Salbuespen egoera politikoa

Eneko Carrion
2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Koronabirusaren inguruko diskurtso politiko nagusietatik kanpo geratu diren zenbait puntu garrantzitsuren inguruan arituko naiz hurrengo lerroetan. Hasieratik, birusari buruzko informazioa ezkutatu zaigula nabarmendu beharra dago, eta gatazka naturaren eta gizakiaren artean kokatu dute, elementu politiko guztiak ezkutatuz eta guztioi erantzukizun berbera esleituz. Alabaina, birusak gizarte eredu jakin batean lur hartzen du, eta krisiaren kudeaketa eredua ezin dugu salbuetsi gizartea antolatzeko modu orokorretik. Izan ere, irabazi ekonomikoak eta gizartearen antolaketa hierarkikoa oinarri dituen sistema batean pertsona guztien ongizatea eta osasuna ez dira inoiz lehentasuna izango. Gainera, krisialdi honen ostean, ondorio ekonomiko larriak iragar ditzakegu, eta bai gaixotasunak eta baita krisialdiaren ondorio ekonomikoek ere desberdin eragingo diete dirudunei eta langile klaseari.

Gobernutik eta botereguneetatik alarma egoera erabaki neutrala dela sinetsarazi digute, hartu ahalko liratekeen erabaki bakarrak konfinamendua eta oinarrizko askatasun politikoen ezabapena bailiran. Lantegiak martxan jarraitu izanak gaixotasunaren hedapena handitu du; eta galera ekonomiko handiak aurreikusten dira. Gainera, lantegi asko ixtearen arrazoiak langileriaren antolakuntzak egindako presioa, ekoizpen prozesuen kateak apurtuta egotea eta gobernuak bere gain hartu ezin duen hildako kopuruaren etengabeko gorakada dira; eta ez osasun irizpideak lehenetsi dituztelako. Agintariek salbuespen egoera ezarri dute, poliziek eta militarrek kaleak hartu dituzte eta zuzeneko diktadura inposatu da lurralde osoan. Alarma egoera izendatu duten ezkutuko salbuespen egoeraren alde lerrokatu dira alderdi instituzionalak, kontrakotasunik gabe.

Egoera horrek osasun sistemaren eta medikuntza ereduaren inguruko eztabaida ireki du berriro. Izan ere,birusak manipulatzen dituen sistema dugu aurrean, jaki transgenikoak ekoizten dituena eta planetaren biziraupena arriskuan jartzen duena. Oraingoan osasun sistemak huts egin du, eta, osasun sistema pribatua kudeaketa publikoaren eskuetan geratu arren, ez da nahikoa izan. Zerbitzua publikoa izateak eta mundu guztiarentzat osasun sistema kalitatezkoa eta unibertsala izateak ez dute zertan gauza bera izan. Eztabaidaren muina zerbitzu publikoen eta aberastasunaren kontrola noren eskuetanetazein interesen baitan kokatzen den litzateke. Ea osasuna burgesiaren kontrolpean dagoen, edo ea langileriak duen osasunaren kontrol politikoa.

Munduko Merkataritza Erakundearen aurreikuspenen arabera 2008koa baino larriagoa izan daitekeen krisi ekonomiko baten aurrean egon gintezke. Aurre egiteko, bere sorreraren arrazoia identifikatu behar da, eta hori ez da COVID-19ra mugatzen. Krisialdiak sistema kapitalistaren oinarrian daude, errezesio ekonomikoak hainbat bider errepikatu baitira kapitalismoaren historian. Dena dela, krisialdiaren galtzaile nagusiak beharginak gara, izan lanpostua galtzeko arriskua dugulako, aurrezkiak gal ditzakegulako edota murrizketa publikoek bizi kalitatean zuzeneko eragina dutelako. Eustaten datuen arabera, 2008an EAEn pobrezia erreala pairatzen zuten 90.678 biztanle zeuden, eta 2018an 132.432ra igo zen. COVID-19aren krisiak iraun bitartean sektore babesgabeen egoera arintzeko onartuko diren gobernu neurriek kolpea leuntzeko eta langileriaren haserrea denboran luzatzeko helburua dute. Estatuak ez dauka gaitasun ekonomiko nahikorik krisia hasi aurreko egoerara bueltatzeko, eta leherraldi ekonomikoa denbora kontua dela uste dugu.

Egoera politizatzea beharrezkoa da, eta horri erantzutera dator Gazte Koordinadora Sozialistaren salaketa kanpaina politikoa. Herritarrok informatuta egoteko dugun eskubidea berresten dugu, desinformazio, notizia sentsazionalisten eta izu orokorraren aurrean egia antolatzeko apustua gure eginez. Osasun arloari dagokionez, interes ekonomikoak alboratu eta kalitatezkoa, unibertsala eta doakoa izango den osasun sistema baten alde borrokatzeko unea dela uste dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.