Joseba Azkarraga Etxagibel.

Salbazioa ala hondamendia

2016ko otsailaren 6a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Klimaren Pariseko gailurrak zalantza utzi dio hainbati. Zer gertatu zen? Benetan eraiki al da salbamenerako plana ala hondamendiari egin zaio omen beste behin? Txanpona airera bota da, lurra jo du, eta makurtu gara ebazpena begietaratzeko: Deskalabrua ala miraria? Edo biak, Monbiot-ek iradoki bezala, txanpona zutik geratu bailitzan: «Izan zatekeenarekin alderatuta, miraria izan da; izan behar zukeenarekin alderatuta, hondamendia».

Uste baduzu egiturazko aldaketak behar direla munduko ekonomian, txanponak deskalabrua erakutsiko dizu. Ez zen auzitan jarri erregai fosilen ustiatze masiboa. Ezta nekazaritza industrial jasanezina ere. Ez zaharkitze programatua, ez kontsumismoa, ez gaurko garraio globalaren logistika. Biosfera mugatuan hazten jarraitzeari dagokionez, no problem. Kontu sinpleagoak ere ez: isurketa kutsakorrei ez zaie zergarik jarriko, eta, ondorioz, James Hansen zientzialari ezagunak berehala epeldu zituen animoak «iruzurra izan da», esanez. Hansen-en purrustadak badu zentzurik: erregai fosilak izan bitartean merkeenak, azken tantakaraino erreko dira. Naomi Kleinek ez zuen txanpona aireratzerik behar izan: goi bilerak porrot egin zuen hasi aurretik.

Baina baikor tolesgabeak makurtu dira eta zera iradoki dute txanpona ikustean: isurketak gorantz doaz, baina gutxienez irekita utzi da joko eremua. Hemendik aurrera beharko da gizarte zibil global mobilizatua, gu guztiok zelatari prestu eta herritar kritiko izatea. Horrek erabakiko ei du hondamendia ala salbazioa.

Nago munduaren norabideaz hausnartzeak etengabe dakarkigula zalantza hori: marraren zein aldetan jarri bihotz-burua, autosuntsipenaren hipotesira atxiki ala geroari esperantza handiagoz begiratu. Demagun Latinoamerikako bolivarismoaren txanponarekin. Badira urteak airera bota zela eta birbanaketa politikek milioika lagun atera dituzte pobreziatik. Urdaila beteegi dutenek egin ohi diote izkin datu hain garrantzitsuari. Nabarmenak dira, ordea, Venezuelak agertu dituen mugak bestelako eredu produktiboa sortzeko, petrolioaren errentatik eraiki baita marroi koloreko sozialismoa. Ekuadorren Correa presidenteak haustura gogorra izan du sektore ekologista eta indigenekin, hautatu baitu neodesarrollismoa (hidroelektrika handiak, meatzaritza eta petrolioa). Amaiera eman zion Yasuní proiektuari (etenda zegoen petrolioaren ustiatzea Yasuni izeneko parke nazionalean, berotze globalaren kontrako konpromiso gisa), eta indigenak espultsatu zituen Quitoko euren eraikin historikotik. Evoren Boliviak 2014an inbertsio handia iragarri zuen nuklearraren alde. Nikaraguak 2015ean anuntziatu zuen ozeano biak lotuko dituen kanala, Panamakoa baino hiru aldiz handiagoa: askorentzat nekez irudika daiteke astakeria ekologiko handiagorik.

Txanponak lurra hartzean alde garrantzitsua erakutsi digu: munduko ezker proiektuak ere doinu produktibistekin ari dira dantzan. Europa ez da salbuespena. Ekonomia globala otzandu beharreko munstroa da, eta arautze global zorrotza behar da munstroa doitu dadin muga biofisikoetara. Arautze horretarako oztopo ez dira soilik botere kapitalistak eta oligarkia finantzario handia.

Eta gurean, zein txanpon aireratzen ari gara gizarte gisa? Abertzaleei erreparatuz, jeltzaleen kasuan Bizkaiko Aldundiak iragarri berri du inbertsio publiko handia Goazen leloarekin: jarduera ekonomiko handiagoa, kalitatezko enplegua, enpresen nazioarteratzea sustatzeko laguntzak, eta kohesio sozial eta territoriala agindu dituzte. Jeltzaleek iraunkor erantsi ohi diote hazkundeari. Salbaziotik ala hondamenditik gertuago? Erakutsi nahi bada Goazen gisakoekin salbaziorantz goazela, demostratu beharko dute hazkundea posible dela inpaktu ekologiko txikiagorekin, deskarbonizazioarekin, jaistearekin energia eta materialen kontsumoa. Aztarna ekologikoa gutxitzearekin, hitz batean. Ez dute lan makala: gaur-gaurkoz kontrafaktikoa da egitasmo hori.

Ezkerreko abertzaleei Bagoaz leloa entzun zaie sarriago. 2012an Proposamen sozioekonomikoa aurkeztu zen eta burujabetzari sozial erantsi berri diote: enplegua berreskuratu, inbertsio eta politikoa publikoak, Ongizate Estatua indartu eta, finean, kapitalismo produktiboa lehenetsi (finantzario eta espekulatiboari kontrajarrita). Salbaziotik ala deskalabrutik gertuago? Ongizatea zelan ulertzen den, hazkunde material gisa ala bestelako klabeetatik. Eraiki nahi den sozialismoa zelan definitzen den, guztiontzat beti gehiago ala, Riechmann-ek iradoki bezala, soilik bizikletan hel daitekeen egitasmo gisa. Zelan gauzatu nahi den birbanaketa, pastela gehiago handituz ala pastela txikiagotuz.

Irudi luke Goazen eta Bagoaz bidaia agentziak direla. Hein batean halaxe da: etorkizunera bidaiatzeko ibilgailuak dira, baina zein destinorekin? Txanponak airera bota eta lurra hartzean Keynesen aurpegia ageri da bietan, aurrez aurre edo perfilez izan. Burujabetza estuki lotu dute biek progreso material handiagoarekin. Nago proiektu biek dutela errealismo falta handia. Eta bietan dira handiak salbaziorako plan posible bakarra onartzeko erresistentziak: oparotasuna hazkundetik deslotu, gutxiagorekin hobera eginez.

Alderdiez aparte, euskal herritarrak har litezke gogoeta gai: Legazpi eta Aretxabaleta izan dira txanpona aireratu duten azkenak, atez atekoari ateak itxiz bi-biek. Salbazioa ala hondamendia? Bosgarren edukiontziak balioko badu aurrera egiteko zero zabor filosofian, bejondeiela. Baina demostratu beharko dute birziklapena eraman daitekeela atez atekoak lorturiko gailurretara. Ostantzean, berretsiko dute askoren susmoa: herritarra bera ere, nagiegi konpromiso aktiborako, erosokeria gailendu zaio salbazioaren logikari.

Urte klabeak bizi ditugu. Munduan zein norbere txokoan gaur aireratzen ari diren txanponek markatuko dute geroa, atzera bueltarik gabeko efektuekin. Garai epikoa da. Beharko genuke elkarrengandik inoizko gertuen epiko eta etiko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.