Internazionalista

Riviera Gaza: aukera bat euskal ekonomiarentzat?

2025eko ekainaren 5a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bai, eremu horren historia odoltsua da. Pena izan zen hainbeste jendea hiltzea eta herri hori modu horretan kanporatua izatea, baina hainbestetan gertatu dira halakoak...! Gizakiok ez dugu erremediorik eta Historiak ez du atzera-bueltarik. Egiten ari zirena gehiegizkoa zela iruditu zitzaigun, baina, aldi berean, gure enpresen negozioak ezin genituen kolokan jarri. Gertatu zena gertatu zen, eta iragana da jada. Gogorra, baina iragana. Gainera, denborarekin, gero eta atzerago geratuko da, gero eta ahaztuago. Oso bortitza izan arren, ekaitzaren ostean barealdia dator. Eta, gogorapenekin batera, ezinegona eta kontzientzia txarra desagertuko dira progresiboki.

Kaltea jada eginda dago. Begira dezagun aurrera! Hondar-basamortu hura ekonomikoki loratzeko gure ekarpena egin dezagun! Atzera begiratzeak ez gaitu geldiarazi behar. Lehia handia dago mundu aldakor honetan eta Euskadik ere asko dauka esateko. Ondo posizionatu behar gara ahalik eta merkatu gehienetan, eta David's Paradise, Gaza izan zenaren deitura berria, negozio aukera da euskal enpresentzat. Eta, dakizunez, gu ez bagara sartzen, beste norbait sartuko da. Trumpen enpresak eta Israelgo eta Golkoko monarkien kapitalak nagusi izan arren, lekua izango dute beste enpresa batzuek ere, bizkor mugitzen badira.

Ez da ekosistema idilikoena, baina testuinguru oso emankorra izan daiteke. Ez zen erosoa izan zentral nuklearren eta armagintzaren bultzada defendatzea ere, baina egin genuen. Zedarriak-en foroan aurrerapena, jarraian Eusko Jaurlaritzatik publikoki sostengatu, geroago diru publikoa bideratu eta... zer esango dizut! Erantzuna espero genuena baino apalagoa izan zen. Zu oso txikia zinen, baina Lemoizko zentralaren, Leitzarango autobidearen edo AHTaren hasierako garaietan erantzun maila beste bat zen. Gaur egun errazagoa dugu. Gure gizartea gero eta arrazoizkoagoa da.

David's Paradise-ren azpiegitura eta zerbitzuetan euskal enpresak sartzeak kritikak ekarriko ditu, baina kritikak jasangarriak izango dira. Badakizu, gaur egun, gero eta jasangarriagoak gara; horretarako ere, txo!

Askoren interesen artean tokia egitea zaila izango da, baina alderdi batzuetan ondo kokatuta gaude. Ez dira gutxi Israelekiko merkataritzan know-how hori daukaten enpresak. Adibidez, CAFek eskarmentua dauka inguru horretan, Jerusalemgo trenbide sarean. Imajinatu zein aukera irekitzen den orain David's Paradise-n! Ez bakarrik bertan, baizik eta eremu hori Tel Aviv eta Jerusalemekin lotzeko ere. Baina, esperientziaz gain, aldeko beste puntu bat ere badauka: nahiz eta sozialki seinalatua izan, CAFek ez zuen amore eman eta hartutako konpromisoetan leial mantendu zen. Israeldarrek jakingo dute hori balioan jartzen. CAFek muturra (hobe esanda, trenbidea) sartzea lortzen badu, pentsa zein negozio maila enpresarako eta hornitzaileetarako! Eta, enpresa eta akziodunentzako etekinaz gain, lanpostu asko sortzeko balioko du. Horrek isilaraziko ditu aho asko, iraganean gertatu zen moduan. Israeli boikota egiteko eta CAFi negozio horretatik ateratzeko eskaerak egon ziren sektore batzuetatik, baina beste sektore batzuek ez entzunarena egitea nahiago izan zuten, eta enpresa proiektutik ateratzeko beharrezko presioa ez zen heldu nahikoa izatera.

Aurkakotasuna gaindituta, ez da aurreikusten arazo handirik David's Paradise-n negozioetan sartzeko. Euskadiko ekonomia suspertu eta kalitatezko lanpostuak sortuko dituela zabal hedatuta, erresistentzia soziala txikia izango da. Betikoak, beti bezala, betikoa egiten, baina gure asmo enpresarialetarako oztoporik ez, berdin zeri buruz arituko garen: trenak, ingeniaritza proiektuak, ardoa, elektronika, armak...

Are gehiago, Euskadira gero eta turista gehiago ekartzeko garatzen ari garen expertise-a ere hara eraman dezakegu! Horrez gain, David's Paradise-ko Blooming Land resort berriaren aireportua Loiurekin lotzeko apustu argia egin behar dugu, euskal instituzioen bultzadarekin. Hasieran kostata bada ere, gero eta bidaiari gehiago animatuko dira, publizitate kanpaina indartsuek lagunduta. Gazteak izango dira jomuga nagusia, Gaza izan zenaren irudiak bizi edo ulertu ez zituztenak. Prezio baxuko billeteak lehenengo urteetan eta hondartzaren irudi paradisiakoak, jendea dantzan, aurpegi irribarretsuak eta mezu cool-ak. «David's Paradise? Ni ere egon naiz!», «¿David's Paradise? ¡No os lo perdáis!». Ezin uko egin tentazioari.

Kontrako norabideko bisitaririk ez dugu izango. Gazatik alboko estatuetara atera zituzten palestinarrak ez dira Euskadira etorriko. Dena den, argiak izan gaitezen: ez ditugu behar. Kalitatezko migrazioa ez da handik etorriko, baina atea ireki diezaiokegu migrazio selektibo eta kontrolatu bati: ume gaixo gazatarrei. Haiei eta haien senitarteko hurbilenei, gu ez baikara Trump bezain bihozgabeak. Guk ez ditugu umeak eta gurasoak banatuko. Ume gaixo batzuk jasota eta hedabideetan irudiak zabalduta, euskaldunon onberatasunaren autopertzepzioa handituko da, eta herritar asko lasaituago sentituko dira. Gazatarren alde zerbait egiten ari garen mezuak aurre egingo die erradikalengandik jasoko ditugun kritikei.

Malkoak albo batera utzi eta garrantzitsuenean zentratu. Sentikortasunkeria bai, baina gutxieneko dosian eta negozioa apaintzeko. Hitz politak bai, baina eskrupuluak ezin dira lehiakortasunerako oztopoa izan. Gustatu ala ez, pragmatismoak eta negozio-ikuspegiak baino ezin dute gidatu euskal enprendedorea. Horrela izan da Amerikako konkistatik Gazaraino. Negozio-aukera hartu eta segi aurrera!

(Erradiografia honek errealitatearekiko edozein antzekotasunik badu, kointzidentzia baino ez da; inor ez dadila deseroso sentitu).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.