hiru foru aldundiak mantendu beharko lituzke orain funtzionatzen ari den modu berean funtzionatzen jarraitu ahal izateko.

Edozein modutan ere, legealdia hasi zenean, euskal sozialistok hiru helburu nagusi ezarri genituen gobernu berri bezala: krisialdiari aurre egin, ETAren kontra borrokatu eta euskal politika lasaitu. Krisiaren inguruan ez naiz luzatuko, industria ekoizpenaren indizea, zerga-bilketaren hobetzea edo hazkunderako aurreikuspenek berek hitz egiten dutelako. ETAri buruz, gutxiago hitz egingo dut, begien bistakoa delako, inoiz baino okerrago daudela terroristak eta alderdi politikoen arteko diagnosietan eta irizpideetan inoiz baino batasun handiagoa dagoelako. Eta lasaitasunari dagokionez, nahikoa da atzera begiratzea eta orain dela 20 hilabete nola geunden ikustea».

Nire erantzunaren ondoren-zeina lekuz kanpo utzi zuen aipatutako kazetaria, nire aldetik ondoeza edota Zapatero-ri zein nire alderdiari gauzak okertzea nahi nuela espero zuelako edo-, esperientzia hau kontatzeko artikulu bat idaztea erabaki nuen, hirugarren helburua gehiago garatzeko asmoz eta hauxe lortzeko egiten ari garen ahaleginak azpimarratu nahian. Gaur egun Euskadin bizi dugun lasaitasuna eta krispazio falta xede jainkotiar bat ez delako.

Komunikazio eza apurtzea ez da batere erraza izan, ezta ere krispazioarekin bukatzea eta presioa kentzea, euskal politikan dugun identitateari buruzko eztabaidari. Gaur egun inork ez du zalantzan jartzen deskonpresio hau gertatu dela. Uste dut hau lortu ahal izan dela, eztabaida hiritarrek dituzten arazoetan eta etorkizuneko erronketan oinarritzearen bitartez -Lehendakariak behin eta berriz defendatu duena, bestalde-, erakundeen arteko oreka bilatzearen bidez -euskal sozialismoaren identitate zeinua azken bost urteotan euskal erakunde garrantzitsuenetako aurrekontuak onartzea izan da- eta batzen gaituenari garrantzia ematen, Estatutua eta honen garapenari, hain zuzen ere -Lehendakariak bere inbestidura-saioan eta politika orokorrari buruzko azken eztabaidan defendatutakoa-.

Hasierara itzuliz, EAJri dena bere alde jarri zaiola pentsatzen duen norbait izango da. Halako iritzia duena errespetatzen dut. Baina neure aburuz, ez da egiazko iritzirik, batez ere, epe ertain eta luzera begira hiru arrazoi nagusirengatik. Alde batetik, eta esandakoaren ondorioz, orain arte lortu dena duela 16 hilabete PSE-EEren eta Lehendakarien helburuen artean ezarritakoa delako. Bestalde, PSOEk legealdi osorako proiektu garrantzitsuetan behintzat legebiltzar gehiengoa duelako eta Espainiak egonkortasunean irabazten du. Hirugarrenez, EAJren apustua estatutuaren ildotik ez da bateragarria Egibarren jarrera politikoarekin eta bide berri garrantzitsuak irekiko ditu alderdi honetan hurrengo hilabeteetan. Dagoeneko, irekitzen ari dira.

Horri guztiari erantsi behar diogu, Legebiltzarrean niregana etorri zen kazetariari esan nion legez, EAJk irabazi behar dituela hiru foru aldundiak emaitzak onak bihur daitezen -hipotesi hori oso zaila dela deritzot- eta geroxeago Lehendakari izateko hautagaia aukeratu behar dute besazpian duten lerro politiko bakar batekin -eginkizun erraza eta baketsua ez dena-. EAJri hemendik aurrera gauzak hobeto joango zaizkiola defendatzea ez da apustu ziur bat.

Dena dela, hiritar gisa, prozesu honen bukaera harriduraz jarraitu dut, batzuek nor gutxiesteko erabili dutelako, hitzarmen honek euskal gizarte osoari zer-nolako aukera irekitzen dion baloratu beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.