Sakelako telefonia eta Donostiako Udalaren ordenantza berria

Mikel Garcia Arzelus. Jose Andres Etxebarria Etxeita
2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Azken urteetan, Antenarik Ez herritar mugimendua behin eta berriz ari da ohartarazten Donostiako Udala hiri hau oso kutsatua dagoela sakelako telefoniaren antenak direla eta. Hori da, izan ere, aurreko Ingurumen zinegotzi izan zen, eta gaur Kulturakoa den, Denis Itxasok utzi digun oinordetza.

Zenbait bilera egin izan da aipatu zinegotzi horrekin eta udaleko Ingurumeneko ordezkariekin ere. Antenarik Ez taldekoek azaldu diogunean Donostian antena asko dagoela modu irregularrean eta ez zutela udalaren ordenantza betetzen, hark ukatu egin izan digu salaketa hori, eta hara non prentsa bidez jakinarazi zuen lizentziarik gabeko 14 antena zeudela hirian eta itxi eta isunak jartzea pentsatzen zuela. Industria Ministerioaren arabera, berriz, antena horiek lanean jarraitu dute. Demagogia hutsa, alegia. Askoz gehiago ere badaude, egon, eta ez dituzte betetzen, ez Europako Parlamentuaren gomendioak, ez Donostiako ordenantza, ez eta lege-dekretuak ere.

Zinegotzi horrek berak esaten zuen prentsan udalak antenak kontrolatzeko hirigintzako plan bat prestatu nahi zuela, eta plan horretan «mapa bat eratuko zela egungo antenak eta ezarriko ziren berriak erakutsiko zituena». Pasa dira bi urte, bera ez da Ingurumen zinegotzia, eta are gutxiago egin da maparik antenak kontrolatzeko; bien bitartean, baimen-lizentziak banatu dira, inongo kontrolik gabe.

Antenarik Ez taldekoek, bestalde, esaten genion udalak baduela, izan, eskumenik herritarrok jasaten dugun kutsadura kontrolatzeko, baina bai Denis Itsasok, bai Ingurumen Sailekoek eta bai udaleko kabinete juridikokoek ukatu egin izan dizkigute eskumen horiek. Gaur, 2010eko urrian, zerbitzu juridikoak esaten dio udalari berari badituela eskumenak honako hau egiteko: udal-ordenantza baten bidez, gure kale edo etxeetan hartzen dugun kutsadura kontrolatzeko eta markatzeko, 450 mikrowatt cm2-tik 0,1 mikrowatt cm2-ra jaisteko.

Abian da udalak prestatu duen ordenantza berria. Lehenengo eta behin, Ingurumen Sailak eta bertako zinegotziak zera erantzun beharko luke: nork prestatu die ordenantza-zirriborro hori? Zein dira lege-aholkulariak?

Beste udaletan, berriz, profesional independenteek aholkaturik dabiltza; hala, ordenantza aurrerakoiak egin dituzte, eskubideetan aurreratuak eta hiri bakoitzeko herritarren osasunaren prebentzio-arauak jarraitzen dituztenak. Donostiako Udalak, aldiz, zeharo bestelako ordenantza egin du, eta bertan, batez ere, antena horiek eduki dezaketen inpaktu urbanistikoa eta bisuala da kezkatzen dituena, eta ahaztu egiten dira eremu elektromagnetikoek gure osasunean eduki dezaketen eraginaz.

Wifiaz ez dira kezkatu ere egiten; ordenantza horretan ez dutela arautzen esaten dute eta kito. Kalean lehen solairutik behera ezartzen diren mikrozeldak eta pikoantenak, berriz, legeztatu egingo dituzte zuzenean; ez dute inolako baimenik eskatu behar, eta ezta isurpen elektromagnetikorik kontrolatu behar ere. Hori ere beste arrisku bat da gure osasunarentzat; izan ere, pikoantena horiek telefoniako antenek baino kutsadura handiagoa izan lezakete.

Kiskaldu egin nahi gaituzte honako hauek denak jarrita: eraikin bakoitzean masta edo dorre bat, eta bertan hainbat operadore bakoitza bere antenarekin, hau da, dorre bakoitzean antena mordo bat. Etxe-sail bakoitzean bi dorre, eta bakoitzean hainbat operadore, hainbat antena.Eraikinaren aurrealde bakoitzean bi dorre, eta bertan hainbat operadorek hainbat antena. Hori udalak egin nahi duenaren laburpen txiki bat baino ez da.

Mikel Garcia Arzelus. Antenarik Ez elkartekokidea (Donostia).

Ez da inor inposatu

Denbora bat igaro denean On Mario Izeta Bilboko Gotzain izendatu zenetik, tamalgarria da oraindik ere haren aurkako kritikak irakurtzea, inposatu egingo baligute modura.

Eta ez da inor inposatu egin. Hain zuzen ere, etorri zaiguna, elizbarruti honetarako egokiena delako. Eta, arean gehiago, sarri askotan aldarrikatu duena kontuan izanik, alegia, guztiokin hitz egiteko eta adostasunera iristeko prest dagoela eta horretarako saiatuko dela.

Lehenengo eta behin, esan beharrekoa da Eliza bat eta bera dela mundu osoan zehar. Eta Espiritu Santua dela haren goi-gidaria munduko bazter guztietan.

Bigarrenik, egia dela berezitasunak daudela lurralde bakoitzaren tokiko elizan. Era askotakoak, gainera: hizkuntza, kultura, historia, tradizioak... Baina onartezina zera da: berezitasunak jartzea sortzez eta berez bat den zerbaiten batasunaren kaltean. Berezitasunak ezin duelako guztiok bat egiten gaituena gainditu.

Hirugarrenik, oso da kaltegarria Eliza barruko etiketa modukoak jartzea, nork bere moduko eliza eratuko balu modura: aurrerakoia eta atzerakoia, eskumara edo batek daki nora jotzen duela... Eta inoiz egin behar ez dena, zera da: eliza eta politikaren arteko nahastea. Zoritxarreko elkarketa horretatik ondorio txarrak baino ez datoz.

Bidea ez da zatitzen saiatzea, indarrak biltzea eta aurrera egitea baizik. Ideia hori da, hain zuzen ere, gotzain dugunaren ahotik sarrien entzun ditudanetako bat.

Jose Andres Etxebarria Etxeita. Laukiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.