'Soilik bai da bai' legea eta punitibismoa

2023ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Aste honetan, lagun batek Soilik bai da bai legearen inguruan piztu den eztabaidari buruzko bere zalantzak aurkeztu zizkidan, larritasun handiz. Ez zen gertatzen ari zena ulertzeko gai. Telebista pizten zuen bakoitzean, ehunka, milaka, bortxatzaile kalera irteten ari zirela eta izuak hartu behar gintuela sentitzen zuen. Baina, aldi berean, ikuspuntua aldatu eta eskuineko markoetatik aldentzen saiatzen zen bakoitzean, ezinezkoa egiten zitzaion legearen zuzenketaren harira ezkerrean ematen ari den ika-mika ulertzea. Alde batetik, eztabaida hitz teknikoez bete delako, zuzenbidea ikasi ez duenarentzat ulertezina bihurtzeraino, eta bestetik, eztabaida Bortxatzaileak kalera eta Manadaren kode penala itzuliko da lerroburu handietan oinarritzen dela dirudielako, inongo ñabardurarik gabe.

Sexu Askatasuna Bermatzeko Legeak aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu, bai arlo legegileari dagokionez, baita sozialari, sinbolikoari eta kulturalari ere. Esate baterako, eta beste neurri askoren artean, legeak auzitegi frogak hartzeko prozedura aldatzen du, sexu-hezkuntzari eta berdintasunari buruzko prestakuntza-programak nahitaezko bihurtzen ditu sexu-askatasunarekin lotutako delituengatiko epai guztietan, 24 orduko krisi zentroak sortzen ditu, eremu digitalean ematen diren sexu-indarkeria mota berriak jasotzen ditu, baita kaleko jazarpena edo sumisio kimikoa ere. Eta orokorrean, berariazko baimenaren ezinbestekotasuna ezartzen du lehenengo aldiz. Emakumeak objektu izatetik erabakiak hartzen dituzten subjektuak izatera pasa dira arauarekin. Argi dago lehenengo urratsa besterik ez dela, pauso gehiago eman behar direla oraindik, adibidez, emakume migranteen errealitateari heltzeko edo onespenaren eredutik desioaren eredura aurrera egiteko. Baina, edonola, testu honen garrantzia ukaezina da: Soilik bai da bai legeak paradigma aldaketa ekarri du, eta hori mugimendu feministaren garaipena izan da. Tamalez, foku guztia zigor kodearen aldaketan eta zigorren urte kopuruan jarri da bakarrik.

Eskuinak bortxatzaileei ezarritako kondena beherapenei buruzko eztabaida piztu zuenetik, bereziki kezkatzen nauten bi gauza antzeman ditut. Jurista ez naizenez, delitu tipoen eta larrigarrien diskusio juridikoan ez naiz sartuko; dena den, gertatzen ari denaren ondorio politikoei heltzea ere garrantzitsua da.

Lehenengoari dagokionez, legeak berak eta Berdintasun Ministerioak pairatu dute bereziki: zilegitasunaren galera. Hasiera batean emakumeen eta mugimendu feministaren konkista zena, orain zalantzan jartzen ari da. Eta hori zen, hasieratik, eskuinak zuen helburua zigorren gaia atera zuenean. Gobernuak (PSOEk zehazki) marko hori erosi zuen momentutik, legea eta Berdintasun Ministerioa abandonatu ditu, eta horren higaduraren konplize bihurtu da. Irtenbide bakarra, behin puntu honetara iritsita, Esquerrak eta EH Bilduk proposatutakoa da. Hau da, autozuzenketa baterako akordioa, gobernuarena, ez alderdi batena soilik. Horrek bakarrik bueltatu baitiezaioke galdutako zilegitasuna legeari, gobernuaren kide diren parlamentuko alderdiak orain pairatzen ari diren egoera deserosotik ateratzeaz gain.

Lehenengo ondorioari konponbidea ematea geroz eta zailagoa da, beraz; baina are zailagoa izango da bigarrenari heltzea: eztabaida ezarri den marko punitibistatik ateratzea. Arestian esan bezala, legeak dozenaka neurri berritzaile ezartzen ditu eta paradigma aldaketa dakar; aldiz, instalatu den eta guztiek (eskuinak eta ezkerrak) bereganatu duten diskurtso-esparrua guztiz atzerakoia da. Bat-batean, badirudi alderdi eta iritzi emaile guztiei zentzuzkoa iruditzen zaiela delitugileek zenbat eta urte gehiago eman kartzelan, orduan eta hobe dela pentsatzea. Noiztik ziurtatzen du birgizarteratzea urte gehiagoz preso egoteak? Kartzela hilabete gehigarriek bermatzen al diote erreparazioa biktimari? Zein dira uste horiek frogatzen dituzten datuak? Dirudienez, askok ahaztu egin dute gure espetxe-sistemaren helburua ez dela mendekua, baizik eta zigorrak proportzionalak izan behar direla eta delitua egin duena birgizarteratzea izan behar duela beti azken muga.

Zigorrei buruzko liskarrean murgiltzean, Estatuko gobernuak aukera galdu du emakumeen bizitza betiko (eta onerako) aldatuko duen legea harrotasunez defendatzeko, eta, bitartean, demokrazia heldu batek izan beharko lukeen eztabaida baino, plaza publikoko lintxamenduen garaian ematen zen diskurtso zitala sustatu du. Aldi berean, PSOEk, legeari egindako bere zuzenketa alde bakarretik erregistratzean (legea gobernu osoak diseinatu ez balu bezala!), lehia honekin oso eroso sentitzen den eskuina (eta ultraeskuina) bultzatu du.

Orain, eskuineko markoetatik ihes eginez akordioa lortzea eta legea zuzentzea beste erremediorik ez dago, eta ez da lan erraza izango. Bitartean, laguna eta biok hau guztia ulertzen saiatuko gara, nahiz eta ez litzaigukeen gaizki etorriko zuzenbide fakultatean urte pare bat ikasi izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.