Jon-Mirena Landa Gorostiza.

Salbuespen egoera

2016ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Parisen gertatutako atentatuaz geroztik ofizialki segurtasun-alarman bizi gara. Psikosia, atentatu bat sufritzearena, areagotu egin da, Frantzian ez ezik, Europa osoan ere. Ez dakit alerta-giro horrek ere Euskal Herriko gure gizartean indar berberaz eragiten duen baina inguruko lurraldeetatik halako alerta-mezuak etengabekoak dira, komunikabide tradizional zein gizarte-sareetatik behin eta berriro etorririkoak.

Jihadismoak, ordea, zaurgarritasuna handitu besterik ez du egin, jada abian zen prozesu estruktural baten barruan: alegia, segurtasunik eza erdigunean kokatzen duen gizarte postmodernoari dagokiona. Aspalditik Ulrich Beck soziologo alemanak inork baino hobeto jakin zuen deskribatzen, eta izena ematen, halako dinamika psiko-sozial kolektiboari: Risikogesellschaft (arrisku-gizarte), non eta arriskuz inguraturik eta hortaz jabeturik —obsesionaturik— bizi baikara.

Arrisku-iturriak anitzak dira: natur-fenomenoak (lurrikarak, sumendiak, uholdeak, gaixotasun kutsagarriak…) zein gizabanakoak nola edo hala sortutakoak (klima-aldaketa, pobrezia, guda, delitugintza arrunta, terrorismoa…). Baina horiek guztiek, iturriaren jatorria gorabehera, norabide bererantz bultzatzen dute: gure egunerokotasunean mehatxaturik sentitzearen alderantz. Eta horrek dakar, ondorio zuzen gisa, jendarteak gobernutara eta bestelako botere publikoetara jotzen duela babes bila.

Bigarrenik, azken berrehun urteetan, Ilustrazioz geroztik, Europako gizarte-eredua, Giza Eskubideetan oinarria jarri zuena, eta demokraziari lehentasuna eman ziona, esandako arrisku-gizartearen poderioz —jihadismoaren azkeneko mehatxua lagun—, galbiderantz doa. Horren sintomak ugari dira. Hala nola, barne-ministerioen protagonismo gero eta nabarmenagoa, gero eta presenteagoa. Dena da polizia. Dena konpontzen omen da polizia gehiagorekin. Parisko atentatuak eta gero polizia-unitate berezi berriak sortzea berehalaxe erabaki dute. Polizien operazioek betetzen dituzte komunikabideen eguneroko zeregina, egunkarietako izenburuak, irratietako solasaldien mamia, zinea... Nork esango zukeen duela 20 urte-edo kontu penalek denbora aurrera egin ahala, gizarte-komunikazioari hein handi batean bizkarrezurra emango lioketela?

Sakoneko aldaketa, aipatutakoaren azaleko arrastoen azpitik, zuzenbidean eta gizarte-kontrolaren ereduan islatzen ari da. Giza eskubideak, lehen, defentsa-eskubideak ziren, nolabait askatasun-esparruak Estatuaren botere aurrean defendatu beharrekoak. Erlijio-askatasuna, iritzi-askatasuna, ideologia-askatasuna, prentsa-askatasuna, etabar, jatorrizko zentzuan, Estatuaren esku-hartzea eragoztean zetzaten, hiritarrok geure autonomia aske eta libre garatzekotan. Orain, ordea, kontrola, gure esparru intimoetako kontrola baimentzeko prest omen gaude, Estatuak bermatzen bagaitu horren truke arrisku gabe biziko garela. Estatuarekiko mesfidantza konfiantza bilakatu da: areago, Estatuaren esku-hartzearekiko mesfidantzatik Estatuari esku hartzeko eskakizun sutsura pasatu gara. Gure eskubideei uko egiteko prest gaude segurtasunahitzematearen truke.

Hirugarrenik, salbuespen-egoera aipatu bilakaeraren azkeneko kapitulu bat —ez nolanahikoa— besterik ez da. Frantzian, jakina denez, salbuespen-egoera aldarrikatu dute eta horrekin batera hainbat eskubide eta funtsezko berme murriztu dituzte: hala nola, atxiloketa, komunikazio-kontrola eta etxe-miaketak «errazago» ahalbidetzea, alegia, poliziek askatasun handiagoz hori egin ahal izatea, epaile-kontrola ahulduz. Salbuespen-egoerak botere exekutiboari —gobernuari— are ahalmen gehiago ematen dio eta bereziki polizien eguneroko jarduera-gaitasunari, epaile-boterearen kaltetan. Hiru botereen banaketa ,teoria klasikotik, hortaz, botere legegilea gobernuak zanpatu ostean, benetako botere banaketa epaile eta exekutiboaren artekoa bilakatu da. Salbuespenezko egoerak borroka horretan zuzen-zuzenean gobernuaren alde eragiten du. Beste hitzetan: Estatu demokratikoen botere eta kontrabotereen orekari erasotzen zaio eta polizia-Estatuaren eredurantz beste urratsa, beste bulkada ematen da. Frantzian salbuespen-egoeraren aldarrikatze hori, gainera, Konstituziora eraman nahi dute, horren ondorioz ikaragarrizko polemika sortu delarik.

Espainiako Estatuan, ordea, salbuespen-egoera edo alarma-egoera kolektiboa ez ezik, funtsezko-eskubideen etete «indibiduala» 1978ko Konstituzioan jada txertatu zen (55.2 artikulua). Espainia izan zen, terrorismo kasuetan funtsezko eskubideak eteteko aukera indibiduala Konstituziora sartu zuen lehenengoa. Harrez geroztik (denok dakigu hori bereziki ondo Euskal Herrian) funtsezko eskubideak murrizteko logika hedatuz eta hedatuz joan da. Etete indibiduala omen zena, de facto, egitan, kolektibo bilakatu da. Areago: ETAren aurka borrokatzeko tresna salbuespenezko gisa sortu zena, bestelako delitu-esparruetara ere zabaldu egin da, demokrazia, barne-barnetik, ahulduz eta hainbat esparrutan edukiz husten. Pentsa dezagun, poliziaren inkomunikazioa, tortura, polizia-txostenei eman zaien perizial-izaera froga gisa, etabar. Salbuespenezkoa zena, azken buruan, normal bilakatu da eta gu guztion askatasun-esparruak murriztu egin dira.

Laugarrenik, ez dezagun iparra galdu. Ez dezagun ahaztu iragana. Segurtasuna bada duda barik zaindu beharreko balioa eta denok dugu horretarako eskubide gizalegezkoa. Baina ez da bidezidorrik, ez formula magikorik. Segurtasuna ez da lortuko beste eskubideak desagerraraziz. Ez da lortuko salbuespenezko egoeren bitartez. Hain erraza balitz! Normaltasuna-ren barruan segurtasuna lortu behar eta ahal da, beti ere demokraziaren borroka eta borroka polizial hutsa desberdintzen ahalegintzen bagara. Izan ere, normaltasunari uko egitea giza-eskubideen ereduari uko egitea baita, eta horrek historikoki abusu itzelak denon kalterako besterik ez ditu ekarri. Hori al da nahi duguna?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.