Joseba Barandiaran Andueza.

Saben aquel que DUI...

2017ko abenduaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ados. Kontua ez dago txisteetarako. Barkatuidazue Iparraldeko irakurleok gainontzekoak harrapatzeko aipamen pelagikoa eta, hegoaldekook, Eugenio txiste kontalari kataluniarraren burlaizezko erreferentzia.

Ni ere miretsita nago orain arte Kataluniak egin duen erakustaldiarekin. Bortizkeriarik gabeko nor izan (nahi) argi bat plazaratu du. Aurrera ere balioko dio, historiarako pasartea utzi baitu 2017ko saiakerak. Bozka paperak eskuan, estatuari aurre egin dio jendetza mobilizatuz eta, beste behin ere, estatuaren erraiak bistarazi. Kontadoreen herria garenez (AlFREEdorena, Altsasuko Gurasoena...) eta, lehendik, inguruan ezin konta ahala injustiziaren berri izanik, Piolinenak ez gaitu euskal herritarrok lar harritu. Baina argi gelditu da Espainiako Estatuak bere burua defendatzeko nazionalismo uniformizatzaile zapaltzaileena ere baduela bere baitan: armada armatu, juridiko eta mediatikoaz gain, TV3, hezkuntza katalana edo demokratikoki esleitutako gobernua bera noiznahi eta nolanahi begitan har ditzakeena. Gurean aldebikotasunaren apostolu direnentzat ere bada irakaspena.

@zaldieroa guk ere Durangoko azokarako liburua atera dugu UEUrekin, Eskozia eta Kataluniako irakaspenez hausnar, zelanbait, teorikoekin. Baina egunez eguneko gertakariek bi galdera ikur multzo utzi dizkigute, praktikan, abenduak 21ean nekez argituko direnak:

Kataluniako independentismoak duen babes handia, jarlekuetan handiagoa bozetan baino, nahikoa al da Europan estatu berri bat sortzeko? Gehiengo nabarmena, argia, kualifikatua ez ote da ezinbesteko horrelako prozesu bat arrakastaz burutzeko? Aurrekari gisa lekarkeenak ez ote dio Europako Batasunaren baitako babesa hagitz mugatu? Estatuen klubak status quoa lehenesten duela, alegia.

Ez ote dira (gara) horrelako prozesu baterako aberatsegi? Alegia, zer galdua izatearen bertigoak ez ote du zenbait independentisten gogoa nabarmen epeldu? Bila ibili gabe topa litezke, akaso, erantzunak. Gerra edo pobrezia egoera (mehatxu) nabarmenik ezean, gai ote da egungo gizartea errepublika baten erditzeak eragin ditzakeen epe laburreko minak epiduralik gabe gainditzeko? Gasteiz osoa ez baita Errekaleor!

Enpresa egoitzen ihesak epe laburrean duen eragin praktiko eskasa puztu beharrik gabe, garbi dago egongaiztasun eta ziurgabetasuna luzaz bizitzeak kalte eginen diola Kataluniako ekonomiari. Eta independentziazaleen benetako gehiengo koalifikaturik ezean, ez dirudi korapiloa azkar desegitekoa denik. San Tomasez ikusi behar, ebaztekotan.

Nolanahi den, procés-ean inbidia gehien piztu didana, euren hizkuntzaren hegemonia erakustaldia izan da. Bartzelonatik Bruselara eta mundura, katalanez edo tokian tokiko hizkuntzaz eman eta zabaldu dira. Nortasunez. Gu, aldiz, kapaz gara Quebecera joan eta espainiarrengandik zein ezberdin garen saltzen saiatzeko, zer eta gazteleraz. Euskal unibertsitate publikoan erdal lerroetan matrikulatzen den herria gara. Neu Joxe Manuel Odriozolaren galderak kezkatzen nau gehien: nora goaz euskalduntasun honekin? Inora ere ez (Youtuben ere ikusgai). Arraina sukaldatuta baina, egia gordin gustatzen bazaizue, egiozue kasu. Umore, amore, more, gore.

Ni ere sumintzen nau tarteka EITBk. Eta ulertzen ditut Miren Maniasen-eta kritikak. Baina gurean Chiquito de la Calzada Julen Kaltzada baino ezagunago ez du telebista horrek egin. Non gauden eta nora joan nahi dugun, biak argi ikusi beharra dugu, bidea finkatzeko. Non gauden, nor garen, zerenak garen: The importance of belonging deitu dio, Sheffield hizpide, Paul Collier Oxfordeko irakasleak. Atturritik Ebrorakoak bizi ote gaituen... edo ETB-2tik Tele5erakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.