Sasi(hi)tzak garbitzea komeni ohi da

2021eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Karikaturak ez du hutsetik asmatzen, baina denen bistan dagoen hori du parodiatzen. Ikusi egin behar da 1874ko karikatura grafikoa, Espainiako prentsa satirikoan agertua: horra Lehen Errepublika, neska galant baten plantan, frigiar txanoa buruan eta aizkora eskuan, Gernikako arbola lurrera botatzen ari dela. Euskal Libertateak sinbolizatzen dituen haritzaren erroetan irakur daiteke, besteak beste, fanatismoa. Fanatismoa bera, gauza jakina, euskaraz mintzo omen zen, beste errepublika inbasibo haren arabera. Aizkolariaren ondoan, marrazki horretan berean badago beste pertsonaia karikatural bat: Manuel Gutierrez Concha jenerala, zerra baten itxuran, euskaldunen zuzenbidea txiki-txiki egiteko prest. Bikornioa, bota distiranta, eta baioneta aldean.

Aristokrata horrek suntsiketa-gerla agindu zuen, eta suntsiketa-gerla egin zuen Espainiako Errepublikaren izenean: bortxaketa masiboek, baserri-erreketek eta gisa orotako arpilatzeek adelatzen dute haren zerbitzu-orria, Euskal Herrian egin zuen pasaia laburrean. Genozida horren omenez hainbat kale eta monumentu dauzkagu, berak errotik deuseztatu nahi zuen Herrian. «Nafarroak gerla nahi du, eta gerla ukanen du, Espainiarekin bakean bizitzera behartuko duena». Gora Errepublika eta haren bortxakidetza!

Gutierrezen aitaren omenez —Argentinako askatzaileek fusilaturiko gobernadorea— Concha jenerala izenaz bataiatu zuten kanoi-ontzi kolonial bat, zeinak Puerto Ricora eta Arrifera jo baitzuen independentisten eskolatzera, eta, inperio dekadentearen karikatura, Al-Hozeimako kostaldean behea jo, eta bertan fin ukan zuen, seko kokaturik. Espainiarren 1931-36ko errepublikaz, berriz, ez da karikaturaren beharrik. Horretarako daude orduko presidente bi:

«Ez da nazio bakar bat baizik: Espainia! Zatiketara garamatzaketen kanpaina nazionalistarik (sic) onetsi baino lehen, nik bide eman niezaioke Francori» (Manuel Azaña Diaz).

«Agirrek eta jende horiek laurdenkatu behar baldin badute Espainia, nik Franco nahiago. Horrekin behinik behin adituko genuke elkar; guk edo gure ondorengoek» (Juan Negrin Lopez).

Espainiar faxistek gurago omen zuten Espainia Gorria, ezen ez eta Hautsia. Espainiar errepublikanoek, anartean, Espainia Hautsia barik… Espainia Faxista nahiago. Batzuek eta besteek, Espainia Inperiala.

Eta orain?

Frantziako Gobernua ez omen da nazionalista: haren balioak errepublikanoak dira. Hala, abstraktuan, galaxiartekoak balira bezala. Espainiak ere, badu bere totem-elea, jocker unibertsala, bere inperialismoaren kukutzeko zikin-estalkia: demokrazia.

Demokraziak (hala, absolutuak) garaitu omen du terrorismoa (hala, absoluziorik gabe).

Eta, karikaturaren karikatura, badira Errepublika Absolutu eta Galaxiartekoa jainkotzen duten espainiar progresista usteko batzuk ere, ubelean bildurik, noski. «Gaztelako kolore hori, Espainia Handiko nazionalitatearen zain nagusia baita» (1931ko lege-dekretua).

Ubelez ez ditugu bada ikusi Lapurdi, Nafarroa eta Zuberoako armarriak, Zazpiak Bat interbenituan, aurten behin? Zer, gero? Iparraldea bortxaz espainiartu? Zeren duda egiten baitut hemengo inork nahi ote duenentz espainulot bilakatu gogo onez...

Bururatzeko, horra azken karikatura bat, amatxi Mariari ikasia, Emakume Batzan zegoenekoa: «Espainiarrek irudikatu dute euren errepublika emazteki eder baten gisan... baina, honeraino bertaraturik eta, ez da, ez, hain plantakoa... hatsa bera ere gezur du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.