'Sols el poble salva al poble'

2017ko urriaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«No et limites a contemplar aquestes hores que ara vénen. Baixa al carrer i participa. No podrán res davant d´un poble unit, alegre i combatiu», V.A. Estellés.

Kop taldearen abesti bat da izenburua, eta Obrint Pas taldearen La Flama abestian entzun nuen lehen aldiz Estellésen olerki zatia. Biak ala biak Herrialde Katalanetako musika taldeak. Izan ere, gaztetatik sentitu izan dut Kataluniarekiko interes eta aprezio handia eta bertako musikarekiko zaletasuna.

Eta hala, abestien letren bidez ere, gertutik jarraitu izan dut hango egoera politikoan gertatu izan dena. Are gehiago orain, egoera hain pil-pilean dagoenean, eta titular zein foku guztiak hara begira.

Horrela, jakina da boterearen menpeko Espainiako komunikabideak zein mezu (eta gezur) ematen ari diren, eta zein asmorekin. Baina gertuagoko hainbat mediotan edota kalean bertan entzuten ari naizen hainbat komentario ez zaizkit zuzenak iruditu, nahasmena eragin eta benetan gertatzen ari dena desitxuratu dezaketelako. Horien arabera, Katalunian egun dagoen tentsioaren, gatazkaren erantzule Rajoy (PP alderdia) eta Puigdemont (Generalitatea) dira, biak maila berean. Eta bi politikarien (edo alderdien) arteko talka hutsa da arazoaren funtsa, bata zein bestea gizartea txotxongilo bat bailitzan erabiltzen ari direlako.

Errealitatetik ezin urrunago. Izan ere, Kataluniako kasuan zerbait nabarmena badago, hori gizarteak izan duen protagonismoa eta presentzia izan da. Herriak abiarazi, sustengatu eta bultzatu duelako prozesua, gizarte zibileko hainbat erakunderen (ANC, Omnium...) bidez. Herritarrak izan dira oinarria, motorra, norabidea markatu dutenak, ondoren politikariak mugiaraziz. Eta ez alderantziz. Eta hauxe da, hain juxtu, ematen ari diren irakasgai nagusienetako bat: alderdien eta gobernuen zain egon gabe, gizartea mugituz eta bide baketsuetan oinarrituz, gauzak aldatzea posible dela.

Horren aurrean, Espainiako estatuak bere benetako aurpegia erakutsi du, geratzen zitzaion maskara txikia kenduta, den bezalakoa agertuz. Lotsa oroz biluzita, mundu osoaren aurrean. Hitz egiteko eta konponbiderako inolako asmorik gabe, argudioen faltan, mehatxu, debeku, harrokeria eta indarkeriarekin erantzun du. Erregimen totalitarioen eta antzinako kolonizatzaileen ohiko jarrerak jarraituz. Diktadurako itzal luzeak oraindik presente jarraitzen duela erakutsiz. Faxismoarekin eten ezin betierekoa. Urriaren 1eko erreferendumean ageriko geratu zen hori dena. Bozkatzeko asmoz, ilusio osoz, kalera irten ziren milioika herritarren aurrean, Erdoganek Turkian erabili ohi dituen taktiken apologia eginez erantzun zuen Espainiak, 900 zauritu eta lotsa sentiarazten duten irudiak eraginez.

Ordutik hona gertatu denak ere ildo berdinean jarraitu du: epaiketak, atxiloketak, 155. artikuluaren ezarpena, prentsaren manipulazioa, hitz egin eta negoziaketarako borondaterik eza...

Eta horren erru guztia ezin zaio PP alderdiari soilik egotzi, estatuko gainontzeko alderdi nagusi ia denak eta komunikabide zein pertsonaia publiko gehienak ere jokabide horren defentsan atera baitira. Legediaren zein (batzuetan) mugi ezina den Konstituzioaren aurka egitea egozten diote Kataluniako herriari. Krimen larria. Ez dute onartu nahi gizartearen borondateak moldatzen dituela legeak, eta ez alderantziz. Ezin dute ulertu norbaitek Espainiako estatuaren baitan jarraitu nahi ez izatea. Baina zer eskaintzen du Espainiak? Korrupzio kasuak, bankuen erreskateak diru publikoarekin, etxe desjabetzeak, monarkia, langileen eskubideen urraketak, black txartelak, Mozal legea, frankismo garaiko auzitegiak, alderdi politikoen B kontabilitateak, herritarrei zergak igo eta multinazionalei jaisten dizkieten politika fiskalak...

Guk ere, euskal herritar gisa, benetan nahi al dugu halako estatu baten parte izan? Badakigu zein den Espainiaren eskaintza, eta ezin dugu eurengandik besterik espero. Unea iritsiz gero, Mediterraneoan erabiltzen ari diren errezeta berbera erabiliko baitute Kantauri aldean ere. Eta, ondorioz, altura hauetan, ikusi duguna ikusita, Espainiarekiko paktuez edota harreman bilateralez hitz egitea errealitatetik oso urrundua eta ezinezkoaren pareko zerbait iruditzen zait...

Katalunia badoa. Bere bidea egiteko unea iritsi dela ikusi eta erabaki du. Denbora kontu soila da. Inadaptats taldearen abesti batek Canviarem la historia zioen. Eta une honetan horretantxe dihardute. Bide batez, duintasun eta koherentzia eredu txalogarria eskainiz gainontzekooi.

Baina, hona bueltatuz, zer nahi dugu guk? Herri gisa gure biziraupena eta etorkizuna ditugu jokoan. Gu mugitu ezean, alabaina, alderdiak eta gobernuak nekez mugituko dira. Ezin gara besteen zain egon, guk esnatu eta mugitu behar dugu. Katalunian bezala, Euskal Herrian ere herriak bakarrik salba dezakeelako herria.

«Ez dago unea iritsi zaion ideia bat geldiarazi, garaitu dezakeen armadarik». Victor Hugo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.