Komite Internazionalistetako kideok, 2024ko udan, Bakearen, Bizitzaren eta Lurraldean Mantentzearen aldeko Karabanan parte hartu genuen, hamarnaka erakunde kolonbiar eta internazionalistekin batera. Paramilitarismoaren gorakada itzela jaso eta salatzeko balio izan zuen horretan, Cauca departamenduko Cajibio udalerrian Coordinador Nacional Agrario (CNA) barruan antolaturiko nekazariek Smurfit-Westrock transnazionalari errekuperaturiko lurretan egon ginen. Baina zer dela eta oraingo aipamen berezi hau?
Lehenik eta behin, egun hauetan, martxoaren 6an eta 29an zehazki, bertako komunitateek eraso bortitza jasan dutelako: Kolonbiako armadaren tiroketengatik, bi nekazari larriki zaurituak izan dira.
Bigarrenik, Euskal Herriarekin lotura handia duelako. Izan ere, lur horien okupazioaren kontra eta, hortaz, nekazariak bertatik ihes egitearen alde egon daitekeen eragile interesatu nagusietako bat Euskal Herrian ehundaka enplegatu dituen Smurfit-Westrock transnazionala delako.
Hirugarrenik, gaur egungo gerrekin eta salaturiko paramilitarismoarekin batera, sistema kapitalistaren fase inperialistaren estrategien beste adibide argi bat delako.
Kolonbiako eta mundu osoko gaurkotasunarekin eta bizi dugun sistemarekin duen loturagatik, Smurfit-Westrock transnazionalaren kasu paradigmatikoa aztertu nahi izan dugu.
Smurfit-Westrock Kolonbian
Transnazional honek 50 urte daramatza Cajibioko basoetan bere megaproiektua garatzen, eta, horretarako, hektareak eta hektareak bete dituzte eukalipto eta pinu monolaborantzaz. Horrela, nekazaritzako komunitateak eta laboreak lekualdatu dituzte, eta lurralde horietan bizimodu duina izatea erabat zaildu. Cajibio nekazaritzako eta abeltzaintzako udalerria izan da beti, eta gaur egun ez dago horretarako lurrik. Izan ere, Smurfit-Westrock enpresak ditu lur gehienak, erosiak edo errentan.
Horrela, bada, konpainiak gizarte zatiketa bultzatu du komunitateen artean. Are gehiago, liderrak jazarriak eta erailak izan dira konpainiarekiko gaitzespena adierazteagatik. Smurfit-Westrockek mozkina ateratzeko prozesu hau guztia narkoparamilitarismoaren terrore politikak erraztutako prozesua ere bada, harreman sozialak, politikoak eta ekonomikoak antolatu eta arautzen dituena, eta, hala, gizarte ehuna desartikulatu. Izan ere, 2016an abiatutako bake prozesuaz geroztik, Kolonbian gatazka armatua berrantolatu egin da, eta paramilitarismoa izugarri hedatu, parte hartu genuen karabanan salatu bezala. Gertakari horiek direla eta, estraktibismoaren jarraipena eta gizarte mugimenduen antolaketa ahuldu dira, Cajibioko Smurfit-Westrock multinazionalaren kasuan gertatzen ari den bezala.
Egoera honen aurrean tokiko komunitateek eta nekazariek Smurfit Westrock salatu dute eta honek ustiatutako lurrak bereganatzeko borrokan ari dira. Monolaborantza ezarri ordez, pribatizatutako eta ustiatutako lurretan lurzorua biziberritzea dute helburu. Hala ere, lurrak berreskuratzen ari diren horien aurkako jazarpenak etengabe dirau, baita indar polizialen eta armadaren eskutik ere. Horren adibide izan da martxoan gertaturikoa, non armadak bi nekazari tiroz zauritu zituen.
Smurfit-Westrock Euskal Herrian
Smurfit-Westrock enbalaje trasnazionala Irlandako Smurfit Kappa eta AEBtako Westrock transnazionalen fusioaren ondoren eratutako transnazional erraldoia da. Gaur egun, munduko enbalaje enpresa handiena da; izan ere, fusionaturiko biak baziren lehendik beste hainbat enpresen fusio, lehendik ere munduko enbalaje transnazionalik handienetakoak izanik: Westrock munduko handienetan bigarrena zen eta Smurfit Kappa, laugarrena (https://www.elitecustomboxes.com/blog/packaging-companies/).
Egun, 100.000 langile baino gehiago dituen transnazional honek milaka milioi dolarreko ondarea du. Haren CEO edo zuzendari exekutiboa Anthony Smurfit da, Europar Batasunean lobby bezala funtzionatzen duen Industriaren Europako Mahai-inguruaren kide dena. Transnazional honek ehundaka fabrika ditu mundu osoko 40 herrialdetan baino gehiagotan zehar banatuta. Euskal Herrian, adibidez, lau planta ditu: Iurretan, Zangozan, Cordovillan eta Agoitzen. Azken datuen arabera, 800 langiletik gora ditu lau fabrika hauetan eta milioika euroko irabaziak izan ditu.
Smurfit-Westrock eta kapitalismoaren fase inperialista
Aipaturiko transnazional hau, gaur egungo gerrekin eta salaturiko paramilitarismoarekin batera, sistema kapitalistaren fase inperialistaren estrategien beste adibide paradigmatiko bat da: kapitalismo monopolista etengabe indartzen duen lanaren banaketa internazionalean oinarritzen den estraktibismoarena. Honen bitartez, Iparralde globaleko korporazioek, globalizazioaren izenean, Hegoalde globaleko lehengaiak ustiatu eta bertako komunitateak esplotatuak izatera edota lekualdatzera behartzen dituzte, eta, hala, desposesio bidezko metatze prozesu basatia bermatu.
Kolonbiako eta mundu osoko gaurkotasunarekin eta bizi dugun sistemarekin duen loturagatik, Smurfit-Westrock transnazionalaren jokabide kriminala salatu nahi dugu, eta baita armada nazionalaren konplizitatea ere.
Eta bukatzeko, komunitateek beren lurraldean bizi baldintza duinetan geratzeko eta autonomikoki bizitzeko duten eskubidea behin eta berriz aldarrikatu nahi dugu.
Oharra: Artikulu hau OMAL eta REDHER erakundeek ere izenpetzen dute.