Puten hautua errespetatu eta eskubideak defendatu

2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Aurreko asteetan Iruñeko Udalak eta hainbat elkartek antolatutako Prostituzioari Buruzko Eztabaida Sozialaren I. Jardunaldietan parte hartzeko aukera izan nuen. Errealitate konplexua da prostituzioarena, hari mutur asko kontuan hartzea eskatzen du, eta horrez gain, eragile sozial eta politiko askoren inplikazioa ere badakar. Garrantzitsua da, ekintza horiei buruz mintzatzerakoan, jarduteko dauden modu ezberdinak bereiztea. Kasu batzuetan, indarkeria patriarkalaz hitz egitera behartuta gaude: bortxapeko prostituzioa edo «trata» denean; emakumeek beren bizitzaren kontrola erabat galtzen dutenean. Baina ezin dugu pentsatu denak egoera horretan daudenik, askok beren erabakiz lan egiten baitute. Edozein modutan, gai honek sortzen dituen gatazkak gure egitea eta eztabaidatzea ezinbestekoa da eraldaketa soziala eremu honetara ere hedatzeko. Horregatik, eskertu nuen Iruñean halako espazioa irekitzea eta, batez ere, bertan lehenengo pertsonan sexu langile baten ahotsa entzutea eta haien eskubideen aldeko eragile bateko kidea ere entzun ahal izatea.

Lan sexualaren inguruko eztabaida ez da berria, baina botere harremanek zeharkatutako eztabaida da eta feminismoa ere ez da aparte izan. Izan ere, nork dauka mintzaide izateko gaitasuna? Noren ahotsa entzuten da? Nork erabakitzen du erabakitzeko ahalmena norena den? Sexu langileen biktimizaziotik heldu zaio gaiari nahi baino gehiagotan. Ezin baitugu onartu edozein emakumek horrelako erabakirik modu askean har dezakeenik (egoera ekonomiko eta sozialak baldintzatuta, noski, denak bezala), defendatu ezin diren emakumeak direla uste dugulako, beti gizon baten menpe daudela uste baitugu. Baina bada garaia sexu langileek duten indar eta erabakimenaz jabetzeko. Erabakimenez jarduten duten putak subjektu aktiboak dira, euren bizitzaren gidari, emakume indartsu eta boteredunak. Feministoi, langileoi eta aldaketa soziala nahi dugunoi, haiek entzutea, aitortzea eta aliantzak ereitea dagokigu.

Ezkontzak, historikoki, emakumeek familiako kideak sostengatzeko egindako lan eta jarduerak ezkutatu ditu: garbitzea, sukaldatzea, erreproduzitzea, pertsonak zaintzea, larrua jotzea. Hauek merkaturatu direnean, emakumeek jarduera hauengatik etekin handiagoak izan dituzte, eta autonomia kuotak handitzea ahalbidetu die horrek. Baina betiere miseriazko baldintzetan eta lan erregimen orokorretik kanpo mantendu dira lan sektore feminizatu gehienak. Prekarietateari dagokionez, berdintsuak izan arren, badago bereziki zigortzen den lan bat, indarrean dagoen moral sexuala zirikatzen duelako, eta hori prostituzioa da. Estigma amaigabea eta bazterketa soziala merezi ei du.

«Baina putek bere burua saltzen dute!» baieztapen dramatikoa entzun izan dut gai honen bueltan solasean. Bere lan indarra da saltzen dutena, noski. Nork ez? Feministok luze daramagu lanaren ikuspegia zabaltzen industrializazio garaitik inposatutako kontzepzio produktibista gainditzeko. Orduan, zein da muga prostituzioa lan moduan aitortzeko? Gorputzeko atal jakin batekin egiten dela? Ez al dugu sexualitatea sakralizatzen eta soilik erreprodukziora bideratuta ulertzen jarraitzen? Jendarte kapitalista honen parte gara denok, zapalkuntzen erantzukizun maila ezberdinak baditugu ere. Lanaren salerosketa da kapitalismoaren oinarria, bizitzaren eremu guztietara hedatzen delarik merkaturen logika. Horrela, gorputzak, denbora eta desirak saldu egiten dira; ongizatea erosi eta etekinak metatu. Horrelako jendarte harremanen testuinguruan, hipokrita da lan esplotazio eta salerosketa ekintza batzuk zilegitzat jotzea, eta beste batzuk, aldiz, ez. Ez dezagun pobrezia gehiago zigortu eta emakumeen biziraupenerako gaitasuna kondenatu. Ez dezagun matxismoan, klasismoan eta arrazakerian sakondu.

Gure utopia marraztean soldatapeko enplegua, egun ematen den moduan, desagertu beharko litzateke eta beharbada lan batzuk desagertuko lirateke. Baina egungo errealitatetik abiatuta eta etxebizitza eskubidea, jana, osasuna eta oinarrizko beharrak bermatuta ez dauden bitartean, bizirauteko lan harreman guztietan eskubideak eta baldintza duinak borrokatzea dagokigu, moral sexual garratz baten araberako bereizketarik gabe.

Putek bere lanaren aitortza eta ahots propioz hitz egitea eskatzen dute. Janetek, Iruñeko mahai-inguruko kideak zioenez, «lan sexuala lana da eta putak langile klasea», eta eskubideak nahi dituzte: negoziazio kolektiborako gaitasuna, osasun eta segurtasun bermeak edo kotizazio eta gizarte segurantzarako aukera, besteak beste. Kontuan hartu behar dugu krisia deiturikoak sektore honetan izandako inpaktuagatik diru sarrerak jaitsi direla, bezeroek segurtasun neurriak murrizteko aprobetxatu dutela, mugikortasuna eta migrazioa handitu dela, lan honen erregulazio eza areagotu dela... Eta mingarriena, haien aurkako jazarpena biderkatu egin dela hiri-ordenantza eta mozal legea bezalako neurriekin. Beraz, neoliberalismoaren sakontzeak sexu langileen babes faltan eragin du.

Gaur egun, inoiz baino garrantzitsuagoa dugu desjabetuok, prekariook, langileok, espoliatuok indarrak batzea, elkar babestea eta ekitea. Feministok, prekarietatearen aurrean, erresistentziak eta alternatibak eraikitzeko saretzen gabiltza eta inor ez ahaztea da gakoa. Horren adibide izan ditugu ikasturte honetan, azaroan, Emakumeen Mundu Martxaren Indarkeria matxista birpentsatzen jardunaldietan edota Bilgune Feministak antolatutako Ekonomia feminista foroan, esaterako, zahar etxeko langile, sexu langile, etxeko langile, mugimendu feministako kide eta sindikalisten artean sortutako elkarrizketak. Eztabaidatik harago, urrats ausartak behar ditugu arlo sozial, instituzional eta juridikoan, pertsona askez eta burujabez osatutako herri baten norabidean, lan sexuala ezin ukatuzko ekintza eta eraldaketa eremua baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.